“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

  • Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin. "Epe luzeko maratoia da, eta ezinbestekoa da norbera ondo egotea".

Ezker-eskuin: Maitane Maritorena, Koldo Zabala Kaietekin, Junkal Lekuona Lur eta Maddirekin, eta Argider Mujika. Argazkia: Gari Garaialde

2024ko uztailaren 30an - 16:33
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

"Garbi utzi nahi dut, guk lauok gure familia eredua aurrera eraman ahal izan dugu egoera sozioekonomiko ona dugulako; gurasobakar izatea erabakitzeko askatasuna izan dugu gure ahalmen ekonomiko-sozialak ahalbidetu duelako”, dio Koldo Zabalak. Izan ere, panorama orokorra sarri bestelakoa da, asko dira prekarietatean bizi diren eta arazo ekonomiko larrietan erortzeko arriskua duten guraso bakarreko familiak, datuek adierazten dutenez. Azken finean, estatistikek gurasobakarren zaku berean sartzen dituzte hala izatea erabaki dutenak eta ez dutenak (bananduak, alargunak…) eta definizioarekin bueltaka ere badabiltza legelariak. Koldo Zabala bera ez da ohiko profila: kasurik gehienetan, emakumeak dira bikotekiderik gabe guraso izatea erabakitzen dutenak. Zabalak txikitatik zuen argi aita izan nahi zuela, adopzio bidez, eta aitabakar izan nahi zuela ere bazekien: “Prozesu guztia nire kabuz egin nahi nuen, nire modura eta nire kontrolpean, inoren menpe egon gabe, bikotekiderik gabe”. Duela sei urte, egun batetik bestera iritsi zen irundarraren bizitzara Kaiet.

Gainerako solaskideak amabakarrak dira, estatistiken isla. Generoa ote du guraso izateko desirak? Maitane Maritorenak betikoa du ama izateko pentsamendua, “baina ez dakit zein punturaino den nire baitatik libreki erabakitako zerbait, eta zenbateraino den emakume naizelako gizarteak buruan sartua. Zaintza emakumeoi dago lotuta eta haurrak izatera bideratzen gaituzte txiki-txikitatik; adin batetik aurrera ‘amatasun instintuaren’ inguruan galdetzen digute (galdetzen al da aitatasun instintuaren inguruan?) eta gero, berriz, ‘arroza pasatu’ zaigula esango digute”. Maritorena Aniz herrikoa da eta duela hiru urte izan zuen Eihartze: “Nire kasuan, prozesua di-da izan zen, Osasunbidean”.

Gizonek, kasu honetan, zailago dute emakumezko bikotekiderik gabe guraso izatea. Eta atzera begira jarriz gero, adoptatzea bera ezinezko zuten duela zenbait urte. Zabalak uste du bera izan zela haurra izan zuen lehen aitabakarra Gipuzkoan. “Gizartea aurrera doa, eta legedia, atzetik, baina aurrera doa baita ere. Adopzioa planteatu nuenean, nazioartean lau estatutan baino ezin nuen prozesua hasi, eta Espainiako Estatuan ere banuen aukera, nik Espainiakoan abiatu nuen. Bertan, adoptatzerako orduan legearen aurrean berdinak gara familia guztiak, beraz ez nuen zailago izan gizon bakar izateagatik, baina urteak itxaron behar izan nituen. Beti esaten zidaten, ‘argi izan koskortutako haur bat iritsiko zaizula’, eta hara non bi hilabete pasatxo zituen haurra egokitu zitzaidan”, kontatu du Zabalak.

Eta aita non du ume horrek?

