Espainiako Gobernuak, CCOO-UGT-k eta Patronalak, “Itun soziala” sinatu dute, eta horren bidez erreforma antisozial eta antinazionalak inposatuko dituzte Hego Euskal Herrian. Erreforma antisozialak dira, zeren-eta langileak, langabe eta prekarietatean dauden gazteak eta emakumeak dira krisi hau ordainduko dutenak; finantza sektoreak sortutako krisia da, eta sektore horrek pentsioena moduko erreformak egitea inposatu die zorretan dauden Estatuei, kreditua eta bere interes erakargarriak ordainduko dituztela ziurtatzeko. Gehiago lan egin beharko da pentsio baxuagoa jasotzeko. Erreforma antinazionalak dira, zeren-eta, Hego Euskal Herriaren kasuan, gure ekonomiaz eta babes sozialaren sistemaz erabakitzeko dugun nazio eskubidea erasotzen baitu. Daukagun dependentzia larriagotzen da horrela, Madriletik inposatzen digutelako, gureak diren instituzioetan kudeatu, hitzartu eta erabaki beharko litzatekeen pentsioen sistema.
CCOO-UGT, “traidore” deituak izan dira, ez bakarrik beste sindikatuek, baita barne sektoreek ere, eta euren oinarriekin egin beharko dute topo. 65 urtetik gorako jubilazioa ez zutela onartuko zioten horiek, Gobernuaren eta merkatuen helburua “irentsi” dute: 67 urteak, negoziazioan puxtarriak bezala nahi adina salbuespen zenbatu badituzte ere. Beraiek, hortaz, izango dira etorkizuneko pentsionisten pobretzearen eta bazterketa sozialaren arduradun, bereziki emakumeena eta langabe edo prekarietatean dauden gazteena. EAJk itxura guztien arabera, “Itun soziala” babesten badu, ardura hori bera izango du. Eta gainera, Euskal Herriaren nazio eraikuntzari begira, aukera galduko luke gure ekonomia, gure lan harremanen euskal markoa eta gure babes soziala kudeatuko lituzketen berezko erakundeak aldarrikatzen dituztenen ondoan jartzeko. Beraiek ere izango dute erreforma antisozial eta antinazional horien ardura, “Itun sozial” hori, euskaldun gehienentzako, antisoziala eta antinazionala delako.