AgriProtein enpresa hegoafrikarrak 100.000 dolarreko saria jaso du, Afrikan NBEk sustatutako 900 proiekturen artean berarena izan baita irabazlea.
Munduko leku askotan jaten dira intsektuak, baina kasu honetan animalien elikadura izan da kontuan hartu dena. Enpresako ikertzaileek zortzi milioi euli emeren bitartez lortzen dute animalientzako elikagaia. Nola?
Euliek jarritako arrautzak bildu eta hainbat elikagai-soberakinen gainean antolatutako oinarrian kokatzen dira. Elikagai-soberakinak supermerkatuetako hondakinak, animalien barrengoak, odola eta abar dira; oinarri hori ekosistema ezin hobea da arrautzak azkar bihurtzeko larba, eta haien gose aseezinari aurre egiteko. Arrautza kilo bat, 72 ordutan, 180 kilo larba bilakatzen da.
Larbak bildu, lehortu eta xehatu egiten dira. Ondoren lortzen den produktuak arto-krispetaren antza du, eta osagaietan animalien elikaduran erabiltzen den arrain-irinaren oso antzekoa da.