Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

  • Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek sartu diote eskua transgenian darabiltzaten esperimentuekin? Hitz batez: koronabirus berri hau Genetikoki Eraldatutako Organismoa bat izan ote daiteke, kalean OGM deitzen dugun mutante bat?


2020ko abuztuaren 02an - 12:10

Ezin ukatua da COVID-19 pandemia osasun emergentziaz gain arma geopolitikoa ere badela hasieratik, Txina eta AEBen arteko norgehiagokan mundu osoa tentsionatu duena. Donald Trumpek esan badu koronabirusa dela AEBek Pearl Harborrez geroztik nozitu duten atzerritiko erasorik handiena, iradokizunak barnean daramatza II. Mundu Gerra eta haren baitako bi bonba atomikoak. Beraz, inork ez du ahaztu behar mundua hankaz gora jarri duen SARS-CoV-2 birusaren jatorriaz hipotesi bat plazaratzen duenean muturra sartzen ari dela interes oso handiak jokoan dauden soro batean. Ohartu behar duen moduan hilabeteotan zabaldu diren konspirazio edo konspiranoia usainezko teoriek asko jorratutako ortuan ere badabilela.

Luc Montagnier mikrobiologo Nobel Saridunak publikoki esan du SARS-CoV-2 birusa laborategian manipulatuta sortu dela. 
 

Argian COVID-19aren jatorrian dauden osagaiak aztertzen ahalegindu gara pandemiaren hasieratik, saiatuz kokatzen hondamendi ekologiko orokorragoaren testuinguruan, globalizazio neoliberalak mugatutako harreman ekonomikoetan, berdintasunik gabeko mundu baten dinamika globaletan… Eta egia da COVID-19ari aurkitu dakizkiokeela loturak Genetikoki Eraldatutako Organismoekin ere, horiekin esperimentuak egiten ari diren konpainia, laborategi, estatu eta armadekin.

Nobel saridunaren ohartarazpena

Campagnes Solidaires aldizkariak, Confederation Paysanne ezkerreko nekazari frantsesen sindikatuarena denak, 2020ko maiatzeko zenbakian honela zioen “Manipulazio genetikoak debekatu” titulua zeraman artikuluan: “Industriaren ikerkuntzak eboluzio naturala azeleratu nahi du, berrikuntzak gero eta arinago ezartzeko. COVID-19a izan liteke deriba horren ondorioetako bat. Luc Montagnier biologo eta birologoak publikoki adierazi duenean COVID-19a dela laborategian burututako manipulazio genetikoen ondorioa, ikerkuntza akademikoko jauntxoek erantzunean azpimarratu dute horrelako manipulazio batek ‘arrastoak’ utziko zituela eta koronabirus honek ez dauzkala. Jauntxook, alabaina, ezagutu behar dute gain of function mutation teknika: laborategian birus bat hainbat animaliarengandik pasaraztea, bere egokitze-mutazioak azeleratzeko. Horrela lortu zuten ikerlari holandarrek A/H5N1 hegazti gripea eraldatzea, hau da, oso patogenoa baina ordura arte gizakien artean kutsakorra ez zena bilakatzea gizakien artean arnasez kutsatu daitekeen birus.  COVID-19aren osaketa heterogeneoak iradokitzen digu balitekeela mutazio eta birkonbinaketa konplexuen horrelako azelerazio bat egin izana laborategian, nahiz eta ez duen frogatzen. 

Komunikazio gerra batean sartuta daude AEBak (birusaren sorrera eragotziz Frantziaren laguntzarekin Txinak eraikitako laborategi bati), Txina (errua egotziz justu aurreko uztailean itxi erazi zuten laborategi amerikar bati) eta Frantzia bera (defenditu duena pangolinaren soinean gertatu zirela mutazio naturalak) eta horregatik litekeena da birus honen jatorria ez sekula argitzea. Baina gaurko pandemia honen kalte humano eta ekonomikoek oroitarazten digute manipulazio genetikoak debekatu behar direla, prekauzio printzipioagatik, ez daukatelako segurtasunik %100ean”.

Shi Zhengli ikerlaria P4 Wuhango (Txina) laborategian.

Transgenikoen kontrako borrokan Europan aitzindarietakoa den Confederation Paysannek aipatzen duenez, OGMen erbia Luc Montagnier mikrobiologo frantsesak –Nobel Saria eman zioten 2008an, HIESa eragiten duen birusa aurkitu zuelako– apirilaren 17an esnarazi zuen, deklaratu zuenean COVID-19 izurriaren oinarrian dagoen SARS-CoV-2 birusa Genetikoki Eraldatutako Organismo bat dela. Koronabirus berriaren sorrera erabat naturala dela dioten arren zientzialari gehienek, Montagnierrek funtsean dio COVID-19a laborategi batean genetikoki eraldatu dutela profesionalek. Ez du esan birus hau gizakiak osorik sortu duenik, %96an saguzarren birus baten berdina baita, baina COVID-19ak badauzkala HIESa eragiten duen Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) sekuentzia batzuk, garatu ezin izan dituenak mutazio naturalen bidez.

Munduko gainerako aditu gehienek berehala gezurtatu dituzte Montagnierren ideiak, berretsiz COVID-19aren jatorriaz dagoen kontakizun onartuena: 2019ko abenduan agertu zela Wuhanen animalia biziak saltzen diren azokan, saguzarretatik abiatuta pangolinetan bereganatu zituela gizakiarenganaino iristeko behar zituen mutazioak, Montagnierrek GIBaren sekuentziatzat jotzen dituenak beste hainbat birusek ere badauzkatela…

Parisko Liberation egunkarian, justu Montagnier mintzatu zen egun berean, Romain Ligneul ikerlari gazte frantsesak ere auzitan jarri zuen aditu gehienen teoria, argudiatuz Wuhanen zabaldutako birus anduiak animaliaren baten beste batekin antzekotasunik izatekotan daukala, ez Wuhanen baizik eta handik 900 kilometrora bizi diren saguzarren artean aurkitutako RaTG13 birusarekin: gaur Wuhango birologia laboratorioaren buru den Shi Zhengli ikertzailearen ekipo batek aurkitu omen zuen 2013an. Birus horrek geroztik bere mutazioak ezagutu ditu bai naturan –animalien artean– eta baita laborategietan ere eta denborarekin, dio Ligneulek, eman ditu COVID-19aren aldagai ezberdinak: 1) Wuhanen zabaldutakoak; 2) Txina Hegoaldean, Japonian, AEBetan eta Australian zabaldu direnak, sorburuan duen RaTG13aren antza handiagokoak; eta 3) Europan gehien zabaldu direnak, aurreko bietatik ezberdinak.

Denise Braun ikerlaria Fort Detrickeko (AEB) laborategian.

Horregatik dio zenbait ikerlari minoritariok COVID-19a Txinan sortu izana bada ere probableena, ez dagoela frogatuta soilik hor sortu zenik eta hor sortu izana ere segurua denik. Saguzarrak beren birusekin munduko herrialde askotan daude eta horiekin esperimentuak egiten ari diren laborategiak ere bai.

Naturan ala laborategian?

Eztabaidaren korapiloa honetan dago: nola azaldu birusak saguzarretik gizakiraino egindako jauzia? Berez, Txinako saguzarren RaTG13 koronabirusa ez da gai gizakiarenganaino iritsi eta jendeen artean hedatzen hasteko. Uste da beste animalia batean trantsizioa eginez hartu dituela gizakiengan arrakasta izateko ezaugarriak. Pangolina [Manis pentadactyla] izendatu da susmagarritzat: SARS-CoV-2ak bere osagaien artean badarama proteina bat gizakiaren zelulak kutsatzea ahalbideratzen diona, hain zuzen ere pangolinaren beste birus batek daramanaren oso antzekoa. Alabaina, diote pangolinarena auzitan jartzen dutenek, proteina horretaz landa pangolinaren birusetik oso urrun dago gizakien artean COVID-19a eragin duena.

