Atarrabiako kultur etxe dotorea leporaino beterik ospatu berri dugu Euskalerria Irratiaren 25. urteurrena. Irratiko martxari eutsiz hitza, musika eta iragarkiak tartekatu zituen ekitaldiak Gobernuak behin eta berriro ukatu dion lizentzia aldarrikatzeko ere balio izan zuen.
Kasualitatez, Atarrabiara abiatu aurretik garai bateko paperak arakatzen aritu nintzen, lantegi dudan Iruñeko etxerik zaharreneko istorioak biltzen. Kontuen Ganberaren Antsoleaga karrikako egoitzaz ari naiz, historian barna hainbat kultur ekimenen lekuko isila, horietako batzuk euskarari lotuak.
Campion, Iturralde y Suit, Altadill eta XIX. mendeko beste nafar intelektual batzuek Monumentuen Batzordea sortu zuten bertan, lurraldeko eliz, monasterio, jauregi eta balio handiko etxeak babesteko asmoz. Jakina denez, garai hartan Nafarroako erdialdean galtzen ari zen euskara altxorrik baliotsuena zelakoan, talde hark eta etxe berean Euskara Elkargoa martxan jarri zuen 1877an, hizkuntza bultzatu eta indartzeko.
Oso jende gutxik daki, ordea, bertan Nafarroako Diputazioak gerra ondorengo lehenbiziko euskaltegi publikoa sortu zuela, noiz eta 1949an, frankismoaren garairik ilunenean. Jose Angel Zubiaurren proposamenarekin bat egin zuten beste diputatuek, “teniendo en cuenta lo que es y ha significado en Navarra la Lengua Vasca, dentro de la más fervorosa concepción españolista...”. Valero Bermejo gobernadorea sutan jarri omen zen Iruñean euskararen akademia martxan jarriko zela jakitean, eta mehatxuka ere hasi zitzaion diputatuari. Zubiaur, ordea, ez zen kikildu. Mehatxuei muzin eginez, Francisco Tirapu eratsundarra kontratatu zuen irakasle, Kontuen Ganberako euskara-eskolak 1950eko urtarrilean has zitezen. Handik hogeita hamar urtera, diputatu hura UPNren sortzaileetakoa izan zen. Gaurko erregionalistaren batek ezagutuko al du istorioa?
Hori guztia gogoan joan nintzen Euskalerria Irratiaren ospakizunera. Kerobia, Berri Txarrak eta Ordorikaren musikaz gozatzen ari nintzelarik, irakurri berria burutik ezin kenduz, Jose Maria Satrustegi zenak askotan esandakoa gogoratu nuen: Francoren garaiko nafar diputatuak euskaltzaleagoak ziren gaur egungoak baino. Euskalerria Irratiak azken hogeita bost urteotan pairatu duen etengabeko tratu txarrak ederki laburbiltzen du, nire aburuz, diputatu haiek ere toki onean uzten dituen jokamolde zeken eta lotsagarria.
Etxera itzuli ahal izan diren arren, joan den azaroan kaleratu zuten Astrabuduko familia berriz ere arriskuan dago. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu du mailegu-enpresa berriz ere saiatzen ari dela kanporatzea gauzatzen, oraingoan, desokupazio-enpresa bat... [+]
Els últims dies han estat de gran importància per al moviment en defensa de l'habitatge i per a la lluita contra els especuladors a Barcelona. La matinada del 28 de gener, un Exèrcit de Policia va atacar sense previ avís a la Vella Massana (centre social ocupat) del barri de... [+]