Lehenago ere esana dugu ARGIAn, aurtengo ikus-entzunezkoen sariak inflexio-puntu bat markatu du euskarazko telesailen historian. Lehen musika doinu eta irudietatik ikus-entzulea harrapatua geratzen da, sumatzen du datorrena ez dela ohikoa euskarazko telesailen sorkuntzan eta adi paratzen da aparailuaren aurrean, datorkionaren aurrean urduri ere bai akaso. Lehen kapituluak eman du ezustekoa, eta ondorengoek dotoreziaz eramaten dute aurrera ikus-entzulea, une bakoitzean hurrengoan zer gertatuko den asma ezinean.
Portua, arrantzaleak, izotza, droga, mafia usain sarkorra... nor den nor eta zer egingo duen ongi asmatu ezin den panoraman. Desagertu bat, psikologoaren terapia egiten duen Ertzaintzaren detektibea, herrikoa den polizia gazte eta misteriotsua, trapitxero txikiak eta handiak. Mendebaldeko hamaika portutan gertatutakoak, orain gurean fikzio bidez, baina errealitatetik gertu ere bai, oso gertu.
Thriller poliziako on baterako osagaiak dagoeneko hor daude, baina aurtengo ikus-entzunezkoen irabazlea harago ere badoa, telesailak autore-lan baten printzak erakusten ditu: etxe honetako kazetariak dioen gisan, ekoizpen honetan badago urdin berdekara bat, “Almandoz Kolorea”.
Telesailaren egileek portuan azaltzen duten bezala, presaka egin behar izan dute lana, arnasestuan, eta arantza hori haiekin daramatela ikus liteke haiekin egin dugun elkarrizketan. Pozik dira emaitzarekin, baina euskal sortzaileentzat duintasuna ere aldarrikatzen dute.
Horregatik guztiagatik, aurtengo ikus-entzunezkoen saria, Hondar Ahoak telesailarentzat da.