Kapitalismoaren aurpegia krudeltasun osoz ari da azaltzen iritzi publikoaren aurrean. Kapitalismo basatiak aldizka suizidioak eragiten ditu, eta langileak hiltzen ditu euren lantegietan. Kapitalismo hori, ordea, basakeria itzelez agertu zaigu etxetik kanporatuetan. Amaia Egaña da, oraingoz, azkeneko hildakoa Euskal Herrian. Kapitalismo horrek izenak ditu: enpresa handiak, bankuak eta kudeatzaile politiko eta judizialak.
Banku horiek dira, hain zuzen, “lobby” baten gisan aritu direnak Espainiako Ministroen Kontseiluko mahai azpian, eragozteko euren kontrako neurririk har dezaten etxetik kanporatuen auzian. Bankuak ez dira argazkian azaldu. Baina eurek zehaztu dituzte erabakiak. Hala, Espainiako Gobernuak ez du 1909ko Hipoteken Lege zaharra ukitu nahi izan, bankuen presioaren ondorioz. Lege hori lurjabe handiekin eta bankariekin zituzten harremanak arautzeko sortu zen. Justiziako sektore batzuen arabera, “prozesu judizial oso oldarkorra da zordunarekiko, hipoteka maileguaren eskriturari sententzia judizial bati baino eraginkortasun handiagoa onartzen dio, eta zorduna oso aukera gutxirekin uzten du kontra egiteko”. Horregatik, Gobernuak, legea aldatu beharrean, dekretua agindu du, etxetik kanporatzeen zati txiki bat bi urtez geraraziz… Eta gero zer? Etxetik kanporatuei “Banku txarraren” jabetzako etxebizitza parkea eskaini diete alokairu sozialean. Hemen ere bistan da bankuen presioa. Dirua irabazten segituko dute etxetik kanporatuen alokairuaren kontura.
Legea ez aldatzearren, Gobernua zertxobait “mugitu” da suizidioen eta mobilizazio sozialaren aurrean. Bankuen eta Troikaren (Nazioarteko Moneta Funtsa, Europako Banku Zentrala, Europako Kontseilua) esklabo direnez, hildako gehiago beharko al dituzte, pixka bat gehiago “mugitzeko”? Halakoxea da kapitalismoa: krudela eta hiltzailea