Nolako eskola behar du gaurko munduak?

  • COVID-19ak agerian jarri ditu hutsuneak eta ondorio nagusietakoa izan da ikasketetan ere klase sozialen arteko desberdintasuna handitu dela, etxeetako maila sozio-ekonomiko eta kulturalaren arabera ikasleek gehiago edo gutxiago eutsi ahal izan baitiote eskolako ikasketei itxialdian. Eskola etxetik eman beharrak praktikan familien eskuetara itzuli du gure gizarteak instituzionalizatua eta profesionalengan delegatua duen hezkuntza. Baina gurasoek lana bikoiztuta burutu behar izan dute funtzio hau. Hala ere, mendeetan ezinezko zirudiena obratu da: eten da ohiko eskola, hiru hilabetez. Horrek ate bat irekitzen digu herritarroi pentsatzeko: Nolako eskoletara itzuli nahiko genuke?


2020ko abuztuaren 02an - 08:16

Hurrengo ikasturte osoan aurrez aurreko eskolak bete-betean eman ahalko diren, denborak esango du. Osasun neurriak betetzeko ikasleek txandaka joan beharko balute eskolara, Mariano Fernández Enguita soziologo espainiarrak proposatu du behar gehien duten ikasleek egin dezatela ahalik presentzialen ikasturtea. Hau da, eskolak egin dezala diagnostikoa ikasle bakoitzaren beharrak detektatzeko, adibidez akademikoki zailtasunak dituztenak, linguistikoki, etxean baliabide gutxien dituztenak, ikasketetan gurasoen laguntzarik jaso ezin dutenak... eta behar gehien dituzten ikasleak izan daitezela ikasturtean zehar aurrez aurreko eskola gehien jasotzen dituztenak.

“Diagnostiko proben emaitzetan ikus daitekeenez, zenbait kasutan konpentsazio lana egiten du eskolak, batez ere klase sozial baxuenetan. Beraz, ados, faktore sozialek asko baldintzatzen dute norberaren eskola ibilbidea, baina baldintzatu eta determinatu ez dira gauza bera”, Joxi Imaz

Erreportaje honetan Arrakala izenburua daraman koadroan irakur daitekeenez, etxeetako baldintza ekonomiko eta kulturalek eragin zuzena dute ikasleen ibilbide akademikoan, etxea baita, hain justu, hezkuntzan eraginik handiena duen faktorea. Zer egin eskolatik, etxeen artean handituz doazen ezberdintasun sozialak gutxitzeko? Joxi Imaz Hezkuntzaren Soziologia liburuaren egileak azaldu digunez, “historikoki hiru jarrera egon dira. Batzuek eskolan ikusten dute salbazioa, eskolak berdintzen gaituela diote eta ikasle guztiei ematen diela aukera bera, etorkizunean ongi ordaindutako lan bat lortzeko. Beste batzuek diote eskola kapitalismoa erreproduzitzeko tresna dela, bakoitzak bere maila sozio-ekonomikoaren arabera lortzen duela gehiago edo gutxiago ikastea eskolan eta ondorioz, lan mundura sartzean klase sozial berean geratzen direla. Arrazoi handia du hori dioenak, baina ni hirugarren korronte batean kokatzen naiz, pentsatzen duena zerbaiterako ere balio dezakeela eskolak. Izan ere, kontuz ibili behar dugu determinismoarekin”. Hori argudiatzeko, EAEn egiten diren diagnostiko proben emaitzak aipatu ditu: ikastetxe guztiei azterketa bera egiten zaie eta emaitzak interpretatzerakoan kontuan hartzen dira ikasle horien etxeetako baldintza sozio-ekonomiko eta kulturalak ere. “Diagnostiko proben emaitzetan ikus daitekeenez, zenbait kasutan konpentsazio lana egiten du eskolak. Familien espektatibak eta inplikazioa altuak izatea, eskola eta irakasleak inplikatuta egotea... Faktore horiek denek hobetzen dute ikaslearen eskola ibilbidea, batez ere klase sozial baxuenetan. Beraz, ados, faktore sozialek asko baldintzatzen dute norberaren eskola ibilbidea, baina baldintzatu eta determinatu ez dira gauza bera”.

