ARGIA SARIAK > 2025

Urteko kanpaina onena: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da. Ekimeneko kide diren Miren Ros eta Izaskun de Miguelek jaso dute Argia Saria.

Arrazoi hauengatik jaso dute Argia Saria:

"Tekno-utopiak liluratu gintuen; 'teknologiarekin beti da hobeto' mantrak harrapatu gintuen. Eta Chromebookez bete genituen ikasgelak, eta etxeak mugikorrez; sare sozialetara engantxatu ginen; ChatGPTri galdezka ere hasi gara, eta ez ote zaigun kasik eskuz idazten ahaztu.

Baina hara non, tekno-utopiak azkenerako tekno-zalantzak ekarri dituen. Kritikoak diren ahotsak altxatzen ari dira: eskoletako digitalizazioa birpentsatzeaz mintzo dira, deskonexio digitalaren garrantziaz, interneteko eduki desegoki eta irrealez, sare sozialek eta mugikorreko aplikazio ugarik sortzen duten menpekotasunaz, adimen artifizialaren argi-ilunez… eta horrek guztiak bereziki haur eta nerabeengan dituen ondorio kaltegarriez.

Korrontearen aurka egitea ez da erraza, zer esanik ez korronteak halako indarra eta boterea duenean. Gure gaurko sarituek korronte horrekiko iritzi kritikoa sustatzea eta arnasgune bat eraikitzea lortu dute, milaka familiaren indarrak batuta".

Aurkezpen bideoa
Sarituen hitzartzea