“Benito Lertxundi kantatuz” egitasmoaren kontzertu bereziena Tolosan eskainiko du Et Incarnatus orkestrak lau haur abesbatzarekin batera, datorren apirilaren 26an. Iparraldeko eta Hegoaldeko 200 haur baino gehiago arituko dira kantari, orkestraren babesaz, KMK 13 egitarauaren barruan.
Frantses hiztun elebakarrak euskararekin eta Hego Euskal Herriko haur euskaldunekin harremanetan jartzea da proiektu honen helburua. Ekimena Iparraldeko eskola publikoetako bi musika irakaslek sortu zuten: Baigorrin eta Donibane Garazin ari den Denise Olhagaray dugu bat eta Hendaian ari den Jose Antonio San Miguel bestea. Musika ikasgaiaren barruan, ikasleek kontzertu bat eskaintzen dute urtero, normalean modako abestiekin, baina azken urteotan Olhagarayk eta San Miguelek euskal musikan oinarritu dituzte kontzertu horiek.
Besteak beste, Mikel Laboa eta Itoiz izan zituzten gogoan. Aurtengoan Benito Lertxundiren abestiak lantzea pentsatu zuten eta Migel Zeberio Et Incarnatuseko zuzendariarekin jarri ziren harremanetan. “Interesgarria iruditu zitzaigun –azaldu digu Zeberiok– eta hiru urte daramatzagu honetan murgilduta, oso gustura”. Iazko udaberrian egin zituzten lehen emanaldiak, Hendaian eta Baigorrin. Geroztik, proiektua aurrera eraman ahal izateko Euskadi-Akitaniako partzuergoaren diru-laguntza eskuratu zuten. Horri esker, hain zuzen, emanaldi gehiago eskaintzeko aukera zabaldu zaie: Tolosan apirilaren 26an, Zegaman apirilaren 27an, Agurainen maiatzaren 25ean eta Gasteizen maiatzaren 26an.
Zeberiok dioskunez, “Tolosako kontzertua izango da guztietan bereziena, Iparraldeko haur kantariekin batera Hegoaldeko beste hiru haur abesbatza ariko direlako. Emanaldiak egingo diren herrietako haur abesbatza guztiak gonbidatu nahi izan ditugu Tolosako saiora, elkarrekin aritzeko, elkar ezagutzeko. Besteetan herriko taldea bakarrik ariko da gurekin eta Iparraldeko haurrekin”.
Donibane Garaziko La Citadelle, Baigorriko Jean Pujo, Hendaiako Irandatz, Zegamako Orkatz txiki, Gasteizko Crescendo eta Tolosako Laskorain ikastolako Lask abesbatzak izango dira partaideak.
Tolosan izango da aurten Kilometroak festa eta “Ahora!” leloa aukeratu du Laskorain Ikastolak. “Gure helburua euskararen erabilera bultzatzea da eta emanaldi hau helburu horrekin ondo lotzen zela ikusten genuelako erabaki genuen gure egitarauan sartzea. Iparraldeko eskola publikoetan euskaraz hitzik ere ez dute egiten eta proiektu honi esker haur horiek euskara hurbilago sentituko dute. Gainera zenbait herrialdetako partaideak ere izango dira Tolosako emanaldian. Gure festaren oihartzuna leku guztietara zabaltzea nahiko genuke”, adierazi du Unai Igartua KMK 13ko koordinatzaileak.
Errepertorioa, Benito Lertxundiren kanta ezagunenetakoen moldaketek osatuko dute, hamaika guztira, belaunaldi ezberdinentzako kanta kuttun horietakoak, kanta herrikoiak eta jada euskal kultur ondarearen zati direnak. Horregatik aukeratu dituzte horiek, Hendaiako, Baigorriko eta Donibane Garaziko haurrek kanta ditzaten. Moldaketa berriak Jose Antonio San Miguelek egin zituen, harizko orkestrarako eta haur korurako bereziki. “Ipar Euskal Herrian, batez ere barrualdean, Behe Nafarroan eta baserri giroan, kantatzeko ohitura ez dute galdu eta hori oso nabari zaie haurrei. Kanturako berezko dohaia dute. Nahiz eta musika formazio berezirik ez izan, eskola arruntekoa besterik, musika eskolan edo abesbatzan ikasi ez duten horiek ikuslegoa harrituta utziko dute. Bakarlarien ahotsek txunditu egingo dituzte”, azaldu du orkestra zuzendariak.
