Ez da urtebete ere pasa Harmaila kiroletako euskal komunikabideak sarean ateak ireki zituenik, eta prentsa idatzian lehen aldizkaria argitaratua du dagoeneko. Lasai, patxadaz irakurtzeko kirol-prentsa egitea dute helburu, “egunerokotasuneko albisteetatik eta betiko jokoetatik pixka bat aldendu eta kirola aztertzea da Harmailaren xedea”, dio Eñaut Barandiaranek, hiru editoreetako batek. Euskara hutsean. Kirola eta euskara uztartzen dituen euskarri baten beharra ikusi dutelako egin dute proiektu honetara salto.
Kirola patxadaz aztertzeak ematen die beste begi batzuekin begiratzeko aukera. Kirola berdintasunean lantzeko eskatu nahi diote harmailari, futbolaz edo esku-pilotaz gain beste hainbat kirol ere ezagutarazi. Eta papereko lehen zenbaki horretako editorialean adierazten duen moduan “kirola politikarekin nahasian” egon ohi dela diote, batez ere profesional-mailan oso kritikagarriak diren zenbait jarrera badirela, baina plazaratu nahi dituztela, baita ere, kirolak dituen eta gizartearentzat baliagarri diren beste balore batzuk.