ARGIA SARIAK > 2020

Kanpaina: Apustu etxe eta joko aretoen aurkako mugimenduak

Euskal Herrian sakon errotutako ohitura dela diote. Ongi pasaraztea besterik ez duela helburu. Zinemara edo kontzertu batera joatearen parekoa dela, dirua produktu baten truke. Truke horretan irabazi ala galdu egingo dugun, beste kontu bat da. Kontuak egiten dituztenek ederki dakite hori. Norbaitek behar du galdu, eurek irabazteko. Telefono mugikorrak dituzte aliatu, eta zabaldu dituzten dozenaka aretoak gotorleku. Beste edozein denbora-pasa bezalakoa omen da. Zilegia erabat.

Hainbat kolektibok, ordea, ez diote amuari kosk egin, eta herriz herri, auzoz auzo antolatuta, euren ezinegona kalera atera dute, Gasteizen, Azpeitian, Bilbon, Iruñean… Herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte, eta administrazioa urratsak ematera behartu. Esaerak dioen bezala, “ez delako errenta”.