Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

  • Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu behar duten; espezie aldaera zabala dute hazitegian, batzuek fruitua goizago eta besteek beranduago eman dezaten, hartara baratzeko hilabete zailetan astez aste zer jana izateko... Buruaski edo autosufizienteak dira baita ere elikagaiak lantzeko lan tresnetan eta prestatzeko moduetan: ez dute pestizida ez ongarri kimikorik erabiltzen, ez motordun erremintarik, ez elikagaiak prozesatzeko errotarik eta kontserbarik. Bidean ikasi dutena azaldu digute.

Argazkia: Sabina Hourcade / CC-BY-ND

2024ko abuztuaren 12an - 09:30

Behorlegin bizi dira Odei Etxeberri Bimboire eta Gorka Roca Torre, duela 14 urtetatik, beraien seme Oihan eta Mirurekin. Ardi hazkuntza dute etxeko diru sarrera, eta merkatutik kanpo baratze-oihana egiten dute. ARGIAko lantaldeko lau lagun izan gara bisitan, baratze-oihana ezagutzen, eta bazkaltzera gonbidatu gaituzte. Artoa, hainbat tuberkulu mota, azenarioak, txikoria belarra, erremolatxa, sagarra... benetan ederrak ahoratu ditugu gordinik, egosita eta baporean eginda, oliorik eta bizigarririk gabe. Haiek hazi eta hildako etxeko ardia labean prestatuta dastatu dugu, etxean egindako gazta ere bai eta pixkanaka ulertu dugu nola doazen eguneroko dieta eta erabaki praktikoak buruaskitasunerantz eramaten, eguneroko bizitza pixkanaka kapitalismotik askatzeko. Lehenik helburu soziala dute, beraien oinarrizko beharrak asetzeko ez beste inor zapaltzea, eta bigarrenik helburu ekologikoa dute, beraien bizitza naturaren zikloak oztopatu gabe garatzea. Baratze-oihan batetik abiatuta, hara...

Ilustrazioa: Ione Larrago.
Zer da "baso jangarri", "oihan-baratze", "baratze-oihana"?

Baratzezaleen artean, boladan dago "baso jangarria" (Hego Euskal Herrian) edo "oihan-baratzea" (Ipar Euskal Herrian). Torrek azaldu digu zer den: "Oihan-baratzea elikagaiak ekoizteko sistema bat da eta ekosistema natural orekatuenean inspiratzen da: oihanean. Helburua da baratzegintza mota bat egitea, eredu gisa oihanaren ekosistema hartuta eta horretarako fruitu arbolak eta barazkiak elkarren ondoan ematen ditu". Oihana ekosistema orekatua da naturan, hau da, gai organiko eta ez organikoen zikloa bertan ixten da, bere kasa orekatzen da. Ekosistema emankorrena ere oihana dela azaldu du Torrek: "Eguzki energiaren erabilera emankorrena oihanak egiten du, eta elikagaiak ekoiztea funtsean horixe da, eguzkiaren energia erabiltzea, gai organikoa sortzeko. Beraz, lur eremu bat dugunean elikagaiak ekoizteko, sistema emankorrena izanen da eguzki energia gehien baliatzen duena". Zentzu horretan, monolaborantza ez da batere efizientea; Torrek mertxikondoz betetako eremu bat jarri du adibide: "Mertxikondo eremu horrek fruituak ekoizteko eguzki argia urteko garai motz batean erabiliko du, loratzen denetik fruitua eman arte, eta fruitua eman ostean ere hostoetan erabiliko du eguzki energia, adarrak garatzeko. Baina ondoren, hostoak eroriko zaizkio eta lauzpabost hilabete pasatuko ditu elikagaiak ekoizteko eguzkiaren energia erabili gabe". Oihanean ez dela hori gertatzen azaldu du: "Oihan batean baditugu landareak urte osoan, bat bestearen atzetik etorriko direnak eta txandaka eguzkiaren energia erabiliko dutenak. Oihan baratzearen ideia hori da: espazio berean ukango ditugu landareak urte osoan, eguzkiaren energia erabiliko dutenak. Eta beraz, eremu batentzat sistema emankorrena da".

