Devenir perra, Sexual Herria...eta segi aurrera!
Hemen probokazioaren jainkosa!
Non dago probokazioa nigan, ala ikusi nahi ez nauten begietan? Ze arraio, nahiago dut probokatzailea eta desegokia izan sistemaren moldean sartu baino.
Hasi gara sistemari errua botatzen. Orain elizari buruzko parrafada dator, ezta?
Ni ateoa naiz tendentzia satanikoekin, baina 2.000 urteko dominazio katolikoa gainetik kendu ezinik gabiltza. Noiz arte irentsi behar dugu Munillak edo Rouco Varelak euren ideia fanatikoekin bat egiten ez dutenekiko zabaltzen duten gorrotoa?
Badakizu, Txanogorritxuren ipuina irentsi genuenetik...
Txanogorritxuk sinetsarazi digu etxean egurtzen gaituenarekin oihanean topatu genezakeenarekin baino hobeto gaudela. Zergatik dago dena moral burges eta kristautik bideratuta? Nolaz dauzka Pretty woman-ek halako audientziak emakumeon artean?
Ez dakit zergatik, zure burua zentsuratzen ari zarela susmatzen dut.
Ez dut nire burua zentsuratzen, eta ni zentsuratzen saiatzen direnei hozka egiten diet.
Zure liburuaren azala Facebooketik desagerrarazi zuten ba!
Facebooki eskerrak eman beharrean nago, eurei esker ABCn atera nintzelako! Ez dut uste titi bat erakustea oso transgresorea denik, baina ez pentsa, emakume feminista askok ere egin didate zaunka.
Ez da izango!
Ahaztu egiten zaie feministen zati handi batek pornografia defendatzen duela, eta denak ez garela PSOEko feminista espainol, liberal eta heterosexualak. Lesbianak, putak, eta gainera euskaldunak... Gehiegi da eurentzat!
Lesbiana, puta, eta euskalduna. Jesus, Maria eta Jose!
Gure barruko puta erail eta sorgin-ehizan lapurtu ziguten luxuria. Aro politiko berri honekin, bada garaia gure baitako gudaritxoa trabestitu eta putagoa izateko!
Aizu, PPk ETArengatik exiliatuei erraztu nahi die itzulera, ez sexiliatuei.
Euskal Herria Sexual Herria bihurtzean sexiliatuak berez itzuliko dira. Bitartean, erakundeek gaizki egindakoa desegin dezatela, eta hortik aurrera egon daitezela geldi, egiten dutena gaizki egiten dute eta.
Dena gaizki egiten dutenak zenbatzen hasiko bagina...
Medioetan kuota femeninoak eta kuota feministak daude, gaztelaniaz maskulinoa orogenerikoa da... Noiz integratuko dugu feminismoa gugan? Feminismoa ez da Emakunde, oso aktibismo anitz eta iraultzailea da.