2016ko urriaren 15ean sortu zen zurrunbiloa, goizaldeko bostak aldera. Ondoren etorri dena deskribatzea ez da samurra. Egun hartakoengatik preso dauzkate zazpi gazte. 800 egun. 800 egun baino gehiago jada. Denbora horretan guztian, bertsio ofizialaren belztasuna urratzea helburu, euren hurbilekoek argira atera dituzte aferaren inguruko datuak, testigantzak, bideoak, argazkiak… Eta antolatu dituzte egoeraren larria salatzeko erakusketak, mintzaldiak, mobilizazioak… Pasa den apirilean 85.000 lagun bildu zituzten Iruñean, Nafarroan oso aspaldi egin den manifestaziorik handienean. Herritik sortutako elkartasun eta justizia aldarria, jende ugarik bere egin duena lau haizeetara.