Iñigo Ansorena psikoterapeutak Gaur 8n idatzitako artikulu batean, espiritualtasunaz eta zientziaz aritu da. Espiritualtasunaren nolabaiteko aldarrikapena egiten du eta, bide batez, zientziari astindutxo bat eman.
Zientzia epaitzeko erak sortu dit ezinegona: “Zientziaren ikuspegi totalitarioak espiritualtasunarekin zerikusia duen guztia erdi brometan ikustera garamatza” dio. Zientziak ba ote du ikuspegirik? Izatekotan, zientzialariek dutela esanen nuke, edo zientzialarien erakunde edo taldeek. Eta ez nahitaez denek berdina. Izanen dira totalitarioak, eta baita kontrakoa direnak ere. Espiritualtasunaren lurraldekoen artean bezalaxe, hor ere denetik izanen baita.
Aurreraxeago: “…ikuspegi zientifiko hutsa ardatz bakartzat hartzen dugunean, mundu zoragarri hau, sakontasunik gabeko paraje zapal bat bihur dezakegu”.
Bada, bizitzaren inguruko kontakizun espiritualak eta zientifikoak alderatuz gero, interesgarriagoak eta kitzikagarriagoak iruditzen zaizkit zientziaren ildotik jotzen dutenak. Zer esanik ez, askozaz sakonagoak. Eta, esanen nuke, zientzian buru-belarri dabiltzan ikerlariei, baita hamaika urte absurduak diruditen xehetasunak aztertzen eman dituztenei ere, egiten dutena zoragarria irudituko zaie. Eta hala sentituko dute, sentimendu hori “atomo, partikula, zenbaki eta neurotransmisoreen joko zentzugabearen ondorio” direla uste badute ere, Iñigoren hitzekin esateagatik.
Espiritualtasunetik jaso ditudan narrazioek ibilbide motzagoa dute, eta borobilak izan ohi dira. Ia beti bada azalpen osoa duen norbait. Izanen da, akaso, bestelakorik. Zientziak, berriz, leihoak itxi baino gehiago, ireki egiten dituela iruditzen zait, galdera/erantzun bakoitzari beste bat etortzen zaiolako segidan. Zoritxarrez edo zorionez, jakin eta ulertu nahiko genukeen guztia jakin eta ulertzeko itxaropenik gabe etsi beharko dugu.
Ikasi duguna sarritan ez dela guk nahiko genukeen bezalakoa, erromantizismoa galtzen duela maiz? Baliteke, baina nahiago dut egia gordinera hurbiltzea, jakinaren gainean begiak zelofanarekin estaltzea baino.
Eta hau guztia ez da espiritualtasunaren aurkako alegatua. Hor dago, eta ikusten diot nolabaiteko zentzua, erlijiotik eta esoterismotik aske dagoenean behintzat. “Behar dugu”, edo komeni zaigu, baina horrek ez dio zientziari deus ere kentzen. Eta, nire ustez, ezinak eta mugak, inon bilatzekotan, zientzialariengan eta pertsonongan bilatu beharko ditugu, zientzian baino gehiago