Gurasobakarrak –batez ere amabakarrak– ikustera ohituago egongo gara gaur egun beharbada, baina oraindik ere familia tradizionala nagusi da gure iruditerian, subkontzientean eta gizartearen logiketan. “Parkean, pediatran, guraso elkarteetan… gehiengo handia amak dira, baina inork ez du pentsatzen amabakar izan daitezkeenik, aurreikusten dute gizon bat dagoela, aita bat dagoela. Existitzen ez den figura hori beti hor dago, beti galdetzen dizute hargatik, familia tradizionalaren eskeman ez bazara sartzen beti dago galderaren bat”, dio Maritorenak. Are gehiago, haurra Maritorenaren anaiarekin dagoelarik, esaten diote “zu aita bezala”, eta bera osaba dela erantzuten die. “Jendeak familia tradizionala du ardatz: behar ditu amaren eta aitaren figura. Zeren gizartea ez zaigu esaten ari gure haurrak bi erreferente behar dituela, esaten ari zaigu andrea eta gizona behar dituela, erreferenteak pila bat dituelako inguruan gure haurrak”. Argider Mujikak beste adibide bat jarri du: “Niri askotan gertatu zait seme-alabekin oporretara joan eta jendeak galdetzea, ‘senarra lanean?’. Inork ez du pentsatzen agian beste emakume batekin nagoela, edo bakarrik”. Hiru seme-alabaren ama da lazkaotarra: 12 urteko Araitz eta 10 urteko Izei eta Eñaut bikiak. Unea iritsi zitzaionean, bikotekiderik gabe zegoenez bakarrik egin zuen aurrera eta intseminazio bidez izan zituen, pribatuan. Duela urte gutxiko beste adibide bat ere eman digu: “Ikastolan familia ereduak lantzen hasi eta liburuxkan ‘aita’ eta ‘ama’ laukitxoak zituzten prest, argazkiak jartzeko. Libre utzi beharrean, norberak berea osatzeko, horrela bideratzeak zein zentzu du? Bi ama edo bi aita dituena ere kanpoan geratzen da, besteak beste”.

Hariari heldu dio Zabalak: “Familia instituzio bat da eta instituzio hori normatibizatuta dago: emakumea, gizona eta txikia(k). Hortik ateratzen den guztia anormaltzat jotzen da eta galderak eragiten ditu. Galderak egitea nik ez dut gaizki bizi, baldin eta errespetuz egiten badituzte, eta aintzat hartuz denok dugula intimitaterako eskubidea: nik kontatuko dut nahi dudan arte, eta gauza batzuk gordeko ditut gure familiarentzat, gure historia baita. Egitura normatibizatu horretatik ateratzen garelako ez dugu zertan azalpenak eman, garrantzitsua da nabarmentzea”.

Azalpenak seme-alabentzat izan ohi dira. Umeak koskortuago ditu Mujikak, baina ez diote “aitagatik” galdetu, “natural bizi dute, jendeak aldiz askotan galdetu dit, ‘haurrek ez dizute aitagatik galdetu?’”. Koldo Zabalari Kaietek bai galdetu zion, bi urte ingururekin, ea ama non zuen, “Bi urte baino ez zituela, bere sozializazio prozesuaren bidez jada ulertu zuen familiaren instituzioa amak eta aitak osatzen dutela. Haurreskolara joaten zen eta haurreskolara umearen bila joaten ziren gehien-gehienak amak ziren. ‘Denek dute ama, non dago nirea?’, arrotza egiten zitzaion. Kaieten lagunei ere beti sortu die jakin-mina, non du ama? ‘Ama hil al zaio Kaieti?’ da umeek sarri galdetzen dutena. Denei erantzun bera ematen diegu: Kaietek ez du amarik, emakume baten sabeletik jaio zen, baina emakume hori gaixo zegoen, ez zen Kaiet zaintzeko gauza, eta ni bere aita izateko beso zabalik nengoen, itxaroten”. Umeei normaltasunez azalduta, naturaltasun osoz hartzen dutela gehitu du Mujikak. Gainera, adinekoek agian ez, baina belaunaldi gazteek errazago ulertuko dutela aipatu du. Kontrakoa uste du Maritorenak: “Helduek aiseago ulertzen dutela iruditzen zait, amabakarrak beti izan direlako, eta hain justu adin batetik goitiko jendeak esan izan dit ‘biba zu, nik gauza bera eginen nuen’, erranez bezala ‘ez oraingo senarrarekin’. Eta aldiz, gazteen artean asko ikusten dut ametsetako etorkizuntzat dutela maitasun erromantiko heterosexualaren ideala”.

