ARGIA SARIAK > 2019

Ikus-entzunezkoa: 'gurean' dokumentala

Sokamuturrean alde batetik bestera korrika ari diren bigantxak, lepotik zintzilik dirauten antzarak, ume andanaren aurretik ihesean doazen txerrikumeak, deman ari diren zaldi eta idiak… Edozein herritako irudiak dira, jaien, tradizioaren eta dibertsioaren aitzakian animaliek jasaten duten tratuaren isla. Baina dibertsiotik gutxi dute, eta asko dute sufrimendutik, ezinegonetik, indarkeriatik… Halako eszenak grabatu, bildu eta dokumentala osatu dute aurtengo sarituek. Beraien hitzetan, irudi horietan “ez dago indarkeria espliziturik, ez odolik, ez garrasirik. Baina animalia horietako bakoitzak aske izateko duen nahia urratzen dugu, gure dibertsiorako”.