Elkarri lotuak, batean bilduak baina bi izen eta bi izan. Amasa landagunea bata, Villabona herrigunea bestea, elkarrekin osatzen dute Amasa-Villabona udalerria. Antzinako hariak iritsi dira gaurdaino, mendeetan zehar desberdin harilkatuak izan diren arren. Antza, Amasa izan baitzen Villabonaren sorburua. Sokari segika bi muturrak lotuko ditugu, berde koloreko paisaietan ibilbidea eginez.
Villabonan emango ditugu lehenengo urratsak. Donostiatik hogei kilometrora dagoen Tolosaldeako txoko honetara iristeko, N-1 errepidea edo tren eta autobus zerbitzuak ditugu eskura. Villabonako parrokia izango da abiapuntua, kolore horixkako kanpandorrea aurkitzeko ez dago galbiderik. Goiko aldean ordularia ohi bezala bost minutu atzeraturik, beti arrastaka ibiltzen direnen salbazio. Urrutira joan gabe, parez pare Subijana etxea ikusiko dugu. XIX. mendean Villabonak bizi izan zuen garapen industrialaren adierazlea da. Izan ere, Subijana y Cía ehungintza lantegiaren bulegoak eta nagusien etxebizitza izan zen eraikina ia ehun urtez. Bertan josi omen zituzten Hego Euskal Herrian lehen aldiz ikurrinak. Berriki, etxea galtzera ez uzteko Udalak eraberritu eta euskal kulturaren eta batez ere bertsolaritzaren garapena lantzeko gune bihurtu da.
Ezkerrerantz, kalean behera eginez, Larrea eta Arroa auzoetarantz joko dugu.70eko hamarkadan errepidearen obrak hasi eta herriaren hazkundearen ondorioz inguruak bizilagunez betetzen joan zirelako sortu zen auzunea.Ordura arte, mihise aurrean pintzelarekin maisu lanak egiten zituen ilegorri baten erreinua zen ingurua. Lasaitasun horretan nagusitzen zen Etxeondo jauretxea, 30 urte luzez Bixente Ameztoiren bizitoki eta inspirazio iturri izan zena.
Ingurua aldatu bada ere, antzinako edertasunez zelatatzen ditu bisitariak Etxeondok. Eraikinak jauretxe kutsu hura mantentzen du, Libanoko zedroak etxeko sarreran ongietorria ematen jarraitzen duelarik. Etxeondotik abiatu eta Amasa alderantz, egunero egiten omen zuen bueltaxka Ameztoik. Bere oinatzei segika, ezkerrerantz hartu eta Aranerrekara garamatzan bidetik aurrera egingo dugu.
Klorofila koloreari segika, hurritzez jositako parajeetan barneratuko gara, Ameztoiren koadro batean sartzen joango bagina bezala. Bidean baserri dotoreak ere topatuko ditugu. Musturi Azpi esaterako. Diotenez, San Martin elizan sobratu ziren harriekin egin zuten. Nabarmentzekoak ditu arkuak, leiho dotoreak eta ataripea. Hurrengo bidegurutzean, ezkerrera ateratzen den bidetik igo eta Mikeligartza baserriaren alboko harraska ondoko iturrian ura edateko probestuko dugu.
Amasako errepidean barna, Komizar atsedenlekura iritsiko gara. Eguraldi ona egiten duenerako kontuan hartu beharreko txokoa da, zelai zabalek eta zuhaitzen gerizpean jarrita dauden mahaiek egun pasa ederra egiteko txoko apropos bihurtzen baitute. Gero, pinudi batetik jarraitu, bidegurutzean ezkerrera jo eta Mandabietara iritsiko gara. Orain arte egindako bidea PR-GI 120 izenez seinalatua da, lerro zuri-horien bidez marraztua. Gune horretan PR-GI 118arekin topo egingo dugu. Zuhaitzetan edo harkaitzetan egindako marra xumeak dirudite, baina lan handia eskatzen dute. Herriko Aizkardi Mendi taldearen konpromisoaren ondorioz, lortu dute ibilbide horien izendapenak mantentzea.
Hortik Lasturrera jaitsiko gara eta aurreraxeago autobidearen gainetik pasatu ondotik, baserriak izango ditugu begi aurrean: Borda behekoa, Arrieta eta Kalatas. Denbora laburrean, hasierako puntura helduko gara. Pista asfaltatuari jarraituz Villabonako plazaranzko bidea hartuko dugu eta zorte apur batekin pilotakaden oihartzunak adituko ditugu, ikuskizun eder bat iragarriz.
Hego Euskal Herrian, errebotean jokatzen den plaza bakarrenetarikoa da Villabonakoa. Euskaldunok jokatu ohi ditugun pilota-joko guztien artetik zaharrenetakoa. Villabonan joko honek izan duen sonaren adierazle da herriko plazari Errebote Plaza deitzea. Jokalari ezagunen harrobi, herrian ongi errotutako tradizioa izan da betidanik. Gaur egun, Behar Zana elkartea ari da ohiturari eutsi nahian, heldu eta gazteekin lanean. Larunbat arratsaldeetan jokatzen dituzte partidak, arratsaldeko lauretatik aurrera; data zehatzik ezin esan ordea, denboraldia hasi eta pixkanaka partidak zehazten joaten direlako. Handia da elkarteak egiten duen lana, eta argia helburua: ez lukete Villabonako plazaren izena esanahi gabeko bihurtzea nahi.
Soka bakarra, zenbaitetan korapilatua, besteetan lasaitua... itxuraz ikusezina, baina mendeetan irautea lortu duena. Biak beharrezkoak; sokarik ez baitago bi mutur gabe.