“Hezkuntzak bere ekarpena egin dezake desberdintasun sozialak murrizteko, baina ez da nahikoa. Hezkuntzako emaitzarik onenak Europa iparraldekoak dira, gizartean ere parekotasun handiagoa dagoen herrialdeetakoak", Joxi Imaz

Hezkuntza gorena nahi duen herriak, gizarteko ezberdintasunak murrizteko eskolaz kanpoko neurriak hartu behar dituela oroitarazi digu Imazek: “Hezkuntzak bere ekarpena egin dezake desberdintasun sozialak murrizteko, baina ez da nahikoa. Hezkuntzako emaitzarik onenak Europa iparraldekoak dira, gizartean ere parekotasun handiagoa dagoen herrialdeetakoak. Hauetan aberastasuna hobeto banatzen dute zerga gehiago kobratuz, soldata duina jarriz, etxebizitza politikekin, zaintza publikoarekin... Ondorioz, oso ezberdinak dira emaitzak, adibidez, Erresuma Batuan edo Finlandian. Erresuma Batuan badituzte eliteko eskolak eta unibertsitateak, baina ezberdintasun handiak daude ikasleen maila akademikoen artean. Finlandian ezberdintasun akademikoak txikiak dira eta PISA azterketetan mundu mailan puntan daude. Beraz, posible da biak batera egitea, berdintasuna zaindu eta emaitza akademiko bikainak lortzea, baita proba ofizialetan ere”.

Enplegu orduak murriztuta eta herritarrok eguneroko bizitzari eta zaintzari denbora gehiago eskainita, bizitza eta zaintza desinstituzionalizatu ditzakegula adierazi du Imazek: “Ona al da ume bat 8:00etatik 17:00etara eskolan egotea, haren zaintza osoa profesionalen esku utzita?" Eskola batzuk ausartu dira pandemia garaian eskola orduak gutxitzen.
Zaintzak SOS

Zaintza da eskolaren funtzio handietako bat, nahiz eta sarritan ez zaion aitortzen. Nahikoa da eskolak egun batez ixtea, familientzako umeen zaintza arazo izan dadin. Berdin gertatzen da adinekoen zaintzarekin, gaixo daudenekin... Europa hegoaldean batez ere amak eta aiton-amonak dira zaintzari eusten diotenak, egunero etxeko sasoikoek lan ordaindua egiten duten orduetan zehar.

Zaintza da eskolaren funtzio handietako bat, nahiz eta sarritan ez zaion aitortzen. Zaintza krisiaren irtenbidea, enpleguan pasatzen dugun denbora murriztea da

Imazek zaintza krisiaren irtenbidea seinalatu du: “Enpleguan pasatzen dugun denbora murriztea, horrela, bai enplegua eta bai zaintza lanak denon artean banatzeko, etxea eta zaintza ez daitezen gelditu batez ere emakumeen esku eta modu prekarioan”. Enplegu orduak murrizteaz batera, zaintza sistema publiko indartsua behar dela gehitu du: “Publikoki eta guztion artean antolatu beharko lirateke baliabide multzo bat. Hau da, haurtzaindegi sistema publiko indartsua (ez baitago oso garbi Haurreskolak Partzuergoa zer den), eskolako jangelekin berdin... publiko-pribatu eztabaidan adi ez bagaude, erakundeek sistema publikoan azpikontratak sartzen dituzte eta pribatizaziorantz urratsak ematen dituzte”.

