ARGIA SARIAK > 2022

Ikus-entzunezkoa: DAPA ikus-entzunezko narrazioak

Gaur egun inoiz baino gehiago, irudien bidez jasotzen ditugu gertuko eta urruneko historia eta istorioak. Irudi horiek zer kontatzen duten eta nola kontatzen duten, hortxe dago koska. Zer egiten dute gure inguruko artistek, zer sortzen dute, nola sortzen dute, zer pentsatzen dute? Nola ikusten dute mundua?

Ikus-entzunezko saio bilduma da DAPA, sormena du oinarri eta sormena helburu. Azpeitiko Kulturaz Kooperatibaren proiektu honek, batzuetan misterioz baina beti jakingarri, Euskal Herri luze zabalean sortzen dena erakutsi eta kontatu nahi duten pilulak eskaintzen dizkigu, artistak beraiek protagonista eta narratzaile dituztenak.

Dagoeneko bi urte bete ditu DAPAk, eta tarte honetan 27 dokumental labur argitaratu dituzte, Juan Palaciosekin hasi eta Rosa Valverderekin buka, oraingoz. Bideo labur bakoitzak du bere kontaera, soinu eta irudi unibertso propioa, mimoz zaindua. Ez baita zer kontatzen den soilik, nola kontatzen den ere garrantzitsua baita, eta horretan teknikak, narratiboak eta zinematografikoak, berebiziko garrantzia dute.

Artista horien lanak merezi duten moduan ekartzeagatik da DAPA ikus-entzunezko narrazioentzat aurtengo ikus-entzunezkoen saria.

Aurkezpen bideoa