Frantziako Estatuan dauden 58 zentral nuklearrek segurtasun neurri berriak ezarri beharko dituzte zabalik segitzekotan. Segurtasun Nuklearraren Erakundeak (ASN) bete beharreko neurriak zerrendatu ditu, eta zentralak ustiatzen dituen EDF konpainiari urtarrilaren 31ra arteko epea eman dio horiek gauzatzeko lanen plangintza eta aurrekontua zehaztu ditzan.
Batetik, zentral bakoitzean uholdeen, lurrikaren eta erradioaktibitatearen aurka babesa emango duen bunker bat eraiki beharko da. Bunker bakoitzean erantzun azkarreko diesel sorgailua egongo da, hamar milioi eurotik gorako kostua izango duena, eta ehun pertsonak lan egiteko bolumena izango duena.
Bestetik, erregaia babesten duten igerilekuak eta hozte-zirkuituak hobetu beharko dira, hau da, hipotesi txarrenetan ere hozte-zirkuituek ez huts egiteko behar diren inbertsioak egin beharko dira.
Azkenik, lurrazpiko uren nondik norakoak eta lurraren sismologia-mailak berraztertu beharko dituzte.
ASNren arabera, itxi egingo dituzte aipatu baldintzak betetzen ez dituzten zentralak. Nik dakidala, Garoñan (Espainia) ez da horrelako eskemarik planteatzen; eta planteatuko balitz, egin beharreko inbertsioa errentagarria izango litzateke?