Mendebaldeko hedabideek denbora asko xahutzen dute Venezuelako sistema politikoa eta bere presidentearen izen ona zikintzen. Baina, zergatik da politikoki hain garrantzitsua 25 milioi biztanle dituen herrialde hau eta ez, adibidez, 112 milioi biztanle dituen Mexiko? Erantzuna erraza izateagatik ez da batere demagogikoa: munduko botere ekonomikoak beldur dira Venezuelak suposatzen duen ereduaz. Izan ere, Salvador Allenderi egiten utzi ez ziotena Chávezek lortu du egitea: usteldutako sistema demokratiko eta ekonomiko batean hauteskundeen bitartez boterera iritsi, nazioko aberastasun iturrien gaineko kontrola berreskuratu, aberastasuna birbanatzeko politikak indarrean jarri eta gizarteko ahulenen bizi baldintzak nabarmen hobetu. Eta guzti hau gutxi balitz, Latinoamerikako beste herrialdeetan antzeko prozesu eraldatzaileak martxan jartzeko laguntza eman du.
Errealitate hauen aurrean, geroz eta zailagoa suertatzen ari da Venezuelaren kontra eraikitako gezur mediatikoak sostengatzea. Gaur Venezuelak erdietsi dituen aurrerapen sozialak inor gutxik jartzen ditu zalantzan. NBEko erakundeek horrela berretsi dute. Baina, errekonozimenduak ez datoz kanpotik soilik, etxeko oposizioak ere onartu behar izan du zeharka. Europan eskumako paradigma nagusitu denean, hau da, eztabaida politikoan “moderazioa” eta “ardura ekonomikoa” erakusteko beharra nagusitu direnean eskumakoen eta ezkerrekoen artean, Venezuelako eztabaida politikoan ezkerreko paradigma gailendu da. Horregatik, hauteskunde kanpainan Caprilesek, oposizioko hautagaia izan denak, adierazi du bere eredua Lularen politika sozialdemokrata zela. Halere, Lulak Chávezen alde egin du, Latinoamerikako ezker anitzaren artean dagoen konplizitatearen beste froga bat bezala.
Venezuelari buruz errepikatu diren gezur handienen artean daude adierazpen askatasunaren ingurukoak. Herrialdean egon den edonork daki bertako hedabideetan dagoen aniztasuna gurean baino zabalagoa dela. Are gehiago, oro har, telebista, irrati eta egunkarien artean gehiengo oso garbia Chávezen aurka dago. Prentsa idatziaren %80a oposiziokoa da, horien arten bi egunkari garrantzitsuenak. Telebista eta irratietan egoera antzekoa da, kate gehienak pribatuak dira eta audientziaren %90 inguru eskuratzen dute. Izan ere, munduko sistema politiko gehienetan botere ekonomikoek, aberatsek, gaitasuna dute hedabideak sortu eta hauen bitartez beraien ideologia eta interesak defendatzeko. Aldiz, pobreek eta, oro har, klase apalenek ez dute dirurik beraien interesak defendatuko dituzten mass mediak sortzeko. Venezuelan, zorionez, hedabide publikoek ez dituzte botere enpresarialen interesak defendatzen, baizik eta beste alternatibo batzuk, urriko hauteskunde emaitzek frogatu duten moduan.
Hauteskunde presidentzialek beste behin berretsi dute Venezuela dela munduan dauden sistema politikoen artean dentsitate demokratiko altuenetakoa duena. Konparaketa erraza da. Mendebaldeko demokrazietan bi hautagairen arteko hautua egin ohi da hauteskundeetan. Kontua da bien arteko desberdintasunak non diren zehaztea oso zaila dela, batez ere arlo ekonomikoan. Venezuelan ordea, politika letra larrietan egiten dute. Chávezek eta Caprilesek herrialdearentzako bi proiektu oso desberdin ordezkatu dituzte eta horregatik, parte-hartzea %81ekoa izan da. Jendea hautestontzietara gerturatzen da zer aukeratua dagoenean. n
La situació actual requereix una anàlisi minuciosa del que hi ha darrere dels títols, les manifestacions, la difusió manipulada d'alguns fets, l'ocultació fosca d'uns altres i la propaganda disfressada d'anàlisi en la majoria dels grans mitjans de comunicació. La situació... [+]
Han passat ja deu anys des del 5 de març de 2013 i no es pot oblidar a aquest gegantesc comandant dels pobles.
No m'agraden molt els militars, la veritat. Especialment en els estats capitalistes i de carrera. No obstant això, hi ha els qui porten dins els desitjos del poble i... [+]