Angela Merkel bozeramale eta Nicolas Sarkozy txotxongilo dituztela, “Merkatuek” pentsioen erreforma inposatu dute, eta orain negoziazio kolektiboaren ordua iritsi da. Erreforma horren barruan soldatak sartzen dira. Merkelek argi utzi zuen bere posizioa, gainerako Europar Batasunarentzat (EB) ezarri nahi duena, bestalde. EBn Lehiakortasunerako Ituna negoziatzen ari dira, sei punturen inguruan: soldatak inflazioaren arabera igo behar direla esaten duen tesia utzi eta hauek produktibitateari lotzea; konstituzioetan zorraren eta defizitaren mugak sartzea; lan mugikortasuna erraztea; jubilazio adina bilakaera demografikoaren arabera atzeratzea; elkarteen gaineko oinarrizko zerga harmonizatzea; eta banka-krisiak konpontzeko mekanismoa ezartzea.
Espainiako Estatua inposatu dizkioten etxeko lan horiek betetzen hasi da: lan eta pentsioen erreformak. Eta orain negoziazio kolektiboaren erreforma hasiko da, soldatak ezartzeko modua barnean duela. Merkelek, Sarkozyren laguntzarekin, jadanik esana du zer egin behar den eremu horretan. Soldatak enpresaren produktibitatera lotu behar dira, eta ez inflaziora, orain arte bezala. Berehalakoan, Espainiako Bankuak, CEOEk, BBVAk, Espainiako Gobernuak eta EAJk –Bilbaok hitz egin baitzuen–, Merkelen errezeta bere egin dute, eta sindikatuei inposatzen saiatzen ari dira. CCOOk eta UGTk, beti bezala, “ezta pentsatu ere” esan dute, hortik ez direla pasako. Eta gogorarazi dute Espainiako Estatuan paktaturiko ereduak inflazioaren aurreikuspen harmonikoa, berrikuspen klausula eta produktibitatearen banaketa negoziatua jasotzen dituela. Bada, sindikatu horiek, jubilazioa 67 urtera atzeratzetik ez zirela pasako ere esan zuten. Eta pasa ziren! Eta irribarretsu, Borboi Erregearen ondoan argazki atera zuten. Eta orain ere pasako dira soldatekin, eta bihar osasungintzako kopagoarekin. Bitartean, euskal langileek Madril eta Parisen menpe egotearen ondorioak jasaten jarraituko dute.
Juan Mari Arregi