Enplegu orduak murriztuta eta herritarrok eguneroko bizitzari eta zaintzari denbora gehiago eskainita, bizitza eta zaintza desinstituzionalizatu ditzakegula adierazi du Imazek: “Ona al da ume bat 8:00etatik 17:00etara eskolan egotea, haren zaintza osoa profesionalen esku utzita? Eskola batzuk ausartu dira pandemia garaian eskola orduak gutxitzen, eta zentroei benetan autonomia emango baliete ausartu ahalko genuke Batxilergotik beheragoko mailetan horrelako probak egitera, familiak eta eskola komunitatea ados jartzen bagara”.

Francesco Tonucci psikopedagogoaren ilustrazio honek azaltzen du nola eskolara oso izaera ezberdineko herritarrak sartzen diren, eta makinaria bortitz horrek horietako asko "zabor" gisa botatzen dituen, eta "arrakastatsu" irteten diren herritar denak erabat berdinduta ateratzen diren, "txintxoak izateko" mandatuarekin.
Hezkuntza eta zaintza desinstituzionalizatu beharraz teorizatu dute anarkismoaren inguruko zenbait soziologok

Hezkuntza instituzioetan egunero ordu gutxiago ematea izan daiteke neurri bat, anarkismoaren inguruko zenbait soziologok, adibidez Pedro García Olivo edo Julio Rubio Gómezek kritikatu duten instituzionalizazioa murrizteko. Imazek azaldu duenez, “autore hauek diote industria oso bat sortu dela gizartearen hutsuneak tapatzeko, baita gizarte hezkuntzan ere, eta orain etiketak jarriz ekoiztu ere egin behar ditugula baztertuak, marjinatuak. Autore hauek hezkuntza eta zaintza desinstituzionalizatzeko nahia dute eta gizartea deseskolarizatu behar dela diote: Iván Illich izan zen deseskolarizazioaren ideia garatu zuena eta John Caldwell Holt da beste erreferenteetako bat, esaten baitu hezkuntza instituzio gehiegi dagoela. Horren esperientzia badugu gurasook, bi ume baldin baditugu gure egun osoa oso pautatua egoten da, oso instituzionalizatua, pentsa, orain futbolean ikasteko ere eskolara bidaltzen ditugu. Instituzionalizazio prozesu hori aurrera doa, gero eta negozio gehiago dago horren inguruan”. Baina gizarteko olatuetatik ihes egitea oso zaila dela dio, eta adibide gisa jarri du haien umea goiz-pasako udalekuetara ez bidaltzea erabaki zutela eta lanean txandak egokituta goizak umeari eskaintzea. Baina herriko ume ia guztiak zeudela goizeko udalekuan, kaleak eta parkeak hutsik zeuden bitartean eta hurrengo urtean hara bidali zutela, beste umeekin jolastu ahal izan zezan. “Gurasoek eta herriak instituzioengandik hezkuntza berreskuratzea ez da erraza”.

Eskola sozializatzeko eta gizartea aldatzeko
OECD erakundeak esan du egoera honetan ezagutza akademiko kognitiboez gain, arlo sozialari eta emozionalari garrantzia eman behar zaiola eta horretarako curriculuma malgutu beharko litzatekeela

Aurrez aurreko klaseak etenda egon diren hilabeteetan, sozializazioa da ikasle eta irakasleek gehien faltan nabaritu dutena. Hain justu sozializazioa da eskolaren funtzio handietako bat. “Pentsa, batere eraldatzailea ez den OECD erakundeak, zeina errenta altuko 34 herrialdek osatzen duten, ikerketa bat egin du eta esan du egoera honek erakutsi digula ezagutza akademiko kognitiboez gain, arlo sozialari eta emozionalari garrantzia eman behar zaiola eta horretarako curriculuma malgutu beharko litzatekeela”. Egungo curriculuma gai gutxi hauetan oinarritzea nahi du korronte anglosaxoiak: zientzia, teknologia, ingeniaritza, hizkuntza eta matematika. Ikuspegi hori zabaldu behar dela dio Imazek: “Nik uste Howard Gardner psikologoaren teoriak izan behar direla kontuan, pertsonok inteligentzia anitzak ditugula eta gizartearentzat denak direla interesgarriak eta beraz, denak landu behar ditugula eskolan”.

Zergatik ez irakasleak gehitu eta herrietan hutsik dauden eraikinetan ikasgela berriak ireki, distantziak bermatzeko?

Konfinamenduak eten duen sozializazioaren gaira itzuliz, Euskal Herrian aurrez aurreko eskolek euskarari eusteko funtzioa ere betetzen dute, ikasle askorentzat eskola baita euskaraz aritzeko gune bakarra. Baina hurrengo ikasturtean eskolak aurrez aurre eman ahal izatea oso zalantzan jartzen dute erakundeetatik aldi berean zabaldu dituzten bi mezuek: batetik, Covid-19aren aurrean gorde beharko diren prebentzio neurriak, eta bestetik, ez dela nahikoa diru inbertituko osasun neurri horiek betetzeko behar diren langileak eta azpiegiturak gehitzeko, alderantziz, murrizketen mehatxua zabaldu da. Ondorioz, herritarrek aurre egin ezean, hurrengo ikasturteko planteamendua gertuago egongo da dirutan merkeena den horretatik, hezkuntza hobetzetik baino. Izan ere, osasunaren aldeko neurriak hartzeak ez ote du aukera ematen hezkuntza hobetzeko? Zergatik ez irakasleak gehitu eta herrietan hutsik dauden eraikinetan ikasgela berriak ireki, hartara gela bakoitzean ikasle gutxiago egon dadin? Zergatik ez egin aire librean ahalik jarduera gehienak, toki itxiak eta masifikatuak saihestuz? Ez al da aukera paregabea behingoz jantoki denetan inguruko baserritarrei erositako elikagaiak bertako sukaldeetan prestatzeko? Pandemiak ez al digu oroitarazi lurralde antolaketa osasuntsuagoa beharrezkoa dela eta beraz, herri eta auzoetan eskola txikiagoak zabaltzea hobe dela, garraioan eta zentralizazioan oinarritutako ikastetxe makroak izan beharrean?

Osasuna zaintzeko aukeretako bat da ikasgeletan talde txikika lan egitea eta ahal den guztietan kanpora irtetea ikasgaiak lantzera. Irudian, baso eskola.

Badirudi hezkuntza sistema osasuntsu eta hobe bat ezarri beharrean, indarra jarriko dela arnasa hartzea zailtzen duten maskarak ordu luzez erabili behar izatean, eta tarte batzuetan etxetik Internetez klaseak jarraitu behar izatean. “Ematen den mezua da ez dagoela dirurik, eta epe motzeko irtenbide eta estrategietan ari gara”. Baliabiderik ez dagoela dioen diskurtsoa gezurtatzeko, Imazek azpimarratu du ELA sindikatuak zergei buruz 2018an egindako txostenak dioena: nahikoa litzatekeela zerga Europar Batasuneko batez bestekora igotzea EAEn soilik 6.700 milioi euro diru publiko gehiago lortzeko urtero. Izan ere, EAEko zergekin bertako Barne Produktu Gordinaren %31 biltzen da eta Europar Batasunean batez beste %38,7.

Sozializazioa funtsezkoa da, baina edozein baldintzatan aurrez aurreko eskolara itzultzeak ez duela zentzurik gehitu du, Frantziako Estatutik zabaldu diren irudiak gogoan, zeinetan agertzen den ume bakoitza biribil baten barruan eserita, elkarrengandik oso aparte eta marratik ateratzeko debekuarekin: “Planteamendu hori zentzugabea da. Horrelako politikei erresistentzia egin beharko zaie eta gauzak eraldatzen saiatu beharko dugu”.

"Eskolak erakutsi behar du zein diren gure gizarteko arazo sozial nagusiak eta zein diren irtenbideak arazo horien aurrean. Eskolaren beste funtzio bat horixe izan behar baita, mundua hobetzen saiatzea”, Joxi Imaz

Izan ere, eskolaren funtzio garrantzitsuetako bat eraldaketa da, Imazen ustez: “Eskolak gizarte honetan bizitzeko prestatu behar gaitu, eta horretarako behar dira sozializazioa eta inklusioa. Baina aldi berean, eskolak erakutsi behar du zein diren gure gizarteko arazo sozial nagusiak eta zein diren irtenbideak arazo horien aurrean. Eskolaren beste funtzio bat horixe izan behar baita, mundua hobetzen saiatzea”. Norbaitek esango du hau politikoki bustitzea dela... “Hezkuntza beti da politikoa, baita gai hauek aipatzen ez dituenean ere. Agian modu inkontzientean, baina arazo hauek ezkutatzen dituen eskola, gizartean dagoena erreproduzitzen ari da. Beti dago hautu hori egin beharra hezkuntzan: dagoena erreproduzitu ala eraldatu?”, bi erantzunak dira, noski, politikoak. Eskola eraldatzaileez jakin-minik duenak badu nor irakurri: Michael Apple, Henry Giroux... eta ezagunena, Paulo Freire: “Freirek dio eskolak kontzientziazioa bultzatu behar duela, aktibismoa, politika, zapalduen aldeko jarrera etiko eta politikoa... hezkuntza zapalduentzako eta zapalduekin egin behar dela, zapalkuntzei aurre egiteko”.

Barne antolaketa demokratikoa duten eskolak eraginkorragoak dira, baina antolaketa horretara iristeko badugu zer landu eta zer ikasi

Baina eraldaketa bultzatu ote dezake eskola batek, bere antolaketa demokratizatu gabe? “Michael Apple-k eta James A. Beane-k liburu eder bat dute, Eskola Demokratikoak izenekoa. Bertan zehazten dute zer den demokratizazioa: denontzako aukera berdinak izatea, ikasle denek lortzea goi mailako titulu bat (DBH osteko titulazioren bat, gutxienez batxilergoa edo erdi mailako moduluren bat), ikasleen, familien eta komunitateen parte-hartzea areagotzea, komunitatearekin lotura handitzea...”. Barne antolaketa demokratikoa duten eskolak eraginkorragoak dira, baina antolaketa horretara iristeko badugu zer landu eta zer ikasi gizarte moduan. Covid-19aren aurrean eskolan egin diren aldaketa itzelak goitik behera erabaki eta ezarriak izan dira, eta Jaurlaritzaren kasuan behintzat sindikatuek salatu dute Hezkuntza sailak aldebakartasunez eta eragileekin kontrastatu gabe hartu dituela erabakiak. Aldi berean, Hezkuntza sailak ikastetxeetako zuzendaritzei eman die eskumen osoa, erabakimenik gabe utziz irakasle klaustroak, ikasleak eta gurasoak. Baina zuzendaritzek ere ez dute behar besteko informaziorik eduki, boterearen gertuko hedabideetatik jakin baitute gehienetan erabaki politikoen berri, Hezkuntza sailarekiko komunikazio kanal zuzen eta ofizialetatik baino lehenago. Eskolaz eskola bertako ikasle, guraso eta irakasleek elkarlanean oinarriak sakon lantzea izan daiteke modu eraginkorrena, krisi hau hezkuntza hobetzeko baliatzeko. Eta beharren arabera, gai zehatz horretan esperientzia eta jakintza dituen herriko eragileekin elkarlanak abiatzea. Horrelako adibide ederrik ere ikusi baitugu itxialdian zehar, adibidez, euskarazko mintzapraktikak abiatu dituzten ikastetxeetan edo herriko gazteek zailtasunak dituzten ikasleen tutoretzak egin dituztenetan.

Etxe bakoitzean egon den azpiegitura teknologikoak, etxekoen lan eta osasun egoerak eta gurasoen maila kulturalak asko eragin du ikasle bakoitzak konfinamenduan ikasketak jarraitzeko izan duen aukeretan. Batzuek eskola presentzialekin alderatuta gora egin dute azken hiruhilekoan, beste batzuek behera. Argazkia: Dani Blanco.

ARRAKALA

“Ikusi da etxeetan benetan ez daukagula hainbeste baliabide. Tele-ikasketarako teknologia behar hauek lehen unetik gobernuetatik aurreikusi eta baliabideak publikoki antolatu beharrean, erreakzioa ikastetxe eta udaletatik etorri da", Joxi Imaz

Sheila González eta Xavier Bonal-ek Konfinamendua eta desberdintasuna Katalunian ikerketa argitaratu dute eta ondorioa da itxialdi honetan Kataluniako etxeen %56an ez dela dispositibo bat (alegia, ordenagailu edo tabletik) egon pertsona bakoitzeko. Errenta baxuko etxeetan zifra hori %71ra igo da. Etxeen %15ean dispositibo bakarra zegoen: baina pobreen etxeen %25ean zegoen dispositibo bakarra eta aberatsen etxeen %4an. Aberatsen etxeen %50ean 4 dispositibo edo gehiago zeuden. Ikerketa honek dio DBHko ikasleen %15ak egunean ordu bakarra edo gutxiago eman duela eskolako lanetan. Etxean dispositibo gutxien dituztenak dira lanordu gutxiago egin dituztenak. Joxi Imazek salatu duenez, “Euskal Herrian nahiz eta neoliberalismoak saldu dena oso ongi doala, ikusi da etxeetan benetan ez daukagula hainbeste baliabide. Tele-ikasketarako teknologia behar hauek lehen unetik gobernuetatik aurreikusi eta baliabideak publikoki antolatu beharrean, erreakzioa ikastetxe eta udaletatik etorri da geroxeago, eta bakoitzak ahal duen moduan egin du, interneteko txartelak eta ordenagailuak banatuaz”.

Batez ere amak izan dira etxetik eskola jarraitzeko umeei laguntzen aritu direnak. Gurasoek eskola titulazio handiagoa dutenean gehiago lagundu diete seme eta alabei, batez ere DBHtik aurrerako ikas mailetan. Izan ere, titulazio baxuagoa dutenek askotan ez dute laguntzeko beste ezagutzarik. Beraz, etxe batzuetan gurasoak aritu dira tutore eta irakasle funtzioak betetzen, eta beste etxe batzuetan inor ez.

Baliabide gutxien dituzten familietan haurrek bideo-jokotan ordu gehiago sartu dituzte

Kataluniako ikerketa honen ondorioa da, baliabide ekonomiko eta kultural gehien dituzten etxeek umeen ikasketa informala ere gehiago bultzatu dutela, hainbat arlotan: irakurketa gehiago sustatu dute, baita hizkuntzak, kirola, musika eta beste arte adierazpenak ere. Aldiz, baliabide gutxien dituzten familietan, bideo-jokotan ordu gehiago sartu dituzte Lehen Hezkuntzan.

Espainiako Estatuan umeen %25ak egunean 6 ordu baino gehiago eman ditu pantaila aurrean itxialdian zehar.

PANTAILAK

Amaia Bacigalupek Haurren osasuna konfinamenduan ikerketa soziologikoa egin du eta dio Espainiako Estatuan umeen %25ak egunean 6 ordu baino gehiago eman dituela pantailen aurrean itxialdian zehar. Olatu teknologiko hau eta pantailen kultura lehendik zetozela azaldu digu Joxi Imazek, eta itxialdiak azeleratu egin duela prozesua. Baita ere esan du olatuari ezin zaiola atea itxi, informazioaren gizartea dela egungoa, eta beraz, bertan igeri egiten ikasi behar dugula, baina badituela bere arriskuak eta ezin garela super-integratu akritikoak izan: “Arriskuen artean osasuna dago. Pantailetan hainbeste ordu emateak ondorioak ditu bistan, buruan... Jendeak oso kargatuta bukatzen du eguna. Uhinek gure gorputzean duten eraginei buruzko eztabaida ere hor dago”. Pantailen beste arrisku bat pribatizazioa dela oroitarazi du eta itxialdi garaian eskoletan oso indartsu sartu dela, Google drive eta antzerako plataformen bidez. Beste arrisku bat “distrakzioa” da: “Ikasteko arreta zentratu eta mantendu behar da, hausnartzeko ixiltasunak laguntzen du...”.

Hobeto bizitzeko, pantaila orduak murrizten ikastea proposatu du Imazek

Irakasleek eta zuzendariek positiboki baloratu dute aurten beharrak eraginda teknologia berrien erabileran bai irakasleek eta bai ikasleek hartu duten trebetasuna, eta aurrera begira hainbat euskarri erabiltzeko modukoak direla aipatu dute: adibidez, irakasleen azalpen bideoak lagungarri izan daitezke, ikasleek etxean gaia ikasterakoan hobeto ulertzeko aukera izan dezaten. Edo bideo-deiak oso baliagarriak izan daitezke denboraz larri dabiltzan gurasoekin bilerak egiteko.

Hobeto bizitzeko, pantaila orduak murrizten ikastea proposatu du Imazek, eta Rafael Feitoren gomendioak aipatu ditu: “Aisialdian pantailak ez diren jarduerak egitea, papereko irakurketa mantentzea, familietan kirola eta artea sustatzea...”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | Z. Oleaga
Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


Antonio Aretxabala, geologoa
“Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean”

Joan Josep Boch ekonomialariari maiatzean egin genion elkarrizketan berak zioen lagun baten esanetan planetak ez zuela negoziatzen, eta ekonomiaren uzkurtzea bai ala bai etorrriko zela. Geroxeago jakin genuen lagun hori Aretxabala zela. Uztail hasieran aurkeztu zen Sustrai... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Literatura COVID-19 garaietan
Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako... [+]


Familiak alarma-egoeraren ostean
Pandemiari biziraun eta gero, lanetan itotzear

Koronabirusak bistan utzi ditu sistema kapitalistaren josturak, eta edonork esango luke horiek errematatzeko xedea izan duela agintariek egindako osasun krisiaren kudeaketak. Bizitza eta kapitalaren arteko norgehiagokak goia jo duen osasun larrialdi egoeran ere, gobernuetatik... [+]


Emakume langileak osasun krisian
Lehen lerroan bai, aitortza errealik ez

Martxoan etxean gelditu ginen eta ikusi genuen nola batzuk bizirauteko oinarrizkoa den guztiari eusten ari ziren: zaharrak zaintzen egoitzatan eta etxe partikularretan, ospitaletan eriak artatzen, garbiketa lan sakonak egiten, farmazian herritar aztoratuak artatzen... Eta ikasi... [+]


Elikadura burujabetza Euskal Herrian
Nekazariez gain, erronka instituzio eta herritarren esku ere badago

Azken urteetan geroz eta gehiago hitz egiten da elikadura burujabetzaz, gero duin eta osasuntsu bat segurtatzeko bidean ezinbesteko osagai gisa kokatuz. Koronabirusak eragin krisi globalak are gehiago begi-bistan jarri digu zein baitezpadakoa zaigun gure elikadura beharrak... [+]


Paperak denontzat, sistematik kanpo utzi dituztenen aldarria

Pandemiak ikusgarriago egin du migratzaile askoren errealitatea: bazterkeria sozialera, lan baldintza ankerretara eta arrazakeria polizial eta instituzionalera kondenatzen ditu legeak berak, pertsona ilegaltzat dituelako. Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik... [+]


Oroimenerako ibilbideak
Iraganera bost bidaia, Euskal Herritik atera gabe

Ez pentsa dena oker jarri duenik pandemia honek. Adibidez, zorte apur batekin, Euskal Herria berrezagutzeko abagunea izango duzu uda honetan, herri memoriaren bidezidorretan aspaldi galdu ziren txokoak. Disidenteen lurraldeak, lurralde ahaztuak, ahaztuen lur komunalak... hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude