Japoniako Segurtasun Nuklearreko Batzordeak aztarna batzuk eman ditu Fukushimaren desmuntatzeaz. 30 urtetik gora behar izango dira zentraleko lehenengo eta laugarren erreaktoreak desmuntatzeko. 2015. urtearen ondoren hasiko dira aztertzen erabilitako erregaia nola atera, nora eraman eta nola tratatu eta gorde, eta 2022. urtetik aurrera galdatutako erregaiarekin gauza bera egiteaz pentsatzen hasiko dira.
Aipatu prozesuak arrakastaz burutzen badira ere, ziurtzat jotzen da erregaia eta hondakinak garraiatzeko unean hainbat lurralde kutsatuko direla. Asko edo gutxi, ez dakite, baina garraioa zenbat eta luzeagoa izan gero eta aukera gehiago izango da lur-eremu handiak kutsatzeko.
Datuok urriaren amaieran publiko egin zituen arestian aipatu erakundeak, eta nahikoa garbi adierazten dute zentralak bizi duen egoeraren konplexutasuna. Gainera, azaroaren 2an Japoniako Gobernuak fisio partzial baten berri eman zuen, ustez kalte gutxien zeukan bigarren erreaktorean.