10 liburu-denda europar

  • Gehienetan ez dira turismo gidetan agertzen. Eta eskerrak. Baina kanpoko hiri batera joaten garenean bisitatzea merezi duten gauzen zerrendan, beti egon behar litzateke liburu-dendaren bat.


2019ko abuztuaren 08an - 09:02

Hiri bati buruzko gauza asko jakin daitezke hango liburu-dendak bisitatuz. Memoriarako eta ahanzturarako tresnak dira liburuak Jorge Carriónek Librerías (Anagrama, 2013) saiakeran azaltzen duen moduan: kontainer batzuk, zeinetan iraultzen diren oroitzapenak, irudimenetik sorturiko gertakizunak, ideia distiratsu edo erdipurdikoak, inoiz sutsuki defendatutako argudioak, une historikoen narrazioak. Eta horietako bakoitza berpiztu egiten da irakurle berri baten begietatik pasatzen denean. Baina noizbehinkako bisitari horiek ez dira fidatzekoak, inoiz ezin da jakin haien gogoramenak zer gordeko duen, zenbat denboraz eta nola.

Asko desegin behar du memoriak zerbait oroitzera iristeko, kontinente osoak ahaztu behar ditu, Guillaume Apollinaireren hitzekin esateko. Geratzen dena beti da kondar sorta bat. Zatiak. Ahanztura handiari bizirauten dioten fragmentuak. Puska horietan arakatzeko lekuak dira liburu-dendak.

Haietan zibilizazioaren trapuak eros ditzakezu, liburu-denda bakoitzak mundua kondentsatzen duela baitio Carriónek: “Ez da aire-bide bat, apalen arteko pasillo bat baizik, zure herria eta bertako hizkuntzak lotzen dituena beste hizkuntzak hitz egiten diren erregio zabalekin. Ez da nazioarteko muga bat gurutzatu behar, pasabide bat baizik –pasabide bat besterik ez–, topografiaz aldatzeko, eta beraz toponimiaz, eta beraz denboraz: 1976an editatutako liburuki baten ondoan aurkitzen da atzo argitaratutako bat, iritsi berria dena eta oraindik lignina usaina daukana (zeina banillaren senidea den); historiaurreko migrazioei buruzko monografia baten ondoan bizi da XXI. mendeko megalopoliei buruzko ikerketa; Camusen obra osoaren ondoren aurkitzen duzu Cervantesena”.

Baina munduak ere, bistan denez, barnebiltzen ditu liburu-denda guztiak. Eta haien historia ez da izaten, gehienetan, liburutegi publikoena bezain lineala, iraunkorra eta segurua. Ekaitza dabilenean –gerrak, krisi ekonomikoak, erregimen autoritarioak– errazago kraskatzen diren ontziak dira.

Baina liburu-dendak dira kontrol ofizialak estuegiak direnean irakurgai debekatuen kontrabandorako lekua ere –Euskal Herrian badakigu zerbait horretaz–. Idazleen eta irakurleen arteko topalekuak, kontenplazio isil eta lasairako guneak, tituluen, azalen eta kontrazalen artean esploratzaile bihur gaitezkeen paperezko basoak. Paisaia hori ordenatzeko moduaren arabera jakin dezakezu zer ideia dauzkaten buruan komertzio mota berezi horren lema daramatenek. “Hau dena aldatu nahi genuke” irakur daiteke nire liburu-denda gogokoenetako baten atarian.

Liburu saltzailea bide-erakuslea ere bada, obra batetik besterako zubigile, laharrak janda zegoen zidorraren garbitzaile. “Hau irakurtzea inportantea da” esango dizu, irakurle gisa dauzkazun aukerak best-seller-etatik eta urteko hype literarioetatik urrutirago eramanez. “Hau” inportante hori izan daiteke kontzientzia kolektiboari eragiten dion zerbait ere: gizarteen iraganeko zauriek utzitako orbanak aurki ditzakezu liburu-dendetako apaletan.

Abuztuan ere, liburu-denda batean asko dago egiteko. Bidaiatzea zerbait izango bada turismo hutsetik harago, bidaiatzeari eskatzen badiogu desplazamendu fisikoa eta kontsumoa baino zerbait gehiago, bidaiatuz landu nahi badugu pertsona egiten gaituen zera hori sakonxeago, komeni da joaten garen lekuetako liburu-dendetan sartzea. Ondorengo orrialdeetan, kontinente zaharretik irten gabe bisita ditzakezun hamar proposamen aurkituko dituzu. 

