ARGIA SARIAK > 2020

Kronika | Mikel Garmendia sukaldariarekin zikloez, Felix Sarasolaz eta Argia Sariez

Itsaso Zubiriaren kronika.

Ez nuen sekula Felix Sarasolarekin elkarrizketa bat izateko tarterik eduki. Ez, behintzat, elkarrizketa heldu bat. Elkarrizketa heldua diot, uste baitut umetan behin edo behin Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean topo egin genuela berarekin; baina gu ume ginen eta helduen konbertsazioa gure aurrekoekin izango zuen. Badut Felixi bere hitzak, bere esaldi batzuk lapurtu eta komunitateari eskaintzen diogun orrialde hau idazteko tartea hartu ez izanaren arantza txiki bat. Maitea baitzen Argiako lagunentzat Felix. Berezi egin zituen Argiako lantaldearen makina bat otordu eta hamaika Argia Sari, Txartel, Txitxardin Beltxa eta Usurbilgo Atxega jatetxeetan.

Bukatu zen Felixen zikloa. Baina egon gara ziklo hori berarekin partekatu zuen lagunarekin. Mikel Garmendia, Atxega Jauregiko sukaldaria bera. Iragan azaroan egin ditu hogei urte Usurbilgo jatetxean eta tokatu zitzaion Sarasolarekin lan egitea. Galdetu diot, ea nola bizi dituen berak sari hauek, zer den Felixek transmititu ziona. “Herentzia bat utzi zidan Felixek”, azaldu du, “harentzat Argiak bazuen zerbait berezia, oso maitea zuen eta asko baloratzen zuen”, dio. Atxega Jauregia hartu zuenean proposatu zien langileei Argia Sarietan bazkaria bertan egitea, Oriako Txitxardinetik Usurbilgo Atxegara pasaz. Bigarren honetan ezagutu zituen Mikel Garmendiak kazetaritza sari hauek. Baina aurten du azkena Mikelek. Bukatu du bere sukaldari zikloa, hamalau urtetatik berrogeita hamaseira arte bizimodu izan duena. Jabe berriak daude jatetxean, baina 2020ko Argia Sarietan laguntzeko prest agertu da, esku bat bota du, bere azken sarietan parte izan da.

“Seme bakarra dut eta ireki berri du negozio txiki bat Donostian”, erantzun dio kazetariari, galdetu dioenean ea zein den lapikoetatik urruntzearen arrazoia. “Lehen berarekin pasa ezin izan dudan denbora orain aprobetxatu nahi dut, nire azken lan-urteak berari lagunduz pasaz”, jarraitu du.

Zer diren bizitzaren zikloak. Ohitura daukagu pasatako garaiak nostalgiaz oroitzeko, bueltatuko ez direnaren penaz. Guk nahiago dugu pozez gogoratu nor izan ditugun ziklo bakoitzean bidelagun.

Aurkezpen bideoa