[Beheko bideoan ikusgai Egonarria saioan Gorka Torre bere baratze-oihanaz]

Torrek beren baratzeak erakutsi dizkigu eta praktikan azaldu digu nola antolatzen den oihan-baratzea: fruitu arbolak sartu dituzte ilaran, eguzkira orientatuta. Beren hasierako akatsa, zuhaitz gehiegi landatzea izan zen, oso ohikoa omen dena oihan baratzea egiten hasten direnen artean. Zuhaitzek bere lekua behar dute eta eguzkiaren argia lur eremu horretara ahalik gehien sartu dadin, zuhaitzen arteko espazioa zaintzea garrantzitsua da. Zuhaitzen artean, altuera ezberdinetako zuhaixka, igokari, zereal, barazki eta tuberkuluak sartzen dituzte eta bakoitzak hartuko duen altuera eta espazioa kontuan hartuta, zaintzen dute eguzki argia ahalik eta gehien aprobetxatzea oihan baratzeko lurrean.

Torrek "baratze-oihana" deitzen dio berenari: "'Oihan baratzea' behar bada beste batzuek egiten duten gauza bat izango da, hau da, baso edo oihan batetik abiatu eta hori eraldatzea, barnean baratze bat sartuta. Guk, aldiz, biak elkarrekin sortu ditugu: barazkiak eta fruitu arbolak, eta barazkiei lehentasuna emanda, hau da, bereziki barazki aldetik emankorra izatea bilatuta. Baratzetik abiatu garenez, 'baratze-oihana' esatea zuzenagoa iruditzen zait. Alegia, bata da baratzean arbolak sartzea eta bestea da dagoen oihanean barazkiak sartzea. Bigarrena konplexuagoa da, zeren oihan bat dagoeneko egina delarik, bada itzal anitz eta zaila da horren tartean barazkiak sartzea. Hainbat arbola moztu beharko lirateke, argia sarrarazteko". Baratze-oihanetik hurbil, oihan txiki bat erakutsi digu, zuhaitz gaztez betea. Torrek azaldu du bertan ez dutela zehazki oihan baratze bat egingo, baina bai antzeko zerbait: "Oihan honen barnean landare batzuk ekoizten saiatuko gara, baita onddo batzuk ere, shiitake eta beste". Hegoaldean erabiltzen den "baso jangarri" hitza beste zerbaitekin lotzen du Torrek: "Hurbiltasuna ukan dezake guk oraindik anitz garatu ez dugun arlo batekin, baina pitinka-pitinka garatzen saiatzen ari garenarekin: barazki salbaiak, basa landareak biltzea eta jatea. 'Baso jangarria' horrekin erraz lotu ahal den ideia bat da. Izan ere, basoa berez da neurri batean jangarria! Baratzea, aldiz, lantzen dugun zerbait da, gizakiaren esku-hartzea dago tartean. Horregatik, pentsatzen dut argiagoa dela 'baratze-oihana' kontzeptua, 'baso jangarria' baino".

Zelaian trostan ari den astoaren kakak pertzan bildu ditu Torrek eta baratze-oihaneko landare batzuei jarri die oinean. Beste batzuei ongarri berdea ematen die, bien arteko aldea frogatu nahi baitu. Lan horietan ari den bitartean azaldu dizkigu lur lanak egiteari ekin zionetik orain arte baratze-oihanaren inguruan loratu zaizkion bost oinarriak:

2023an kurduekin tipula ereiten. Argazkia: Rocak eta Etxeberrik utzia.
Behorlegiko baratze-oihanaren bost oinarriak

Hauek Gorka Torreren hitzak:

"1.-Baratzegintza maitasun kontu bat da. Hamabost urterekin hasi nintzen hazi bat ereiten eta hortik ateratzen den landarea garatzen ikusten, loretzen eta hortik ateratzen den fruitua biltzen eta jaten... horrela bizitzaren zikloaren magiaz liluratu nintzen eta geroztik nire pasioetako bat izan da.

Hamabost urterekin hasi nintzenean, oraindik ez nuen kontzientzia politiko eta soziala oso garatuta. Handik urte batzuetara hasi nintzen garatzen kontzientzia kritikoa eta bigarren arrazoi oso garrantzitsu bat gehitu zitzaion lur lan horri:

2.-Nik nire baratzea egiterakoan nire burua bakarrik esplota dezaket. Mundu hau sistema kapitalistan antolatua da eta gure behar gehienak besteen lanaren esplotazioaren ondorioz asetzen ditugu. Bereziki guk, zentro inperialistan garenok, gehienetan guregandik urrun den eta ikusten ez dugun esplotazio sistema anker handi batekin asetzen ditugu gure beharrak. Nire baratzea egiterakoan nire burua esplota dezaket, ez naiz beste bat esplotatzen ari. Nire beharrak neronek, familian eta hurbileko giza taldean nahi ditut asetu.

Guhaurek ekoitzi nahi ditugu guhaurek behar ditugun elikagaiak eta horiek lantzeko behar ditugun tresnak. Eta hori garatu nahi dugu proiektu politiko eta ekonomiko gisa. Horrek gehitzen dio baratze-oihanari hurrengo ideia:

3.-Herri buruaskitasuna. Mundua ekologikoki xehatzen ari gara baina gainera gainbeheran da sistema osoa. Kolapsorantz aitzinatzen ari gara eta kolapsoari aurre egiteko bitarteko onena da buruaskitasuna edo autosufizientzia garatzea, kolektiboki. Izan ere, buruaskitasunak zentzua du, herri buruaskitasuna baldin bada. Hau da, ez gara  indibidualki buruaski ezertan, soilik komunitate bat izan daiteke buruaskia. Horregatik, guretzat helburua herri buruaskitasuna da.

Guhaurek ekoitzi nahi ditugu guhaurek behar ditugun elikagaiak eta horiek lantzeko behar ditugun tresnak.

2021ean zapatistekin baba txikia ereiten. Argazkia: Rocak eta Etxeberrik utzia.

4.-Janari osasungarria denentzat. Baratze-oihanean egiten dugun lanaren helburua, funtzioa, finalitatea horixe da. Guretzat borroka ardatz oso garrantzitsua da munduko herritar orok elikagai osasungarriak eskuratzeko aukera ukaitea. Asistentzialismotik janaria ematen diote hainbati, bai, baina zaborra: saltoki handiek botatzen dutena, zaborra. Ahal ekonomikorik ez dutenei janari onena eskuratzeko bideak eman behar dizkiegu, asistentzialismoan erori gabe.

5.-Baratze situazionista. Frantziako Estatuan 1960ko hamarkadan izan zen ultra ezkerreko mugimendu bat, arte mugimendutik sortu zena. Eta haien kontzeptuetako bat da ez bereizketarik egitea, alegia, gauza guztiak lotuak direla ohartzea. Haiek zioten artea gure bizitzako keinu guztiei lotua izan behar dela, artea ez dela bizitzako momentu bat izan behar, adibidez asteburuan, lanetik ateratakoan, margo bat egitea.

Filosofia horri jarraituta, baratze-oihana ez da bakarrik baratze bat, ez da bakarrik elikagaia ekoizteko leku bat, guk hemen egiten dugun lur lan hori zentzu ugariz betea da eta zentzu inportante bat da, adibidez, edertasuna sortzea. Ni ez noa baratzera elikagaiak ekoiztera bakarrik; noan aldiro, baita ere banoa eguzkia hartzera, ezagutza transmisioa egitera, estetikoki maite dudan eremu batean egotera, elkarrizketa bat izatera lagun batekin... Horregatik, nire baratzeei baratze situazionista deitzen diet, ongi azpimarratzeko ez dugula bereizketarik egin behar eta zentzu oso bat eman behar diegula egiten ditugun gauza guztiei.

