Batzuek Nobel Sari berdeak deitzen dieten Goldman Environmental Prize-etako bat 2013ko edizioan eman diote Rossano Ercolini italiarrari. Capannori (Lucca, Toskana) herrian sortutako eskolako maisu hau da Italia osoan hedatu den Rifiuti Zero mugimenduaren ikonoa eta Europako Zero Zabor mugimenduaren presidentea.
Bi italiar izan ziren Hernani, Oiartzun, Usurbil eta Urnietan 2010eko apirilean, bi hautetsi katalanekin batera, eskualdeko Zero Zabor taldeek ekarririk Atez Ateko hondakin bilketa, Zero Zaborrerako bidean jardunaldietara. Asteotan Gipuzkoa osoa astintzen duen zalaparta Hernanin zegoen zentratua egun haietan, urte bete lehenago Usurbilen baino are gogorrago.
Ez Cavallo eta ez Ercolini ez ziren larregi asaldatu polemikarekin. “Italian ikusi ditugun liskarren ondoan hau batere ez da” zioen Cavallok. Ercolini zergatik ez zen larritzen hobeto ulertuko da BBC katearen gunean Italy waste campaigner wins 2013 Goldman Prize (Italiako zaborren kontrako militanteak irabazi du 2013ko Goldman Saria) leiturik: “Rossano Ercolinik konbentzitu zuen Napoli, aspaldiko zabor krisian harrapatutako hiria, zero zabor helburuak har ditzan”. Napoli, kamorraren hiria, telebistetan erakutsi zaiguna zabor mendiz beteta, hondakinak sutan kaleetan...
BBCk azpimarratu duenez, “Ercolinik zioen: ‘Munduan jendea hiltzen ari da janari faltagatik, eta bitartean munduaren beste erdiak gehiegi alferrik galtzen du’. 2011n Ercolini jaunak lortu zuen bere kanpainarik arrakastatsuena, Napoliko alkateak sinatu zuenean zero zabor estrategia bereganatuko zuela. Ia milioi bat biztanleko hiria hondakinen kudeaketa arazoek itota zeukaten 1990ean; badira informeak erakusten dutenak Mafia sartuta zegoela arazo horretan”.
Krisiaren erdian zaborrak erretzera Holandara bidaltzen ari zen hiri hura birziklatzearen bidetik sartzea lortu zuen gizona 2012an mintzatu zen Donostiako Aiete jauregian, Zero Waste Europe koordinadorak Gipuzkoan egindako biltzarraren barruan. Orain Goldman saria eman diote hitzaldietan jakintsu bezain harremanetan xalo eta bero azaltzen den militanteari.
Rossano Ercolini Capannori (42.800 biztanle) hiriko lehen mailako haurrekin ari zen eskolan 1994an, agintariek ezagutarazi zutenean errauste planta bat eraikitzera zihoazela bi kilometro urrunago. Ordurako ikasleekin ingurumen gaiak latzen zituen Ercolini, buru-belarri sartu zen errauskailuaren kontrako ekintzetan, funtsean hautu horrek osasunari, ingurumenari eta justizia sozialari dakarzkion kalteak salatuz.
Ercolinik aitortzen duenez, 1996an egin zuten berak eta bere ingurukoek jauzia, “errausketarik ez” gaindituta “zero zabor bai” aldarrikatzeko. Zero Waste formula AEBetan oso zabaldurik zegoen jadanik eta batez ere Paul Connet irakaslearen irakaspenen oihartzunak heltzen ziren Europako minoria batzuenganaino. 1996an Lucca probintzian eraiki nahi zituzten hiru errauskailuen kontrako kanpainan Connet bertara eramatea lortu zuten.
Bilkura eta eztabaida haietatik sortuko zen Ambiente e Futuro elkartea, hondakinen kudeaketaren inguruko gatazketan Italiako erreferente bilakatu dena. Euskal Herrian Ercolini lehenbizikoz azaldu zen 2007an, Txingudiko errauskailuaren kontrako mugimenduak antolaturik mundu mailako GAIA koordinadorak biltzarra Hondarribian egin zuenean.