Puzzlea osatu nahian beste animaliak ere jo dituzte begiz: basa-katuen antzeko ‘Paradoxurus hermaphroditus’ asiatarra (gaztelaniaz ‘civeta’, frantsesez ‘civette’, ingelesez ‘Asian palm civet’). Badira saguzarretatik gizakienganainoko zubi-lana mapatxeak (Nyctereutes procyonoides) egin duela uste dutenak ere, tartean Alemaniako gobernuaren aholkulari nagusia izan den Christian Drosten epidemiologoa. Baina modu naturalean jazotako trantsizio hipotesi hauen frogarik ez da aurkitu, orain arte.

Laborategiaren hipotesiaren sustatzaileek, aldiz, oroitarazi dute koronabirusen manipulazio genetikoak 1990eko hamarkadan hasi zirela AEBetan eta geroztik etenik ez dutela izan. 2002an SRAS-CoV epidemia larria nozitu zuenetik Txina ere abiatu zen ikerketan, Frantziaren laguntzarekin. Bai Txinako eta bai AEBetako ikerketa taldeak ari dira horretan gaur egun, aitzindarietan erreferente direlarik Ralph Baric iparramerikarra, Ipar Karolinako unibertsitatean ari dena, eta Shi Zhengli txinatarra, Wuhango laborategiko zuzendaria. Birusekin esperimentuak egitearen sustatzaileek argudiatzen dute laborategietan birusen manipulazio genetikoak burutuz aurrea hartu nahi dietela egunen batean birus horiek naturan mutatuta eragin litzaketen gaixotasunei, horiek prebenitzeko botika eta txertoen bila ari direla.

Saguzarren birusak ikertu eta manipulatzen dira munduko laborategi batzuetan.

Bide batez, ez da ahaztu behar esperimentuok burutzen dituztela medikuntzaren eta gerraren arteko muga labainkorrean. Alde batetik, uste denez gizadiak aurrean dauzkan krisi larriek (klimarena, biodibertsitatearena…) gero eta gehiagotan eragingo dutela animalia basatien birusak gizakien artean hedatzea, ikerlariok aurrea hartu nahi diete, txerto berriekin antizipatuz… eta bide batez esperimentuak finantzatzen dituzten farmaziako konpainia erraldoiei negozioa segurtatuz. Baina beste aldetik, esperimentuok arma biologiko berri oso arriskutsuak sortzeko ere baliatzen dituzte militarrek. Armadek aspaldiko ezaguna dute gerra bakteriologikoa, bakteriorik eta birusik bazenik ere ez zekiten garaietatik erabili izan dute.

Horien edo beste norbaiten laborategitan manipulatzen ari ziren birusen batek ihes egiteak eragin ote duen pandemia? Ezinezkoa da, diote eraldaketa era naturalean gertatu dela ziur daudenek: “Ikerlari horiek edo beste batzuek manipulatuta sortu izan balute SARS-CoV-2, utziko zizkioten eraldaketaren arrastoak”. Ziur? “Ez derrigor”, erantzuten diete laborategiaren hipotesiaren aldekoek: laborategietan erabiltzen duten tekniketako batek, gain-on-function teknikak, ez duelako arrastorik uzten.

‘Gain-on-function’ diozu?

Hitzez hitz “funtzio-berriak-irabaztea” itzuliko genukeen teknika zera da: birusak errazago mutatzen direnez animalia batetik bestera jauzi egitera behartuz –are gehiago espezie batetik bestera–, laborategian hori bortxatzea lortzen dute animalia baten birusa beste espezie bateko bati injektatuz. Munduan bioteknologiako ikerketan ari diren puntako zenbait laborategitan hudoa (Mustela putorius furo) eta gisako mustelidoak birusen manipulazio esperimentuetan erabili izan dituzte 20 urteotan, mutazioen abiada azkartzeko gain-on-function teknikarekin.

Ron Foucher ikerlari holandarra bere laborategian.

Duela urte batzuk A/H5N1 gripearen birusa Ron Fouchier holandarraren ekipoak horrela mutarazi zuen, laborategian hudoa erabiliz. Kasualitatea ala ez, Holandan bertan 2020ko maiatzean gertatu da susmo horiek berpiztera zetorren kutsadura episodio berri bat: hudoak bezala mustelidoen familiakoak diren ur-ipurtatsak (Mustela lutreola) larrugintzarako hazten zituzten 10 granja itxiarazi eta 10.000 animalia hilarazi dituzte agintariek, langileetako batzuk koronabirusez kutsatu dituztelako. COVID-19a animalietatik gizakietara zuzenean pasatzen ikusi den kasu bakanetakoa izan da.

