Buruari bueltak emanez, estutuz, haizea harrotu dute Eskozian eta Danimarkan. Itsasoari begira haize-errotak hedatuz bere energia premiak asetzeko adina bertan sortzeko asmoa dute.
Errota haiek bira eta bira sortzen duten haizea da guk buruan darabilguna. Eta haizeak hauspotutako buruak sortzen duena ez dut gustuko izaten. Geurean burutazio hauek superportua dakarte (izena bera ere... Okerragoa jarri zion, hala ere, diputatu “nagusi” batek: ekoportua). Txikizio portu horrek gure etorkizuna kanpoko energiari kateatu nahi dio, energia fosilak erreaz elektrizitatea sortzeko zentral erraldoia baita portuaren benetako xedea.
Garai batean, garapenaren puntan zebilenean, Gipuzkoak zuen industria guztia, batez ere burdinolak, eta gizarte osoaren energia-behar guztia basoak asetzen zuen. Milaka eta milaka txondor-plazatan ikatza egiten zen eta su-egurra nonahi bazen. Baso bera inaurkina (orbela, garoa...), azienda-bazka (larrea, otea, sastraka, zarba...), zura (etxegintza, ontzigintza...) eta abar luze bat emateko ere gai zen. Besterik ezean, basoari esker bizi zen garai hartako munduko jendarte aurreratuenetako bat.
Gaur, gure energia iturria kolonizatutako herriei ostutako petrolioa da, eta mixeriaren hurrengo prezioan ordaintzen dugu. Herri horiek esnatzen ari dira eta gu lo, bertan gozo. Elorrio dugu! Eskarmentuan sartzen al gara!
Thierry Verhelsteri ikasi nion kultura ez dela txapela jantzi, txistua jo eta aurreskua dantzatzea. Herri batek dituen arazoei irtenbideak bilatu eta taxutzeko gaitasuna da kultura. Lotu gaitezen gure etorkizuneko arazo larriena konponbideratzera. Noski, ez Josu Jon Imazen bidetik... Auzolanean hausnartuz. Non edo han beste zirrikitu batzuk aztarrikatuz. Nire iritzia eztabaidarako prest: lepatu edo mugarrotutako basoak.
Igual que amb l'ajuda dels artistes hem viscut la florida d'Euskal Herria, també en aquesta ocasió, amb el seu impuls, continuem fent el camí junts, donant el suport necessari als presos polítics, exiliats i deportats bascos
El lector ja sap que l'Associació Harrera neix... [+]
La pols ha aixecat les accions d'un grup de desconeguts contra un monocultiu de Kutxabank a la vall de l'Urola. En aquest sentit, ENBE, ENBA i GBE (Gipuzkoako Basozale Elkartea) van oferir una roda de premsa. Van condemnar el fet i van demanar que els autors el... [+]