Foyles (107 Charing Cross road, Londres, Erresuma batua)

Hasteko, ikono bat. Foyles Londreseko liburu-denda famatuenetakoa da, tamaina ere halakoa baitu: liburu-dendako apalategi guztiak batuta 6,5 kilometro luze omen dira, saltokiaren webguneak harrotasunez aldarrikatzen duenez. 200.000 titulu desberdin. 1903tik martxan. Mende luze honetan liburu-dendak nagusi bitxiak izan ditu, besteak beste Christina Foyle, zeinak 1945etik 1999ra negozioa eraman zuen bitartean kutxako langileei kalkulagailuak eta kutxa erregistratzaileak erabiltzea debekatu zien. Ideia hobeak ere izan zituen, zorionez, besteak beste dendan egiten diren otordu literarioak. T.S. Eliot, George Bernard Shaw edo John Lennon bezalako ilustreak pasa ziren bertatik, mila idazle baino gehiago guztira.

Mollat (15 Rue Vital Carles, Bordele, Frantziako estatua)

Frantziako Estatuko lehen liburu-denda ez dago Parisen, Bordelen baizik. Eta Euskal Herritik hain gertu dago, krimena litzatekeela liburu denda hau ez aipatzea. 2.500 metro koadro: liburuz betetako labirinto bat da Mollat eta zaila da behin sartuta irteten asmatzea. Eskerrak ondo antolatuta dagoen, hamabost espaziotan saiakera filosofikoetatik nobela beltzeraino era guztietako liburuak eskainiz, baita musika zaleentzat gordetako parte bat ere. 1896an Albert Mollatek sortua, geroztik haren oinordekoek kudeatu dute gaur egun arte. Gainera, Montesquieuren azken etxea izan zen eraikinean kokatuta dago. Ea nork gainditzen duen hori.

Ler Devagar (R. Rodrigues de Faria 103, Lisboa, Portugal)

Tradizio handiko liburu-dendekin batera, proiektu berrixeagoak ere aipatu nahi ditugu ranking honetan. Lisboako LX Factory merkatalgune hipster-ean dagoen Ler Devagar liburu-denda da horietako bat: 20 urte bete ditu aurten inprimategi bat zegoen pabilioian laketu den egitasmo honek. Eta liburu-denda dagoen lekuan aurretik zer zegoen ez ahazteko, liburuz beteriko apalen artean makina astunak aurkituko ditu bisitariak. Agenda kultural bizia dauka liburu-dendak gainera, izan ere, esan daiteke “liburu-denda baino gehiago den liburu-denda”-ren kontzeptua martxan jartzen aitzindari izan zirela 1999 aldean. Haren lau solairuetan barrena ibili ondoren joateko ordua iristen denean, saudade ikaragarri batek hartzen du bisitaria.

Acqua Alta (Calle Lunga Santa Maria Formosa 5176b, Venezia, Italia)

Liburuak objektu delikatuak dira. Oso elkarbizitza txarra izaten dute, adibidez, urarekin –dutxatu bitartean irakurtzen saiatu den orok dakien moduan–. Zer egin, beraz, urez inguratutako leku batean liburuak saldu nahi izanez gero? Acqua Altak azkar aurkitu zuen erremedioa: jarri liburuak flotatzen duten gauzen gainean. Dendan eros daitezkeen zenbait obra literario gondola baten barruan daude. Zoritxarrez, azken informazioek diotenaren arabera, Veneziaren hiper-turistifikazioaren erruz dendara sartzea bera ere balentria ikaragarria bihurtu da gaur egun. Pazientzia beraz: kapitalismoak dirua egiteko beste formularen bat aurkitzean bisitatu ahalko dugu lasai Acqua Alta.