Eta hara, bosgarren ideia hau loturik da erabat lehen ideiarekin, itzuli gara bizitzaren zikloaren edertasuna apreziatzera".

Gorka Torre: "Ni ez noa baratzera elikagaiak ekoiztera bakarrik; noan aldiro, baita ere banoa eguzkia hartzera, ezagutza transmisioa egitera, estetikoki maite dudan eremu batean egotera, elkarrizketa bat izatera lagun batekin...". Argazkia: Sabina Hourcade / CC-BY-ND.

Eta kontakizunaren haritik zintzilik irauten genuen bitartean, oharkabean, Torreren atzetik iritsiak ginen bere azken baratze situazionistara. Bertan badira edertasunagatik landatutako loreak barazki artean. Eta badira kurduekin batera landatutako tipulak, Euskal Herrian zabaldu dituzten "iraultzaren haziak". Dena bat den baratze horretan, azaldu digu Torrek haien proiektuaren baldintza nagusia: "Egiten dugun guztiak ez du inolako interesik gure familiarentzat bakarrik ari bagara. Honek interesa du kapitalismoaren logikari alternatiba bat eraikitzen diolako: garatu behar dugun alternatiba horrek merkatuaren logikatik erabat kanpo izan behar du eta oso garrantzitsua da bien arteko bereizketa oso argia egitea. Eta noski, jorratzen dugun bideak balio izango du denentzat baldin bada aterabide bat, bestenaz ez du balio". Azken ideia horiek sakonago azaldu dizkigu, haziz betetako armairua eta giza indarrez dabiltzan lan tresnak gordetzen dituzten etxetxoan:

Argazkia: Sabina Hourcade / CC-BY-ND.
Kapitalismoari eremuak irabazten

Kapitalismoa sortu zeneko garaira jo du Torrek, egungo zapalkuntzen azalpenak bilatzeko: "Zer egin zuten Ingalaterran? Enclosure sistemaz lurrak hesitu zituzten eta herriari kendu egin zioten lur komunalak erabiltzeko aukera, alegia, lurra kenduta beraien beharrei beraiek zuzenki kolektiboki erantzuteko aukera kendu zieten. Horrekin paraleloan garatu zen industria: langileak behar zituzten, eta nola behartu jendea industriara lanera joatera? Beren baitatik bizitzeko posibilitatea kenduta. Geroztik hori bera egin du sistema kapitalistak: dependentzia sortu. Kentzen digu gure beharrak asetzeko posibilitatea eta ondorioz, gure lan indarra saltzera behartzen gaitu. Egungo katastrofea desjabetze horretatik dator eta birjabetze logikan sartu behar gara".

Gaur egun jendeak ez du lurrik eskura, buruaskitasuna garatu ahal izateko. Torrerentzat hori da lehen borroka, guztiek lurra eskura izatea, "eta beraz, jabetzaren kontrako gogoeta bat egitea, eta pentsatzea nola egiten dugun munduko herritar orok ukan ditzan bitartekoak bere beharrei kolektiboki erantzun ahal izateko".

Kapitalismoari alternatibak bilatzerakoan, Torreren ustez ezinbestekoa da bestelako logika batzuk erabiltzea, "bestela sistema erreproduzitzen dugu funtsean". Baratze-oihanak kapitalismoaren merkatu logikaz kanpo dauka zentzua, Torreren ustez: "Baratze-oihana ez da erraza merkatu logikarekin lantzeko, zeren merkatuaren logikan lehiakortasuna bilatzen da, eta une jakin batean bildu behar dituzun barazki moten artean arbola batzuk baldin badituzu bere adarrekin eta eremu txikian aniztasun handia baldin baduzu, denbora pila bat beharko duzu zure azak edo pastenagreak biltzeko, ezingo duzu mekanizatu eta traktorerik sartu... merkatuaren logikan, baratze-oihanetik ateratzen duzuna ez da batere lehiakorra izango. Baratze-oihana gehiago da merkatuaren logikatik kanpo eta buruaskitasunerantz joan nahi duen jendeak garatzen duen teknika". Torrek argi du egun denok behar dugula bizitzeko gutxieneko diru kopuru bat eta horregatik, baratze-oihana egiten dutenek beraien ekonomiaren parte bat merkatuan garatzen dute eta beste ekonomia parte bat merkatutik kanpo, adibidez, baratze-oihana eginda: "Garrantzitsua da pixkanaka gure bizitzetan merkatutik kanpoko esparrua handitzen joatea, eta merkatukoa txikitzea. Horrek gogoeta egitea eskatzen du: Nola egiten ahal dugu kolektiboki gure diru beharrak txikitzeko eta denbora libratzeko merkatuaren logikatik kanpo diren alternatibak eraikitzeko? Indibidualki ezin da, baina kolektiboki posible da".

Galdera horiek egunero eramaten dituzte praktikara haien etxean: "Buruaskitasuna garatzen dugunean, jasotzen dugun funtsezko irakaspena da gauzen egiazko balioa: ereindako horretatik fruitua biltzen eta jaten duzunean plazer hartzen duzu, eta momentu horretan  ikasten duzu neurtzen zuk kontsumitzen duzuna ekoizteak zer eskatzen duen. Elikaduran buruaskitasuna lantzen hasi ginenetik, gure etxean haragi kontsumoa gutxitu egin da. Zergatik? Zeren haragia oso ona da, baina hemen abereak guk hazi eta elikatu behar ditugu, guk ekoiztu behar dugu abereen elikagaia. Eta berehala ohartzen zara hobe dugula artoa guk jatea oiloei ematea baino: hamar kilo artorekin hainbat egunez jango dugu etxekook, eta oiloei emanda, aldiz, hamar kilo arto horiek kilo bat haragi emango digute eta kilo bat haragi egun eta erdian jango dugu etxekook. Gero eta gehiago garatzen duzularik buruaskitasuna bizitzako arlo guztietan, orduan, kapitalismoak ezkutatzen zizun hori ikusten duzu. Eta horrek nahi eta nahi ez eragiten dizu sinplifikazio bat, kontsumo apaltze bat".

Urteotako lurreko lan guzti-guztiak lan tresna hauekin egin dituzte. Argazkia: Sabina Hourcade / CC-BY-ND.
Lan tresnetan ere buruaskitasuna

Hamalau urteotan Behorlegin egin duten lur lan guztia giza energia erabiltzen duten eskuzko tresnekin egin dute. Ez dago motordun lanabesik: "Guretzat, buruaskitasuna garatzeko, ezinbestekoa da ekoizteko tresnetan ere buruaskiak izatea. Bestela, merkatuan arazoak sortzen direnean petrolioa edukitzeko, paralizatuta zaude", dio Torrek. Sistema kapitalista pertsonen zapalkuntzan oinarritzen bada, tresnak ez dira salbuespen: "Ikaragarrizko esplotazioa ematen da. Petrolioa magikoa da, motozerra erabiltzen duzu eta zer magia den! Baina azter dezagun horren atzean mundu mailako zer esplotazio dagoen". Salatu du lurra lantzeko tresnak egiten dituen lantegirik jada ez dagoela Euskal Herrian eta alderik alde ibiltzen dira, adibidez, aizkorak edo trontzak egiten dituzten azken artisauen bila.

Planetaren kutsadura gutxitzeko gai hau funtsezkoa dela adierazi du: "Kutsadura askoz gehiago sortzen da lan tresnak ekoizterakoan, lan tresna horiek erabiltzerakoan baino. Eskuzkoak dira gutxien kutsatzen dutenak".

Erakutsi digutenarekin eta gurekin partekatu dutenarekin eskertuta itzuli gara Behorlegitik. "Iparraldeko Txindokiren" oinean –horrela izendatzen dute Behorlegi mendia hegoaldeko mendizaleek–, familia honek ateak zabalik ditu zapalkuntzarik gabeko mundu bat lantzen diharduten kolektiboentzat.

[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


2024-08-26 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


2024-08-19 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Eguneraketa berriak daude