Egungo jendartean, berriek iraupen txikia izaten dute albistegietan, eta gertatutako lekuetan diraute bakarrik.
Lau hilabete pasatxo igaro dira Fukushiman gertatu zena gertatu zenetik eta denbora daramagu bertako berri askorik gabe (salbuespen bat, ale honetan bertan esaterako, Argiaren Net Hurbil atala da). Errealitate bikoitza gertatzen ari dela iruditzen zait.
Batetik, Lapurdiren tamainako lurralde bat hutsik dagoen bitartean inguruko lur-eremuetako pertsonak, lurrak eta animaliak kontrolatzen ari direla badakigu, baina inguruko itsas-uretan gertatzen ari denaz ez dakigu ezer ere. Hemendik urte batzuetara jakingo dugu hor egositakoa.
Bestetik, Fukushimako zentralean geratzen ari dena ere ezezaguna da; hobeto esanda, saiakuntza-eremu bihurtu da, sekretua noski, eta hortik aterako denak mundu osoko energia nuklearraren negozioaren etorkizuna jarriko du jokoan. Hondamendia izan daitekeen bezala (beste leherketa bat, beste ihes erradioaktibo bat...), arrakasta itzela ere lortu daiteke (erradioaktibitatearen nolabaiteko kontrola...).
Energia nuklearraren lobbyak datozen hilabeteetan ustekabekoren bat eman nahi izango digula ziur nago.