Boekhandel Dominicanen (Dominicanerkerkstraat 1, Maastricht, Herbehereak)

Gogoratzen Umberto Ecoren Arrosaren izena-ko monasterioan zegoen liburutegi handi hura? Ba, antzeko esperientzia proposatzen du Maastrichteko XIII. mendeko eliza dominikar batean martxan jarri zuten liburu-denda honek –tira, antzekoa, baina hain amaiera dramatikorik gabe–. 2006an hainbat liburu saltzailek bat egin zuten proiektua abian jartzeko eta duela bost urte, egoera ekonomikoak behartuta, liburu-denda independente bihurtu zen. Ia 900 metro koadroko eraikin hau ez da sail honetan nabarmenduko dugun handiena, baina altuerak ere badu bere inportantzia eta, alde horretatik garbi dago abantaila handiarekin jokatzen duela: zerua ikus daiteke denda honetatik.

Leakey’s (Church street, Inverness, Eskozia)

Bigarren eskuko liburuen zale? Zerbait benetan bitxia bilatzen duzu liburu-denda batera sartzen zarenean? Orduan Leakey’s da zure lekua: Ivernessen kokatua, Eskoziako Highlandsen hiriburuan, erabilitako liburuetan espezializatutako denda honek aukeratutako 100.000 titulu baino gehiago eskaintzen ditu, 1979an negozioa martxan jarri zutenetik inguruko eskualdeetan erosiak. Akaso abuztua ez da hilabeterik aproposena liburu-dendaren beste puntu erakargarriaz gozatzeko: denda osoa su-egurrarekin berotzen duen tximinia. Baina tira, Eskozian ere, hemen bezala, inoiz ez da jakiten noiz freskatuko duen.

Liburuen etxea (28 Nevsky prospect, San Petersburgo, Errusia)

Liburu-kontuetan epel samarrak direnen pasioak pizteko moduko historia dauka San Petersburgoko Liburuen Etxeak. Singer josteko makinen bulegoak izateko eraiki zuten 1904an –hortik eraikinaren art nouveau estiloa– baina XX. mendeko turbulentziek bete-betean harrapatu zuten: 1917ko urriko iraultzaileek bihurtu zuten Liburuen Etxea. Hasieran estatuaren argitaletxe berrien egoitza bihurtu zen. 1938tik aurrera berriz, Sobiet Batasuneko liburu-dendarik handiena ere bertan ireki zuten eta funtzio hori betetzen zuen naziek hiria setiatu zutenean. Erresistentzia modu askotara plantea daiteke eta liburu-denda honen hautua funtzionatzen jarraitzea izan zen, gauza jakina baita liburuak baino makina hoberik ez dagoela faxistak akabatzeko.

Carturesti Carusel (Strada Lipscani 55, Bukarest, Errumania)

Txakur batek ume bati hozka egitea ez omen da albiste; albistea, izatekotan, ume batek txakurrari hozka egitea da. Hala esplikatzen ziguten kazetaritza fakultatean. Bada, Bukaresteko Carturesti Caruselekin badago notizia, izan ere, liburu-denda izandako lokalean banku baten sukurtsala irekitzea ez litzateke harritzekoa izango albisteak irakurtzen dituztenentzat. Baina banku baten egoitza izandako eraikinean liburu-denda bat irekitzea bai, bada. XX. mende hasierako edifizioa amiltzen utzi zuten XXI. mendeko bigarren hamarkada honetara iritsi arte. 2015ean ireki zituen ateak egun Bukaresteko liburu-denda famatuena denak. Bisitariek eraikin osoan barreiatzen den argi naturalari esker begiratu ditzakete hango apaletan dauden liburuak.  

Librairie Josseaume (45-46-47 Galerie Vivienne, Paris, Frantziako Estatua)

Tira, ezin genuen Paris menuan sartu gabe utzi. Topikoegiak izango gara beharbada. Baina gutxienez, ez dugu enegarren aldiz kontatuko Shakespeare & Co. liburu-dendaren historia, nola James Joycek ez zuen Ulises publikatzeko argitaletxerik aurkitzen eta azkenean Parisko denda horrek tar, tar, tar. Horren ordez, historia handiko Josseaume liburu-denda ekarriko dugu lerro hauetara, pixka bat ezkutuago baitago, Vivienne galeriak aurkitzea oso-oso zaila ere ez den arren. 1826tik dago martxan liburu-denda hau eta denetik dauka: liburu zahar eta berriak, bitxikeriak, desagertuak ziruditen argitalpenak... Dena. Den-dena. Eta beste garai batera bidaiatu duzula pentsarazten dizun inguru batean.

