Komunikazioaren munduan oso zaharrak dira irrati-nobelak edo antzerki-nobelak, eta XX. mendeko erdialdean milaka pertsona harrapatzen zituzten dramatizazio haiek. Orain podcastak deitzen zaizkie, ez dira berdinak, baina sustrai bertsukoak bai, eta azken urteetan lortu dute arrakasta interneteko euskarri gisa. Gaur saritzen dugun fikziozko podcast honek osagai klasiko guztiak ditu: akzioa, onak, gaiztoak, borrokak, heroiak... dena, 2103. urteko giro apokaliptikoan ondo blaitua.
Jarri kaskoak, itxi begiak eta entzulea samur eta indarrez sartuko da abentura zirraragarri honetan, itsasoaren indarra, piztien orroak edo piraten borrokak alboan gertatuko balira sentituz. Eta horixe egin dute milaka euskaldunek orain arte ateratako zortzi kapituluekin: sartu eta irentsi. Istorioak, aktoreek, gidoiak, doinuak, egiturak... horretara bultzatzen dute entzulea.
Distopia zaharra da sormenaren historian, baina sasoi batzuetan besteetan baino indartsuago ageri zaigu, eta COVID garaiak edo bizi dugun larrialdi klimatikoak indar berezia ematen diete gisa honetako lanei. Lan hau fikzioa da, ez da oraindik Euskal Artxipelagorik, baina begirada zabalduz, egia borobiletik ere badu, urak haien lurrak mendean hartuta, munduko milaka lagun ari baitira ihesi lur seguruagoen bila, tartean gurera hurbilduta.
Hamarkadak dira munduko agintariei zientzialariek lehen jakinarazpenak egin zizkietela. Ez zitzaien kasurik egin, ez zaie kasurik egiten! Artxipelagoa ere beste abisu bat gehiago gisa har daiteke edo ez... interpretazioa irekita dago, eta datozen kapituluak ere bai.