Hazparne (Lapurdi), 1815. Martin Larralde Bordaxuri galeretara kondenatu zuten, aita ustez tiroz hiltzeagatik. Handik hiru urtera, zigorra betetzen ari zela, gero Pantxoa eta Peiok ezagun bihurtuko zuten Galerianoaren kantua idatzi zuen. Handik hiru urtera hil zen. Hala dio lehen ahapaldiak:
Kantatzera niazu alegera gabe,
ez baitut probetxurik, tristaturik ere;
nehun ebatsi gabe, gizonik hil gabe,
sekulakotz galerak enetako dire.
Galeretako zigorra ez zen berria. Antzinaroan, Grezian eta Erroman ohikoa zen arraunerako esklaboak eta preso kondenatuak erabiltzea. Eta Bordaxurik bere sentipenak kontatu bazituen, Cartagenako (Murtzia) armategiko artxiboan galerianoei buruzko informazio xehea jaso zuten 1624tik 1748ra. Galeretako Liburu Orokorrak, 25 liburukiz osatuak, zaharberritu dituzte berriki, eta, horri esker, kondena krudelaren inguruko xehetasun ugari jakin ahal izan ditugu.
Eserlekura girgiluz lotuta egoten ziren beti, eta hantxe egiten zituzten lo, jan eta bestelako behar guztiak. Itsas guduetan ez zituzten askatzen, eta, hala, galera hondoratuz gero, galerianoak ere harekin batera joaten ziren itsas hondora.
Oinutsik zeuden eta ilea larru-arras moztuta eramaten zuten, ihes eginez gero erraz ezagutzeko moduan; bide batez, zorriak saihesteko ere balio zuen neurriak. Egunean ogi egosi zati gogortu bat –bizkotxo esaten zioten, optimismo handiz–, baba eltzekari pixka bat eta ura ematen zizkieten bizirauteko.
Hilketa leporatuz gero, galeretan urte batzuk pasatzeko aukera zegoen, baina sexu delituak, edo garai hartan delitutzat jotzen zirenak, gogorrago zigortzen zituzten. Francisco Gimenez ijitoari zortzi urteko zigorra eman zioten hilketa leporatuta; Juan de Moralesek, aldiz, 200 zigorkada eta hamar urteko galera zigorra jaso zituen, pecado nefando delakoa egotzita, homosexuala izateagatik, alegia.