1981ean hasi ziren emititzen Gure Irratia Milafrangatik eta Irulegiko Irratia berriz Irulegitik. Hortik hilabete batzuetara, 1982ko udan, Xiberoko Botza ere agertu zen Ipar Euskal Herriko irrati-paisaian. Antena bat tontor baten gainean kokatu, FM irrati-igorle bat eskuratu, bolondres baten etxean mikrofono pare bat entxufatu eta abiatu ziren, ahal bezala, uhinen bidez euskara zabaltzeko abenturan. Euskara eta hurbiltasuna: bertatik bertara euskaraz. Hori zuten erronka.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten. 1981ean hasi ziren emititzen Gure Irratia Milafrangatik eta Irulegiko Irratia berriz Irulegitik. Hortik hilabete batzuetara, 1982ko udan, Xiberoko Botza ere agertu zen Ipar Euskal Herriko irrati-paisaian. Antena bat tontor baten gainean kokatu, FM irrati-igorle bat eskuratu, bolondres baten etxean mikrofono pare bat entxufatu eta abiatu ziren, ahal bezala, uhinen bidez euskara zabaltzeko abenturan. Euskara eta hurbiltasuna: bertatik bertara euskaraz. Hori zuten erronka. Ments edota ameslaritzat hartuko zituzten batek baino gehiagok, are gehiago euskaltzaleak usu begi txarrez begiratuak ziren garai hartan. Eskerrak ametsari lotu eta honen gauzatzeko ausardia ukan zutela.
40 urte pasa dira. Urratsez-urrats, bide egin dute. Handitu eta profesionalizatu dira, betiere entzuleekiko hurbiltasuna bermatuz. Euskaldun ororen sukalde txokoan entzungai dira, eta lagun fidela ere dira anitzentzat. 1997an elkartu eta Euskal Irratiak federazioa osatu zuten, berantago sortuko zen Antxeta Irratia ere sarean sartuz.
Bolondresak zituzten oinarrian eta 40 urte berantago hor segitzen dute oraindik, esku-ukaldi bat emateko prest, guzien artean biziaraziz irratia. Laburbilduz: herrigintzaren ekarpen balios eta behar-beharrezkoak ditugu Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza, 1980. hamarkadan bezala gaur egun ere.
Duela 40 urte ukandako ausardia eta orduz geroztik Euskal Herriari, euskarari eta euskaraz bizi nahi dugun herritarroi egindako ekarpena saritu nahi dugu merezimenduzko sari honen bidez.