Goldman Environmental Prize sariek daramate Richard eta Rhoda Goldman senar-emazteen izena. Senarra ere diruduna izanagatik, ezkongabetan Haas abizena zeraman Rhoda zen bietan aberatsa, Levi-Strauss arropa marka famatuaren sortzailearen bilobaren biloba izaki. Bien artean 1954an sortu zuten Richard and Rhoda Goldman Fund erakunde filantropikoa, Wikipediaren arabera 600 milioi dolarretik goiti banatu dituena munduko hainbat GKE eta talderen artean.
1990etik urtero mundu osoan ingurumen gaietan ari diren hainbat pertsonalitateren aholkuz izendatzen dira Goldman ingurumen sariak, irabazle bakoitzari 150.000 dolar eskuratzen dizkiona.
Aurtengoan Ercolinirekin batera sariztatuak izan dira Hego Afrikan fracking teknikaz gasa ateratzearen kontrako borrokan ari den Jonathan Deal, Iraken Saddam Husseinek lehortarazitako padurak berreskuratzera sorterrira itzuli den Azam Alwash, Indonesian oihanak salbatzeko borroka baketsuan ari den Aleta Baun, Chicagon ikatzezko bi zentral termiko ixtea lortu dutenen ordezkari Kimberly Wasserman eta Kolonbian birziklatzetik bizi diren zabor biltzaileen defentsan ari den Nohra Padilla.
Hezurretaraino irakasle, Ercolinik 20 urte daramatza zabor zorro batean datzan mundu ezkutua azaleratzen. Zabor poltsak eraman, erakutsi eta aztertu ditu eskoletan, udal bilkuretan, herritarren bilkuretan, komunikabideetan. Errausteak alternatiba badaukala azaldu die umeei, agintariei eta apaizei.
Monza hirian 1980ko hamarkadan hasirik Italian atez ateko bilketa lehendik bazetorren ere, Capannorik hondakinen kudeaketa berria beste maila batera jaso zuen, Rifiuti Zero estrategia bereganatu eta zabalduta. Dagoenekoz 2.230.000 biztanle biltzen dituzten 72 udalerrik onartu dute zero zabor estrategia beren politiketan.
Orain Italia osoari begirako kanpainan ari dira. Legge Rifiuti Zero ekimenarekin 100.000 sinadura biltzeko –Italian 50.000 aski dira– Erromako parlamentuak legea eztabaidatu dezan.
26 atalez osatutako lege oso bat garatu dute, Internetez eskuratu daitekeena. Artikuluetan proposatzen dira gaikako bilketa orokortzea, hondakinak errausteko proiektu guztien moratoria, errausketarentzako prima eta laguntzak oro ezabatzea, hondakinak esportatzeko debekua, errauskailuen eskoriak merkaturatzeko debekua, zerga eta tarifen berrantolaketa orokorra, eta abar luzea.
Herritarrek nork bere etxean egin duen errutina aldaketatik abiatu den arren, zero zabor ereduan ezin da aitzinatu kontsumogaien sortzaileek beren jarduera aldatzen ez badute. Industriak oraindik egunero merkaturatzen baititu ez berrerabili eta ez birziklatu ezin diren gaiak. Capannoriko herriak abian jarri duen Centro di Ricerca e Riprogettazion zentro txikiak ikertzen du nola hobetu edo saihestu errefusaren osagai gehienak.
Capannoritik zabaldu da, esaterako, Europa osora Nexpresso motako kapsula birziklagaitzen inguruko eztabaida... eta kapsula alternatiboak sortu ere bai, noizbait Euskal Herrira iritsiko direnak.
Bizimodu aszetikoa daraman Rossano Ercoliniri ondo etorriko zaizkio sariaren txanponak. Seguru, beste sarituekin batera egin bisitan, Barack Obama presidenteari ere zaborrez zerbait berri irakatsi diola.
L'Ajuntament de Donostia-Sant Sebastià va anunciar en el ple del passat dijous que augmentarà la taxa d'escombraries un 26,5% a partir de gener de 2025, al·legant que la Llei 7/2022 de Residus obliga a això. Eguzki, per part seva, ha denunciat que la llei només s'aplica en... [+]
Agost és el mes de les vacances per a moltes persones, incloses les que governen. I, no obstant això, és habitual aprofitar el mes d'agost per a tractar alguns temes sense molt de soroll, encara que de gran importància.
És el que està succeint amb el projecte de... [+]