Hegoaldeko haurrek ere orkestra profesional batekin kantatzeko aukera izango dute, oso okasio gutxitan bezala. Zeberiok nabarmendu nahi izan duenez, “Euskadi-Akitania partzuergoaren laguntzari esker izan da posible”. KMK 13ren ikastola antolatzaileko abesbatza, Lask, bertan izango da. “Guretzat ez da berria orkestra honekin aritzea. Zuzendaria tolosarra da eta elkarlanean aritu izan gara bi alditan: Erkki Pohjola musikari finlandiarraren omenaldian eta Eñaut Elorrieta, Amaren Alabak eta Baigorriko gaitariekin egin genuen saio berezian. Luxua da, eta haurrentzat oso motibagarria, horrelako orkestra batekin kantatu ahal izatea”, azaldu digu Naiara Mintegia Lask abesbatzako zuzendariak.
Duela gutxi Iñaki Epelde margolaria hil zen, Et Incarnatus oskestraren kolaboratzaile finenetakoa. Zuzendariak ez du aipatu gabe utzi nahi hil ondorengo lehen emanaldi honetan: “Gure orkestrak, bakarra eta erabat independientea izateaz gain, talde zabala hartzen du bere barruan. Musikariak noski, baina baita, idazle, konpotzaile, laguntzaile eta bultzatzaile zenbait ere. Iñaki Epelde elementu berezienetarikoa izan dugu: gure itxura, irudia eta logoaren sortzaile izateaz gain, proiektu garrantzitsu guztietako oinarrizko ideia eta filosofia finkatzen lagundu zuen. Gure proiektuen singularitatea eta emaitzak beti izan duen arrakastaren zati bat hari zor diogu”.
Iparraldeko bi emanaldiek erantzun oso ona jaso zuten, Hendaiako frontoia eta Baigorriko eliza jendez bete ziren, eta ondorengo emanaldietan ere berdin izatea espero dute antolatzaileek. Guztira 250 artista elkartuko dira Leidorreko taularen gainean, besteak beste musikariak eta abeslariak. Aurretik hainbat entsegu eta lan egindakoak dira. Gauzak behar diren bezala ateratzeko jende askoren laguntza eta babesa izango dute. Guztien asmoa Benito Lertxundiren kanta ezagunenak duin eskaintzea da, abesbatzen eta orkestraren eskutik, biltzen direnen gozagarri. Entzuleen esku dago orain erantzuna.
Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta... [+]
El passat 5 de desembre, el pp va presentar en el Parlament de Navarra una proposició de llei per a desvincular els processos de funcionarització dels llocs de Secretaria i Intervenció de les entitats locals de Navarra. Si això succeís, al voltant de 30 persones... [+]
Enguany es compleix el 51 aniversari de la proclamació per les Nacions Unides del Dia Internacional dels Drets Humans el 10 de desembre. Aquesta data ha cobrat importància a Euskal Herria i des de l'Observatori de Drets Humans d'Euskal Herria volem oferir alguns elements de... [+]
Érase una vegada el poble es va convertir en un dipòsit de cultura. Amb el pas del temps, les mesures restrictives preses per les autoritats mundials contra qualsevol forma d'expressió cultural van anar apagant la flama, la creativitat i la imaginació dels pobles, com una... [+]
La presència d'Elon Musk en els mitjans de comunicació avança com un coet després d'aterrar al jardí de la Casa Blanca. Altres poders, pel que sembla, s'han vist alterats pel poder i la influència que està adquirint, i per a reduir la seva influència, han carregat contra la... [+]