2014ko ekainean ikusi genuen lehenbizikoz. Gure Esku Dago-ren giza kateari buruzkoa zen. Mendi tontor berdea, eta koloretako figura ugari elkar helduta. “Esku bete itxaropen”, zioen goiburuak. Bost urte baino gehiago pasa dira ordutik, baina bereizgarri duen ukitu freskoari ederki eusten diote, barnealdeko sakontasunaren erakusleiho. Astekoa egunerokoan. Ez espero bezperako irudirik ikustea… Zer edo zer gehiago ekartzen saiatzen dira, argazki bat oinarri batzuetan, kontzeptualagoak besteetan, bizpahiru segundoan harrapatzeko modukoak denak. “Ideiak zerbait soila izan behar duelako, garbia”… egileek inoiz azaldu dutenez. “Saiatzen gara lehenengo kolpean irudi zuzen bat edo gauza sinple bat transmititzen, jolas bat egiten irakurlearekin”, diote. Baita lortu ere.