Ugazabek hiltzera kondenatutako enpresa langileek bereganatuta kooperatiba bihurtzea ez da ez gaur ez Grezian asmatua. Mexikoko TRADOC pneumatiko ekoizlea berezi egiten du hain handi eta arrakastatsu izateak... eta, guretzako, Sindicato Nacional Revolucionario de Trabajadores de Euzkadik sorrarazi zuela jakiteak.
Mexikoko langile mugimendua astindu zuen gatazka gurean Jabi Zabalak aipatu zuen 2007ko abenduan lehenbizikoz Sarean blogean: “Euzkadi, bertako langileen eskuetan”. Ez genion arreta handirik eskaini, tamalez. Orain AEBetako sindikalgintzan erreferentea den Labor Notesen Jane Slaughterrek eskaini dio kronika luzea: Mexican Workers Win Ownership of Tire Plant With Three-Year Strike (Langile mexikarrek gurpil fabrikaren jabegoa irabazi zuten hiru urteko grebarekin). Lantokiak bata bestearen ondotik ixten ikusten ditugun garaiotan bada zer ikasia haiengandik.
“Euzkadi es el nombre del País Vasco en la lengua de esa antigua nación. La palabra fue utilizada, en un evidente rasgo de añoranza nacionalista, por don Angel Urraza para bautizar la fábrica”... idatzi zuten Reforma aldizkari mexikarrean. 19 urterekin Bizkaitik harantza emigratutako Angel Urrazak 1928an sortua zen Cía. Hulera Euzkadi. 1936az geroztik Ohioko Goodrich Co. enpresarekin elkarlanean Goordrich-Euzkadi firma kudeatu zuen Urrazak, Mexikoko eta munduko beste konpainia askotan lortu zituen karguez gain.
Fundatzailea 1946an hil eta askoz beranduago, 1998an, Continental Tire multinazional alemanak hartu zuen 1.164 obrero edukitzera iritsia zen Euzkadiren kontrola. Ugazaba alemanek ekarri zituzten eraso antisindikalak ere, berehala fueratu baitzituzten 18 sindikalista nabarmenenak. Langileek gogor eginda lortu zuten berriro enpresaratzea.
Orduko giroaz idatzi du Slaughterrek: “Garai hartan pneumatiko fabrikak erortzen ziren euliak bezala Mexikon: Goodyear, Uniroyal... NAFTA akordioen ondorioz 1996tik 2000ra bitartean hiruz biderkatu ziren gurpil inportazioak Mexikon. Firestonen, enpresak kontrolatutako sindikalistek onartu zuten jornalak %25 jaistea”...
Baina Continentalen plantako langileen artean 1935etik nagusi zen sindikatu gorri bat, Sindicato Nacional Revolucionario de Trabajadores de Euzkadi. Haiek umiliarazteko Portugalen antzeko taldeak menderatzea lortu izanaren fama zeukan kudeatzailea ekarri zuen Continentalek, José Neto Carvalho. Soldata eta gainerako lan-baldintza guztien murrizketa orokorra iragarri zuen Carvalhok, enpresaren emaitza txarrak argudiatuz.
Langileek ez zituzten erabakiok onartu eta patronalak 2001eko abenduaren 16an enpresaren ateak itxi zituen. Nagusiek langileetako batzuk erosi zituzten, enpresaren eskaintza berriaz konbentzituko zuten lankide bakoitzagatik saria eskainita. Arrakasta gutxirekin, 940 obrerok batzarrean bildurik erabaki baitzuten greban sartzea.
Grebarekin gertatzen da legezko korapilo bitxi bat, ondoko historia guztia baldintzatu dutena. Enpresak lantegia itxi zuela zioen eta obreroek, aldiz, greban zeudela... eta gaia auzitegira iritsi zen. Hiru urte luzeko auzia, hiru urteko greba, 1.141 eguneko erresistentzia.
Gaur TRADOC izena daukan kooperatibaren buru den Jesus “Chuy” Torres sindikalistak kontatu ditu erresistentzia horretako zertzeladak La victoria obrera en Euzkadi liburuan eta batik bat Michael Enger zinegile alemanaren La huella de los neumáticos dokumentalean; horren bertsio berriak When the Wheels Start Turning Again titulua darama eta erakutsi dute zenbait telebistatan. Internetez ikus daiteke, berriz, Guadalajarako unibertsitateak ekoiztutako La huelga de Euzkadi dokumentala.
