ARGIA SARIAK > 2022

Kanpaina: Pantailak Euskaraz

Ez da urtebete ere maldan behera harri koxkorra bota zutela, eta dagoeneko euskaraz bizi nahi dugun milaka herritarren belarrietara iritsi da oihartzuna. Eta garrantzitsuena: kontsentsu izugarria du gaiak, denok ados gaude.

XXI. mendean euskarak aurrera egingo badu –eta, beraz, euskaldunok komunitate gisa–, euskarazko ikus-entzunezkoak normaltasunez kontsumitu ahal izateko bideak behar ditugu. Pantaila guztietan. Ahalik eta plataforma gehienetan, etxetik hasita. Egoera oso larria da. Horren erakusle ondorengo datua: CIESen arabera, 1990. urtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haurren %70ek ETB1eko marrazki bizidunak ikusten zituzten; gaur egun, ETB3k %0,3ko pantaila kuota du. Zinemetan bezala, streaming plataforma erraldoietan hutsaren pare tratatzen gaituzte eta txarrena da, egoerak ez duela inor ere harritzen.

Milaka euskaltzaleren sentimenduei hitzak jartzeaz gain, egoera honetan ardura zuzena dutenak mugiarazteko olatua sortzen ari direlako, urteko kanpaina onenaren saria Pantailak Euskaraz ekimenari eman diogu.

“Indarrak batuz, egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburua dugu. Herritarren babesarekin erakundeak mugiaraziko ditugu!”, diote beren aurkezpenean. Ea hala den!

Aurkezpen bideoa