Astearte goizean egitekoa zen epaiketa, baina akordioa egin dute aurretik fiskaltzak, akusazio partikularrak eta akusatuaren defentsak. Akusatuak onartu du 2019an tiro egin ziola Amurrioko ezker abertzaleko familia baten baserriari. Espetxeratzea ekiditeko indultua eskatuko duela iragarri du, eta alde azaldu da familia: "Ez da garaia kartzelak betetzeko”, adierazi du familiaren abokatu Txema Matanzasek.
Arabako Auzitegian zen egitekoa epaiketa, baina aurretik eta ordu pare bateko negoziazioen ostean itxi dute akordioa hiru aldeek. L.A.M.A. Espainiako polizia ohiak onartu du 2019an tiro egin zuela Amurrioko (Araba) Lezama auzoko baserri baten aurka, eta bi deliturengatik onartu du zigorra: tiroak eragindako kalteengatik 180 euroko isuna eta 200 euroko kalte ordainak ordaindu beharko ditu; gerra armak baimenik gabe biltzeagatik hiru urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zaio, eta armak izateko debekua sei urte eta bederatzi hilabeterako. Akordioaren aurretik, fiskaltzak zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zuen, eta akusazio partikularrak hamahiru urte eta erdikoa.
Espetxeratzea ekiditeko asmoz polizia ohiak indultua eskatuko duela argitaratu du Aiaraldeak, eta akusazio partikularra aukera horren alde azaldu dela zigortuaren adina dela eta (80 urte betetzear da). “Ez da garaia kartzelak betetzeko”, adierazi du akusazioaren abokatu Txema Matanzasek familiaren jarrera azaltzeko. Aitor Aspuru kazetariak jaso duenez, familiak ahaleginak egin ditu hasieratik polizia ohia espetxean sartu ez dadin.
2019ko tiroa
2019ko urtarrilaren 6an L.A.M.A. polizia ohiak tiro bat egin zuen Amurrioko Lezama auzoko baserri baten aurka, ezker abertzaleko familia ezagun baten bizitokia. 400 metro inguruko distantzia batetik egindako tiroa leiho batetik sartu zen. Hiru pertsona zeuden etxe barruan, eta horman utzitako arrastoa aintzat hartuta, familiak adierazi zuen horietako bati 60 bat zentimetrora pasa zitzaiola bala.
Akusatuak hasiera batean ukatu egin zuen bere parte hartzea Ertzaintzaren aurrean, baina onartu egin zuen ondoren, eta bere etxean baimenik gabeko armategi oso bat aurkitu zuten. Aiaraldeak eraman zuen iruditara armategiko edukia, behean ikusi daitekeenez.
Familia, lasai
“Familiak lasaitasunez hartu du prozesuaren emaitza”, Aiaraldearen esanetan. “Positibotzat” jo du epaiak onartzea tiroa apropos egin zuela polizia ohiak beren aurka.
“En el butlletí d'avui al migdia, veureu a l'alcalde de la vostra capital, oferint la plaça principal de la ciutat al cos militar que ens va torturar. En l'informatiu d'avui al migdia, veureu desfilar pels nostres carrers l'estructura que va assassinar als nostres amics i... [+]