Begerel herria (Bretainia)

Hiriguneetan kokatutako liburu-denda handiak aipatu ditugu nagusiki orrialde hauetan. Eta landa-eremua? Metropolietatik kanpo ez al da ba irakurtzen? Egiazki, tragedia bat da gertatzen ari dena, kasik hirietako biztanleen pribilegio bihurtu baitira liburuak saltzen dituzten komertzioak. Baina Bretainiako herri txiki batek eutsi egiten dio orain eta beti logika horri, “liburuen herri” bihurtuta. Adi datuari: 673 biztanle ditu Begerelek eta hamabost liburu-denda dauzka. Ez pentsa, bertakoek asko leituta ere zaila litzateke denak mantentzea. Kontua da, liburuaren aldeko apustu hori ingurunearen biziberritze ekonomikorako estrategiaren parte dela. Ideia interesgarria. Nahi genuke gure landa-eremuan ere antzekorik. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
“Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da”

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


2019-08-12 | Estitxu Eizagirre
Mendearen umeek munduari desafio jo ziotenekoa

Koldo Izagirreren Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiak ireki zuen maiatzaren 21ean Zerukotik lurrekora zikloa. 70 lagun inguru elkartu ginen Donostiako San Telmo Museoan, ARGIAren mendeurrena ospatzeko antolatutako zikloaren lehen ekitaldira. 1958 eta 1964 urteen arteko... [+]


Euskarazko kazetaritzaren intrahistoria bat

ARGIAren ehun urteek euskarazko kazetaritzaren bizkarrezurra marrazten dute. Ez da hedabide bakarra izan, beti eduki ditu hurbileko nahiz urrutixeagoko senideak, baina mende beteko genealogia erakutsi eta frogatu dezakeen bakarra Zeruko Argiatik datorren ARGIA da. Bizkarrezur... [+]


2019-08-12 | Edurne Elizondo
Tradizioa besta ez denekoa

Askekintza Donostialdeko talde antiespezistaren Gurean dokumentalak eztabaidaren erdigunean jarri du gizakiz bertzeko animalien erabilera, besten esparruan. Herritarren protestek aldaketak eragin dituzte, azken urteotan, Euskal Herriko hainbat herritan, baina bertze anitzetan,... [+]


Animaliak hazi, hil eta jateaz
Beganismoa ingurumenaren mesede ala kaltegarri?

Ingelesezko Wikipediak laburbiltzen duenez, beganismoak aldarrikatzen du uko egitea animalietatik eratorritako produktu orori, bereziki elikaduran, eta hari lotuta doa animaliak ondasuntzat erabiltzea arbuiatzen duen filosofia. Beganismoaren baitan zenbait kategoria bereiz... [+]


2019-08-09 | William Gildea
Zergatik bihurtu begano?

William Gildea Britainia Handiko Vegan Society elkarteko zuzendaritzako kideak azaltzen ditu jendeak dauzkan arrazoi ugariak begano bihurtzeko, abereen produktuak murrizte hutsetik harago joanda. Artikulu hau Why Go Vegan izenburuz argitaratu du agroekologia britainiarrean... [+]


2019-08-09 | Low Impact
Simon Fairlie nekazariari galdezka
“Jasangarria eta etikoa al da haragia jatea?”

Simon Fairlie kazetari eta nekazaria ezaguna da Britainia Handian agroekologian interesa daukaten baserritar eta kaletar askoren artean. Begano/ez-begano eztabaidan leku bat egin du bere Meat: A Benign Extravagance [Okela, kalterik gabeko gutizia bat] liburuak. Esne-behiak eta... [+]


2019-08-09 | Mikel Aramendi
Ordu aldaketa
Zentzugabekeria arrazionaltasunez mozorrotzen denean

Ordu aldaketaz idaztea eskatu diogu Mikel Aramendi analista geopolitikoari: “Egia frogatu bakarra da egungo DST sistema hau 1973ko petrolioaren krisiak abiarazi zuela. Eta geroztik, hor dagoela”, dio besteak beste.


2019-08-08 | Jesús Rodríguez
Katalunia independentziarantz
Goia eta behea

La Directa-ko kazetari Jesús Rodríguezek azaldu du 2017ko urriaren 1ean behetik gora egin zuen borborrak 2020ko hauteskunde autonomikoetan goitik ixteko arriskua duela. Erreferenduma deitzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean emango den erantzuna gakoa izango... [+]


Eguneraketa berriak daude