Animalia baten birusa injekzio bidez beste bati pasatzeko teknika horrek ez du manipulazio genetikoen arrastorik uzten, hain zuzen ere ez delako biologia molekularrezko teknika bat. Beraz… posible da Luc Montagnier ikerlariaren ustearen (COVID-19 laborategian sortu da) eta haren kontrako iritzi maioritarioaren (COVID-19 naturan sortu da) arteko partida berdintasunean geratzea betirako, froga faltan.

Laborategien hipotesiak esan nahiko ote luke COVID-19a Txinan sortu dela? Ez derrigor, laborategi gehiagotan ere ari baitira. AEBetan, esaterako, Afrikako Ebola izurriteaz geroztik. AEBek 2014 eta 2017an debekatu zituzten esperimentuok, Ron Fouchier  holandarraren ekipoak A/H5N1 birusa laborategiko esperimentu bidez gizakien artean kutsagarri bihurtzea lortu zuela argitaratu ostean sortu zen eztabaida etikoa ikusita… baina salbuespen moduan baimenduta jarraitu dute Ipar Karolinako unibertsitateak eta Harvardekoak, gain-on-function teknikarekin Wuhango birologia institutuak egiten duen moduan. Zerbait adierazten du AEBek gaiotan daukan interesaz.

AEBetako Armadaren Komando Medikuak Fort Detrick basean garatzen ditu gisa honetako ikerketa eta esperimentuak, batetik gerra bakteriologikorako prestatzeko eta bestetik txerto eta bestelako erremedioak ekoizteko, agintariek beren web instituzionalean aitortzen dutenez. Hedabide amerikarretan irakurri ahal izan denez, Fort Detrick dagoen Maryland estatuan 2019ko gripeak bereziki gogorrak izan omen ziren eta ohi baino goiztiarragoak. Kointzidentzia izan liteke, baina uztailean itxi egin zuten armada yankiaren erreferentziazkoa den laborategia hilabete batzuetarako, segurtasun arazoak atzemanda.

Wuhango azokan animalia basatiak jakitarako saltzen dira, hilik bezala bizirik.

Birusa suntsitzeko, gehiago mutarazi

Manipulazio genetikoen mundua gardentasunik gabeko eremu iluna da, nekazaritzan hedatu diren OGMen sakoneko informazioa azaleratzen saiatu direnek ondo ikasi duten bezala. Laborategiotako ikerketetan topo egiten dute batetik arma kimiko eta biologiko berriak sortzeko armada handiek burututako ahaleginek eta, bestetik, gizadiaren elikagaien produkzio katea kontrolatzeko korporazio handiek sustatutako landare eta animalia transgenikoen garapenak.

OGM edo GEO esanda gehienetan arto, soja eta bestelako labore transgenikoez oroitzen garen arren, gizakien osasuna artatzeko botika berri garrantzitsu asko ere geneen manipulazioen inguruan sortu dira azken aldian, horiek dira gaur egun industria farmazeutikoen ikerketa eta negozio eremu nagusia…eta osasun sistema publiko eta pribatuen gastuen osagai oso potoloa ere bai. Duela 20 urte ezezagunak ziren eta lehen urratsetan zeuden botika biologiko deituak dira gaur egun, bederen mundu aberatsean, immunitate sistemarekin zerikusia duten gaixotasun guztien borrokarako erremedio izarrak, zer diren ez jakin arren gero eta ugariago kontsumitzen dituztenak artritisetatik hasita minbizia arteko dozenaka gaixotasunen artekoren bat daukaten milioika herritarrek.

COVID-19a saguzarretik gizakiaganaino hondamendi ekologikoaren poderioz edo kasualitateren batengatik iritsi bada… orduan konpainia bioteknologikoek bigarren punpan aprobetxatuko dute aukera manipulazio genetikoei ekiteko. El Pais egunkarian Esteban Domingo eliteko birologo  espainiarrak honela laburbildu zuen maiatz hasieran zein den puntako ikerlarien estrategia: “Lortzen badugu birus hau normalean baino gehiago mutaraztea, suntsitu ahalko dugu”. Alegia, ikerlariak ari direla COVID-19a ezabatu behar omen lukeen txertoaren bila koronabirus hori manipulatuz laborategietan.

Bitartean, informazio berriak agertzen ari dira. Artikulu hau inprimategira bidean zegoela jakin da Bartzelonako Unibertsitateko ikerlariek, Albert Bosch mikrobiologo eta Espainiako Birologia Elkarteko lehendakaria buru, SARS-CoV-2aren arrastoak aurkitu dituztela 2019ko martxoan hiri hartako estolderian hartutako ur laginetan…pandemiaren kronologia –aurkikuntza berresten bada– Wuhanen ofizialki dena hasi baino bederatzi hilabete lehenagora eraman eta jatorriaz zalantza gehiago zabalduz.

Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. Paperean irakurri nahi baduzu, Azokan eros dezakezu.

Fort Detrickeko (AEB) base militarraren atarietako bat.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | Z. Oleaga
Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


Antonio Aretxabala, geologoa
“Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean”

Joan Josep Boch ekonomialariari maiatzean egin genion elkarrizketan berak zioen lagun baten esanetan planetak ez zuela negoziatzen, eta ekonomiaren uzkurtzea bai ala bai etorrriko zela. Geroxeago jakin genuen lagun hori Aretxabala zela. Uztail hasieran aurkeztu zen Sustrai... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Literatura COVID-19 garaietan
Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako... [+]


Familiak alarma-egoeraren ostean
Pandemiari biziraun eta gero, lanetan itotzear

Koronabirusak bistan utzi ditu sistema kapitalistaren josturak, eta edonork esango luke horiek errematatzeko xedea izan duela agintariek egindako osasun krisiaren kudeaketak. Bizitza eta kapitalaren arteko norgehiagokak goia jo duen osasun larrialdi egoeran ere, gobernuetatik... [+]


2020-08-02 | Estitxu Eizagirre
Nolako eskola behar du gaurko munduak?

COVID-19ak agerian jarri ditu hutsuneak eta ondorio nagusietakoa izan da ikasketetan ere klase sozialen arteko desberdintasuna handitu dela, etxeetako maila sozio-ekonomiko eta kulturalaren arabera ikasleek gehiago edo gutxiago eutsi ahal izan baitiote eskolako ikasketei... [+]


Emakume langileak osasun krisian
Lehen lerroan bai, aitortza errealik ez

Martxoan etxean gelditu ginen eta ikusi genuen nola batzuk bizirauteko oinarrizkoa den guztiari eusten ari ziren: zaharrak zaintzen egoitzatan eta etxe partikularretan, ospitaletan eriak artatzen, garbiketa lan sakonak egiten, farmazian herritar aztoratuak artatzen... Eta ikasi... [+]


Elikadura burujabetza Euskal Herrian
Nekazariez gain, erronka instituzio eta herritarren esku ere badago

Azken urteetan geroz eta gehiago hitz egiten da elikadura burujabetzaz, gero duin eta osasuntsu bat segurtatzeko bidean ezinbesteko osagai gisa kokatuz. Koronabirusak eragin krisi globalak are gehiago begi-bistan jarri digu zein baitezpadakoa zaigun gure elikadura beharrak... [+]


Paperak denontzat, sistematik kanpo utzi dituztenen aldarria

Pandemiak ikusgarriago egin du migratzaile askoren errealitatea: bazterkeria sozialera, lan baldintza ankerretara eta arrazakeria polizial eta instituzionalera kondenatzen ditu legeak berak, pertsona ilegaltzat dituelako. Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik... [+]


Oroimenerako ibilbideak
Iraganera bost bidaia, Euskal Herritik atera gabe

Ez pentsa dena oker jarri duenik pandemia honek. Adibidez, zorte apur batekin, Euskal Herria berrezagutzeko abagunea izango duzu uda honetan, herri memoriaren bidezidorretan aspaldi galdu ziren txokoak. Disidenteen lurraldeak, lurralde ahaztuak, ahaztuen lur komunalak... hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude