Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak elkarrekin kooperazio proiektua osatzeko “hizketaldi formalak” hasi dituztela iragarri zuten joan den astean. Integrazioa egiten bada, marka berria bigarren euskal finantza entitate handiena bihurtuko litzateke (25.303 milioi euroko aktiboak), Kutxabank-en atzetik (75.000 milioi euroko aktiboak). Espainiako Estatuko kreditu kooperatiben artean ere bigarren izango litzateke, Cajamar eta Caja Ruraletik oso tarte gutxira, 38.000 milioi euroko aktiboak baititu horien artean sortutako erakundeak. 1.375.000 bezero, 2.497 langile eta Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan (Aragoi, Errioxa, Gaztela eta Leon, Kantabria, Asturias eta Madril) sakabanatutako 451 bulego izango lituzke. Integrazioarekin, gainera, finantza erakundeen tamaina handitzeko Espainiako Bankuak sustatutako erasoaldi berrien aurrean blindatuko lirateke.
Egitasmo honetan garrantzitsuena da Euskal Herriko bi kreditu kooperatiba direla, eta biek euskal ekonomiaren sareari zerbitzua ematen diotela. Euskadiko Kutxa sare industrial eta komertzialari lotuago dago, eta Ipar Kutxak lehenengo sektorearekin ditu harreman gehien. Kooperatiben filosofia mantentzen badute –biak hartarako sortu baitziren–, etekin erraz eta indibidualista albo batera uzten badute, eta herri honekiko elkartasun konpromisoari eusten badiote, bankarizazioaren aurrean alternatiba izan liteke. Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak hainbestetan aipatzen duten bokazio sozialak ea are eta indar gehiago hartzen duen, eta krisiak eragindako sare sozialari, komertzialari eta lehenengo sektoreari laguntzen. Beren kreditu iturria azkar erion dadila –eta ez banku tradizionalena bezain garesti–, batez ere enpresa txiki, ertain eta baserritarrentzat. Kooperatibismoa bankarizazioaren aurrean benetako alternatiba dela frogatuko luke horrek.