Koldo Zabala: "Galderak egitea ez dut gaizki bizi, aintzat hartuz denok dugula intimitaterako eskubidea. Egitura normatibizatutik ateratzen garelako ez dugu zertan azalpenak eman"

Bai ausarta!

“Zeinen ausarta!” da Junkal Lekuonak sarri entzun duena amabakar izateagatik, “baina zenbat emakume eta ama ikusten ditudan nik haurra bakarrik hezten ari direnak, bikotekidea izanda ere. Ausarta ni ez, ausartak emakume horiek, horrela bizi nahi dutenak. Gainera, ez gara ezer egiten ari duela 50-60 urte egiten ez zutenik: gure amona eta birramonek zenbat haur hezi zituzten bakarrik? Etxe horietan gizon bat zegoen, lan egin eta dirua etxera eramaten zuena, eta beraz esaten zen gizonak ateratzen zuela etxea aurrera, baina etxea aurrera ateratzen zuena emakumea zen”. Lekuonak 32 urterekin jo zuen Osakidetzara, haurdun geratu nahian, eta hiru urte geroago bukatu du prozesua, itxaronaldi luze baten ostean; “pentsa, zerrendan sartu ninduen ginekologoak esan zidan oso gaztea nintzela, eta aldiz, azken intseminazioa egin nuen pentsatuz hortik gutxira agian nire obuluak zaharrak izango zirela”. Urtebete duten Lur eta Maddi bikien ama da irundarra.

Etxeko heldu bakarra izatea askatasun handiz bizi du Lekuonak: “Erabakiak bakarrik hartzea izugarrizko askatasuna da”. Aldi berean, baina, “eskuak behar ditut eta eskuak falta zaizkit, bi haur batera izateak gainditu egin nau, besteen laguntza ezinbestekoa dut une askotan, oso mugituak direlako, eta bai fisikoki eta bai emozionalki haurrak ondo egoteko eta ni ondo egoteko babesa behar dudalako”. Pixkanaka trikimailuak ikasiko dituela esan dio Mujikak: “Zenbat arropa zabaldu ote dudan nik, bikietako bat bizkarrean lotuta eta bestea hanketan nuela; lurrean ere asko uzten nituen; bi haurrak bularrean aldi berean jartzen ere ikasi nuen...”. Solaskide guztiak, dena den, bat datoz: inguruan sare bat, komunitate bat izatea inportantea da.

Nola kontziliatu, amona esplotatu gabe

Kontziliazioaz galdetuta, zailtasun eta oztopoz betetako kontakizunak espero zituen kazetari honek, baina bestelako erantzuna eman dute solaskideek: “Gurasobakar izatea erabaki dugunok horretan guztian aurretik asko pentsatu dugu; ongi hausnarturiko erabakiaren ondorioa izanik, kontziliaziorako moduak ere aurreikusi ditugu”, diote, denek jo baitute lanaldi murriztura eta eszedentzietara, aurretik diru poltsa bat eginda edota soldatari jandako diruarekin kalkuluak aterata. Argi baitiote: ez dute ume bat ekarri zortzi orduz lan egin eta beste norbaitekin edo beste nonbait uzteko. Adibiderako, Zabalaren hitzak: “25 urte nituela hasi nituen adopzio tramiteak, adoptatzeko behar duzun gutxieneko adinarekin, eta Kaiet iritsi zen 31 urte nituenean, beraz sei urte izan nituen prestatzeko. Etxea, lana… dena oso egituratua nuen, momentua ailegatzen zenean adopziokoek atzera bota ez ziezadaten. Dena ondo lotua nuen eta ideiak garbi, ni egongo nintzela hor Kaiet zaintzeko. Soldataren parte handi bati uko egiten diot, murriztua dudalako eta udan adibidez eszedentzia hartzen dudalako, baina oso pozik bizi naiz egunero txikia eskolan utzi eta jasotzen, eta asteburuak eta oporrak elkarrekin pasaz”. Gainera, sare familiar txikia duela dio, eta duen sarea ulertzen duela Kaieten aberastasunerako, ez hainbeste zaintzari begira. “Kaieten amonak badaki berarekin egon nahi duenean esatea besterik ez duela eta elkarrekin egon daitezkeela, baina ez duela egunero 16:30ean eskolako atera joan behar umea hartzera”.

Hain justu, kontziliatzeko aiton-amonak baliatzeaz gurasobakarrei soilik ez, bikoteei galdetu behar zaiela nabarmendu du Maritorenak: “Amatxi esplotatuen afera ikaragarria da, eta gainera irudi du gustuz egiten duten zerbait dela, ‘haurrarekin egon nahi dute’, baina ez, obligazioz egiten dute. Koldok bezala, nik ere nahi dut gure ama haurrarekin egotea disfrutatzeko, ez zaintzeko. Eta solasaldi honetara etortzeko edo beste zerbaitetarako haurra norbaitekin utzi behar dudalarik, jendeak galdetzen dit, ‘Ze, haurra amatxirekin?’, bada, ez, zergatik utzi behar dut amatxirekin? Nik bertze gisan eraiki dut sarea inguruan, anai-arrebek eta lagun taldeak aspaldi izan zituzten umeak, beti egon naiz haurrez inguratuta, eta orain gure haurrez bertze haur eta helduak arduratzen dira baita ere. Herri txiki batean bizitzearen abantaila da, herriko komunitatea eta sarea ditugu oinarrian”.

Garai batean sareak zuen garrantzia azpimarratu du Mujikak: “Belaunaldi ezberdinak bizi ziren etxe bakarrean, eta baserrietan esaterako, ume asko izaten zirenean, ez zegoen emakume bakarraren figura, inguruko emakume mordoxka zegoen haren bueltan”. Diskurtsoa eraiki dugu, baina praktikan lehen zaintza eta komunitate sarea orain baino aise handiagoa zela uste du Maritorenak: “Parkeetan, gurasoa eta bere seme-alabak, hori da ikusten dena, eta beste ume batek zerbait egin badu nik ez diot ezer esango, harenak dira-eta… Heziketa oso indibidualizatua ikusten dut”.

Junkal Lekuona: "Zenbat emakume eta ama ikusten ditudan nik haurra bakarrik hezten ari direnak, bikotekidea izanda ere. Ausarta ni ez, ausartak emakume horiek"

Norberaren deskantsua

Junkal Lekuonak bai du amarengana jotzeko joera, aita duela gutxi hil zitzaion eta bi txikiak denon bizipoza direla dio. Inguruan laguntzeko prest dagoen jende ugari du gainera. Halere, bikiak izanik bi ume batera utzi behar izateak kontzientzia karga eta erruduntasun sentimendua sortzen diola aipatu du: “Hain txikiak izanik, amarekin ezin ditut biak utzi, bi pertsona deitu behar izaten ditut, eta kosta egiten zait uztea, gauza asko egiteari utzi diot horrexegatik, tartean ezinbesteko nituen bi: kirola eta loa”. Norberak lo egitea eta deskantsatzeko aukera izatea zeinen inportanteak diren azpimarratu du Mujikak: “Hau epe luzeko maratoi bat da, pixkanaka eta egunero egin beharrekoa, eta ezinbestekoa da norbera ondo egotea”. Berari ere asko kostatu zaio norbere aisialdirako edo bestelakoetarako umeak uztea, hiru seme-alaba uztea ez delako erraza.

Gurasotasuna gogorra baita, eta ederra. “Bakarrik egoteak egiten du dena intentsitate handiagoz bizitzea, ona eta txarra –kontatu du Zabalak–. Banekien umea etortzerako ez nuela nire buruarekin gazte garaiko zorrik nahi, aurrez egin beharrekoak egingo nituela, gero txikia etortzean impasse bat izango nuela Koldo bezala, eta gaur egun edo txikiarekin edo lanean ematen dut denbora, kirol pixka bat egiteko tartea ere ateratzen dut, baina haurrarekin egoteak, denbora horretan inbertitzeak, bueltan gehiago ematen dit, lehengo bizimodura bueltatzeak baino. Nik erabaki dut horrela egitea eta pozik nago horrela nahi dudalako, ongi bizi dut. Gainera, txikiak koskortuko dira, eta beste fase batean sartuko gara”.

Maritorenak ere utzi dio hainbat gauza egiteari, baina kultur taldean, literatur taldean eta bestelakoetan dituen konpromisoei eusten saiatzen da, orain bilerak (ordutegia, lekua) moldatuta. “Inportantea iruditzen zait norbere buruarentzat denbora hartzea, eta umearekin egunero nago, baina larunbatean sagardotegira noa eta haurra koinatarekin utziko dut inongo erru sentimendurik gabe”.

Maitane Maritorena: "Amatxi esplotatuen afera ikaragarria da, gainera irudi du gustuz egiten dutela. Nik nahi dut gure ama haurrarekin egotea disfrutatzeko, ez zaintzeko"

Legea, burokrazia eta eskubide urraketak

Zaintzarako lanari kentzen dizkioten orduak orekatzeko dirulaguntzarik ez dute gurasobakarrek. “Gurasobakarrak izateagatik ez dugu dirulaguntza berezirik, denek dituztenak ditugu, baina batzuetan, gurasobakar izateagatik, ratio handiagoak ditugu", dio Zabalak. Adibidez, bi gurasodun familietan umeak 3 urte eta erdi bete arte hilero 200 euro kobratu ditzakete EAEn, eta gurasobakarrek haurrak 12 urte bete arte, “baina orokorrean, ordain ekonomikoa ez da handia”. Nafarroan dirulaguntza hori ez dutela gehitu du Maritorenak. Hainbat tasa eta abarretan beherapenak dituzte, hori bai, eta udal batzuek deskontuak eskaintzen dituzte gurasobakarrentzat, udal zerbitzuetan.

Eskas dela argi dute. Gainera, administrazioarekiko harremana ez da ona, hainbaten kasuan. Errenta aitorpena kari, esaterako, telefonoz deitu zioten Maritorenari, eta bizpahirutan errepikatu behar izan zuen umearen aitarik ez zela existitzen, langileari ez baizitzaion buruan sartzen amabakarra zenik, banandua zegoela ulertzen zuen.

Espainiako Gobernuak aurreko legegintzaldian egosi eta honakoan aurrera atera dezakeen Familien Legeak gurasobakarren egoera zerbait hobetuko du agian, baina esanguratsua da, Hego nahiz Ipar Euskal Herriko amabakar eta aitabakarren aldarrikapen historikoa ez du jasoko legeak, printzipioz: haurra jaiotzen delarik, amatasunari dagokion baimena ematen zaie gurasobakarrei, baina bi gurasodun familietan bikotekide biei batera dagokien egun kopurua eskatzen dute gurasobakarrek. Seme-alabak 8 urte bete arteko zaintza baimen berrietan ere, berdin gertatzen da. Azken finean, gure solaskideek ulertzen dute baimen hori jaioberriarengan pentsatutako baimena dela, eta haren eskubidea dela guraso bat ala bi izan, hilabete kopuru berean zaindua izatekoa ama edo aitarengandik. Hain justu, justiziara jo duten gurasobakar ugariri arrazoia eman die epaileak, bestela haurrak tratu diskriminatzailea jasotzen duelako. Eta zer argudiatu du PSOEk, aldarrikapen horri bide ez emateko? Bada, amabakarren kalterako litzatekeela, gurasotasun baimen luzea aurreikusiz hainbat enpresak ez lituzteketelako kontratatuko. “Hori tranpa da –dio Maritorenak–. Haurra baldin badago erdigunean, argi dago berdintasunaren izenean ez dutela egin. Eta planteamendu horren arabera, emakume izatea bera da kalterako, hamasei aste ez, bederatzi hilabeteko baja ere izan dezakezulako haurdunaldian”. Bikotekidea zaintzeko baimenak ere badirela eta gurasobakarrek ez dituztela horiek baliatzen, hori ez du kontuan hartu PSOEk, nonbait. Amorrua aipatu digu Lekuonak, bi haur batera izan eta zaintzarako bi gurasodun familiek baino epe gutxiago izan duela gogoratzen duenean. Are gehiago, haurreskolara lehenago joateko aukera bermatuko die lege berriak gurasobakarren umeei, baina ozen diote: eskatzen dutena ez da haurreskolara bidaltzeko abantaila, etxean gainerakoen epe berean zaintzeko aukera izatea baizik.

Ageriko beste diskriminazio bat, hori bai, ezabatuko du lege berriak, itxuraz: bi guraso eta bi umek osaturiko familia, familia ugaria da legez; guraso alargun bat eta bi umek osatutakoa baita ere; baina gurasobakarra eta bi umek osaturiko familia ez da familia ugaritzat hartzen. “Esaten dute legeak onartuko gaituela familia ugari gisa, ikusteko dago”, dio Lekuonak, eta administraziotik harago, erakunde pribatuetan ere jarri du fokua: “Jolas-parke batera joan eta nire aurrekoei deskontua egin zieten, familia ugaria zirelako; esan nien bi umedun amabakarra naizela eta familia ugaria garela gu ere, baina aitzakiak jarri zizkidaten bata bestearen atzetik; erabakia, ordea, beren esku dago”.

Gurasobakarrak eskubidetan eta dirulaguntzetan ez diskriminatzeko neurriak hartu behar direla dio Familien Legeak, baina eskubide horiek bermatzeko mekanismo zehatzak falta direla kritikatu du Hautuz Amabakarren Federazioak (bertako kide da Junkal Lekuona). Besteak beste, aldarrikatu dute bi gurasoak lanean aritzeagatik familiek dituzten eskubide berak izatea guraso bakarreko familiek, desgaitasunen bat duen seme-alaba eta guraso bakarreko familiak familia ugaritzat hartzea (legez hala egiten delako desgaitasuna duen seme-alaba bakarra eta bi gurasodun familien kasuan), eta errenta aitorpenean aldaketak egitea, “gurasobakar izateagatik arlo ugaritan zigortzen gaituelako”.

“Zuk erabaki duzu amabakar izatea” ere entzun behar izan du baten batek –“hor konpon” tonuan, alegia–, eta erantzuna prest dute solaskideek: hala hautatu izanak ez du esan nahi eskubiderik ez dutenik, familia ugaria izatea erabaki duenak eskubide aitortuak dituen gisan. Azken finean, zer esanik ez bizi ditugun krisi demografiko garaiotan, neurri estrukturalak eskatu dituzte, haurrak ekartzea, zaintzea eta haztea erraztuko dutenak, jaiotzen diren familia ereduan jaiotzen direla.

Argider Mujika: "Sareak lehen garrantzi handia zuen. Ume asko izaten zirenean, ez zegoen emakume bakarraren figura, inguruko emakume mordoxka zegoen haren bueltan"

[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
Indusen ibaibideak

Muturreko lehorteak eta euriteak dira beroketa globalak Pakistanen duen inpaktuaren alde agerikoena. Ez dira hain ezagunak, ordea, hondamendiek piztu eta bizkortzen dituzten gaitz sozialak, eta zenbat eta nola oztopatzen duten azken horiek Asiako herrialdearen garapen oso eta... [+]


2024-07-30 | Xabier Iaben
Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz
Pardina eta makien arrastoan

Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]


2024-07-30 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


2024-07-30 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


2024-07-30 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-07-30 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-07-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


2024-07-30 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Eguneraketa berriak daude