Enpresak ahal zituen hari guztiak mugitu zituen langileak etsiarazteko: soldatarik ez emateaz gain, obreroen senide eta lagunak zerrenda beltzean sartu zituen El Salto hiri inguruetako beste inon enplegurik lortu ez zezaten, fabrika husten ahalegindu ziren behin eta berriro, politikarien babesari esker poliziek zanpatzen zituzten langileak...
Obreroek, aldiz, mobilizazio agenda zabala abiarazi zuten. Mexikon bertan biltzar eta ibilaldi franko burutu zuten. AEBetan pneumatikogileen sindikatuetako liderretara jo zuten baina hauen erantzun onik lortu gabe.
Euzkadiko sindikatuko burukide batzuek Europako sozialistekin zeuzkaten harremanei esker lortu zuten espero ez zuten laguntza. Alemanian bada Akziodun Kritikoen Elkartea deitua –Azkziodun Etikoak ere deitzen diete beren buruei– saiatzen dena multinazionalen urteroko batzarretan plazaratzen minorien ahotsa. Horiei esker Torres mintzatu ahal izan zitzaion aurpegira Continentalen akziodunen batzarrean Manfred Wennemer presidenteari. Ez zuen mesprezua baizik jaso erantzun gisa.
Bigarrenez 2003. urtean eman zioten akziodunok aukera Torresi eta lortu zuen enpresaren egoeraz publikoki eztabaidatzea ugazabarekin. Zalaparta Alemanian ere zabaltzen ari baitzen, horko Ekonomia ministroa hasi zen aferaz interesatzen. Alemania da Mexikon gehien inbertitzen duen herrialdea, AEBen ondotik noski.
2004ko batzarrera berriro konbidaturik, unibertsitateko irakasle batek eta diputatu batek lagundurik azaldu zen Torres. Continentali konplikatzen ari zitzaion El Saltoko istilua, urte horretan marka ari zelako lortu nahian futboleko Munduko Koparen esponsor izatea.
2004an gertatu zen askorentzako ezustekoa: Mexikon epaile batek ebatzi zuen langileen greba legezkoa zela eta ondorioz enpresak hiru urteko atzerapenak pagatu behar zizkiela langileei. Usinak balio baldin bazuen 80 milioi dolar, kalte-ordainak 40 milioikoak ziren. Abuztu hartan Wennemerrek eskaintza egin zien obreroei: kalte-ordainen truke enpresaren erdia zuentzako eta beste erdia gurpilen banatzaile mexikar batek har dezala.
Horrela, Europako akziodun kritiko batzuen laguntzaz eta Mexikoko legediak duela gutxi arte langileei uzten zien zirriztu bati esker, iritsi ziren sindikalista gorri batzuk beren enpresaren erdiaren jabe izatera. Llanti Systems banatzailearekin elkarlanean aritzeko TRADOC kooperatiba sortu zuten.
Baina saltzea nekezago lortzen baita fabrikatzea baino, produktua prezio egokitan kaleratu ezinean azkenean AEBetako Cooper Tirerekin egin behar izan dute tratua. Jane Slaughter kronikagileari TRADOCeko buruek aitortu diote elkarbizitza errazegia ez daramatela AEBetan politika antisindikal gogorra burutzen duen Cooper Tire sozioarekin.
Langileen batzarrak gai nagusietan erabakitzeko ahalmena edukitzea aski ez dela eta, TRADOCekoak hasi omen dira antolatzen salmentari helduko dion adar bat. “Gure historiari ez diogu uko egingo. Gu kooperatiba gara eta langile klasea da gure klasea”.
Gasteizko Eraman kooperatibak banaketa “era jasangarri eta etikoan” eginez bertako komertzioa bultzatzeko helburua du bere sorreratik, Arabako hiriburuan eta hango bizilagunengan pentsatuta. Hainbat ekimenetan parte hartzen du, horien artean ikasturte honetan egiten... [+]
Cada vegada escoltem més sobre les necessitats, desitjos i iniciatives que sorgeixen en els nostres territoris i en les nostres vides, sobre la necessitat de treballar les relacions i projectes públic-comunitaris, i és un autèntic motiu de satisfacció, ja que es tracta d'un... [+]
Els pressupostos i el tancament dels comptes anuals no són res més en aquests temps, des de l'economia domèstica fins a la majoria dels espais socioeconòmics que compartim. Les grans empreses han començat a extreure calculadores i a posar en marxa grans plans de cara a 2025... [+]
Escric aquestes línies l'endemà de les eleccions al Parlament Europeu, els temps foscos, el triomf de la Internacional Reaccionària en les eleccions al parlament europeu. Ja venia per endavant i és la confirmació de la fase conservadora que vivim, però genera por. De fet,... [+]