Egiptoarrek euren Konstituzioa onartu zuten 2012ko abenduaren 25ean. Baina erreferendumeko parte-hartze eskasak, eta aurreko asteetan oposizioaren eta Mursi presidentearen aldekoen artean izandako liskarrek, agerian utzi dute iraultza gertatu eta bi urte geroago herrialdeak oraindik bide luzea duela egiteko.
Niloko Deltan dagoen Damanhour nekazal hiriburua, Egiptok bizi duen haustura sozialaren adibide garbi bihurtu zen 2012ko azaroaren amaieran. Hamabost urteko Islam Masoud gaztea hil zuten bertan, Mohammed Mursi presidentearen aldekoen eta kontrakoen artean hiru egunez liskarrak izan ondoren. Egiptoko “gerra zibilaren lehen martir” gisa izendatua, Islamen heriotzak herritarren artean borroka berria ireki zuen. Anaia Musulmanek, gaztea euren anaidikoa zela aldarrikatu zuten, eta aldiz, senide eta aktibistek zioten oposizioko taldeetan zebilela. Gaztetxoaren amak uko egin zion Mohammed Mursiren emaztearen doluminak jasotzeari, eta islamistek, hiltzaileak zirela faltsuki egozteko euren aurkako konplota salatu zuten.
Egipto krisi politiko larrian sartuta zegoen, baina baita krisi sozialean ere. Azaroaren 22an Mursik dekretu polemiko berria ezagutarazi zuen, epaileen kontra egin eta bere gain botere gehiago hartzeko. Gehienean sekularra den oposizioak, erabakia diktatorialtzat hartu zuen; jarrera faraonikoa igarri zioten presidenteari eta indar islamisten menpe zegoen batzordeak idatziriko konstituzioa blindatu nahi izatea leporatu zioten. Presidentearen aldekoen ustez, behin behineko erabaki iraultzaileak ziren horiek, oso beharrezkoak, baldin eta prozesua botere judizialak bahitzerik nahi ez bazen, oraindik aurreko erregimeneko epaileek kontrolaturik baitzegoen hura.
Errebantxa kutsua du anaidiak epaileen kontra egindako erasoa. Bere lider ugari kartzelatik pasa ziren Mubarakek izendaturiko epaile horien aginduz, eta oraindik euren menpe dituzte tribunal gehienak. Gainera, konstituzio batzordea eta senatua desegiteko eskaera epaitegietan zegoen, eta hori bakarrik ez, Anaia Musulmanen egoera legala ere normalizatu gabe dago oraindik.
Islamismo politikoaren eta indar sekularren arteko gatazka klasikoa berriz ere. Aste gutxitan Anaia Musulmanen 28 egoitza eraso zituzten herrialde osoan barrena eta hainbat hiritako kaleetan borrokak izan ziren presidentearen aldekoen eta kontrakoen artean. Odoltsuenak El Cairoko presidentetza-jauregiaren atarian gertatu ziren, gutxienez hamar lagunek bizia galdu zuten su-armek eragindako zaurien ondorioz. Berriz ere, batzuk eta besteak hildakoen gurasotasunaren eztabaidan sartu ziren; senide batzuek salatu zuten eskaintzak egin zizkietela esateko hildakoa presidentearen aldekoa zela.
Der Spiegel astekariak Mohammed el Baradei Bakearen Nobel saridunari egindako elkarrizketa batean, gatazka zibila lehertzeko beldurraz hitz egin zuen: “Indar moderatuek ahotsik ez badute, gerra zibila lehertzeko arriskua dago Egipton”. Froga argirik aurkezten ez zuten arren, estatu kolpea emateko konplota zegoela salatu zuten behin eta berriro Anaia Musulmanek, eta oposizioak anaidiari leporatzen zion herrialdea indarrez hartzeko milizia sekretuak izatea. Gizartea erabat banandurik zegoen konstituzio erreferendumaren atarian.
Indar sekularren eta islamisten arteko gatazka, denboran zehar konpondu ez den mesfidantza historiko batetik dator. Garai berrietara birziklatu nahian dabiltzan Mubaraken erregimenaren aldekoen eta islamisten arteko konfrontazioa agerikoa da; baina indar iraultzaile sekularren artean sortutako mesfidantza ere hor dago. Hosni Mubarak erori baino lehenago ere, anaidiarekin topo egin zuten indar horiek. Erregimenarekin negoziatzea leporatu zioten orduan, Omar Suleiman inteligentzia buruarekin, baita trantsizio prozesua militarrekin paktatzea ere.
2012ko urriaren 12an indar iraultzaileak eta islamistak muturka hasi ziren Tahrir plazan eta anaidiaren autobus bat erre zuten. Baina ez zen lehen aldia. Iazko udaberrian halako borrokak gertatu ziren jadanik, baita 2011ko azaroan ere: manifestariek Tahrir plazatik bidali zuten Mohammed Beltagi, anaidiko buruetako bat.
Bestalde, zenbait indar iraultzailek eta lehengo erregimeneko kide batzuek bat egin dute, zirkunstantziek behartuta. Esaterako, Arabiar Ligaren idazkari nagusi ohi Amr Mousa, Nazioaren Salbaziorako Frontean dago orain, eta ustelkeriak jota dagoen epailetzaren defentsan ere batera ari dira bi sektoreak. Halako batasun kakofonikoak zauriak eragin ditu, eta islamistei arnasa eman die hori salatzeko.
Baina galdera nagusietako bat da ejertzitoaren jarrera zein izango ote den. Ekonomiaren %40 inguru kontrolatzen dute eta AEBek 1.300 milioi euroko laguntza ematen die urtero, horri esker trantsizioaren giltzarri dira oraindik. Itxuraz eta hitzez, militarrek diote ez dutela esku hartuko, baina paktu baten zantzuak mahai gainean daude.
Iazko udan buruzagitza militarraren erreforma egin zen, eta konstituzio batzordetik euren ordezkariak atera ez zituen erakunde ez erlijioso bakarra Indar Armatuak izan ziren. Konstituzioaren testua itxi baino 24 ordu lehenago, ejertzitoari buruzko artikuluak paktatu zituzten. Hala, militarren eskaera gehienak barruan geratu ziren: aurrekontu militarrak parlamentuaren kontrolpetik at segitzea, Defentsa ministroa militarra izatea, eta militarrek zibilak epaitzeko ahalmena erabat ez galtzea. Hain zuzen, pasa den urtea bukatu aitzin iragarri da zibil bati epaiketa militarra egingo diotela, garai berriotako lehena: 6 hilabeteko kartzela zigorra, soldadu batekin eztabaidan aritzeagatik konstituzio erreferendumaren egunean.
Erreferendumak ez du inolako egonkortasunik ekarri, salaturiko irregulartasunetatik harago, parte-hartze oso baxua izan delako. 10 milioi egiptoarrek eman diote Konstituzioari baietza, 80 milioi biztanle dituen herrialdean. Onartutako testuaren ahultasun politikoak, boterea lortzeko borroka atzeratu baino ez du egin Egipto berrian.
Mostafa Waziri, secretària general del Consell Superior de l'Antiguitat d'Egipte, ha presentat recentment el gegantesc projecte de restauració de la piràmide de Mizerino: Cobriran amb blocs de granit la piràmide més petita de l'home perquè recuperi el seu aspecte original. A... [+]