ARGIA SARIAK > 2017

Estitxu Eizagirre: "Gora ezberdinen arteko harreman askeak!"

Arratsalde on, denoi!

Nori ez zaio gustatzen besteren hitz goxoak jasotzea, txaloak aditzea, loreak, lausenguak, losintxak hartzea? baina beharrezkoena, barrutik datorkigun autoestimua da, egin behar zena egin dugunaren kontzientzia. Barruko asebetetasun horrek egiten gaitu indartsu. Kanpoko loreen bila eraikitzen ditugun harremanek menpeko eta ahul egiten gaituzte.

Gero eta gehiago eta gero eta gazteagoak

ARGIAn barruko indar hori bizitzen ari gara azken bi urteetan, gero eta ARGIA jende gehiago garelako. Eta kide horiengandik, alegia, barrutik, jasotzen ari garelako azken urteetan estimua. Hauxe da azken aldian ARGIA jendeek, barrutik baloratzen digutena, esaten digutena: "kazetaritza independentea egiten duelako naiz ARGIAkoa. Gauzak beste era batera egiten dituelako".

Gero eta kide gehiago gara. Eta espero dugu hau joera baten hasiera besterik ez izatea. Eta gero eta gazteagoak ere bagara. Azken urteetan ARGIAkoak egin direnen gehiengoa, oso gazteak baitira. Gazteak konpromiso ekonomikoak hartzen ari dira komunikazio proiektu independente honetan.

Konfiantza eta elkartasuna

Proiektura kide gehiago batzeko, egokitu edo gaurkotu egin dugu ARGIAkoa izateko modua. Oso xinplea da formula: eman nahi edo ahal duzuna, eta hartu egoki ikusten duzuna. Harreman honetan, hain xinple azaltzen dena, bi oinarri daude: konfiantza eta elkartasuna. Elkartasuna bai, eta ez karidade kristaua, gutxiago dutenak errukiz eta bigarren mailakotzat begiratzen dituen karidade hori.

Konfiantza eta elkartasuna jarri dugu aurretik egin dugun proposamen berri honetan eta zer jaso dugu bueltan herritarrengandik? Ba konfiantza eta elkartasuna. Jendeak ariketa egin du, ARGIA proiektua baloratzekoa, eta horren arabera erabaki du zenbateko ekarpena egin (noski, bakoitzak bere ahalen barruan) . Batzuek eta besteek egin duten diru ekarpena zenbatzen badugu eta batzuek eta besteek ARGIAtik hartzen dutenarekin alderatzen badugu (alegia, batzuek astekaria eta Larrun, besteek internet soilik, besteek dena...), esaten dugu konfiantza eta elkartasuna jaso ditugula. Denek egindako eman eta hartu horren balantzea ekonomikoki positiboa dela, jendeak eusten duela jendea. Baina zenbakiak ez dira balio bakarra ARGIAn, eta polita da ikustea egiten dugun euskarri bakoitzak baduela bere publikoa. ARGIAkoak egin diren horietako askok astekaria jaso nahi dutela, Larrun hilabetekaria soilik jaso nahi dutenak ere badirela... "Internetekin papera akabo!" zioten guruen promesa ez dela betetzen ari, oraingoz, ARGIAn.

Neoliberalismotik at

Kide berri batek ideia gako hau idatzi digu: "ARGIAkoa egin naiz egiten duzuen lanagatik... eta egiteko daukazuen guztiagatik!". Ederra, inbertsioaren ikuspegi hori. Zer garbi adierazi digun ARGIA proiektu bat dela. Formula berri honekin prezioa kendu diogu proiektuari, kanpaina berezi bat egin dugu eta ideiak argi azaltzen saiatu gara, baina sakonean ARGIAkoa egiteko arrazoia ez da aldatu ia ehun urteotan: Proiektu bat eustea. Hori da arrazoia, eta ez "produktu" bat erostea. "Produktu", "bezero", "erosi", "prezio"... horiek merkatuaren logikako hitzak eta harremanak ulertzeko moduak dira.

ARGIAk hainbeste urtean eutsi badio eta eutsiko badio, merkatu kapitalistatik kanpoko harremanei eta logikei esker da. Bai, konpetentzia, dirua eta boterea metatzea eta kontsumo aseezina txapeldun nagusi dira gaurko munduan, baina dena ezin da neoliberalismotik ulertu, badira bestelako errealitateak. ARGIA da horietako bat. ARGIAn bakoitzak bere modura egiten dio proiektuari ekarpena. Beti ez da diruz egiten ekarpen hori, eta aldiz, dirutan ordaindu ezingo genukeen tamainakoa da. Adibidez, ARGIAk ez du sustapen kanpaina indartsua egiteko dirurik, baina ARGIA jendeak sare sozialetan zabaltzen dituzten mezuei esker lortzen dugu kanpaina indartsuak egitea. Edo esaterako, gaur bereziki aipatu nahi dugu Atxega jatetxe honetako nagusia den Mikel Garmendiaren ekarpena, urtero bazkari hau eskaintzen baitigu ARGIAren alde. Bistakoa da ARGIAk dirutan ezin duela ordaindu, beraz, ateratzen diguten dena janda adierazten diogu gure esker ona. Txalo bero bat ARGIAri era batera edo bestera ekarpena egiten dioten guztiei.

Akordioen Aroan, harreman askeak

Barruko indar eta konfiantza horrekin eraiki nahi ditu ARGIAk ingurukoekiko, besteekiko, harremanak. Harreman askeak, errespetuzkoak, konfiantzazkoak, elkartasunezko harremanak. Hau oso erraza egiten zaigu oinarri, balio, egiteko modu antzekoak ditugun eragileen artean. Euskal Herrian gertatzen ari da azken urteetan eremu ezberdinetakoak izanagatik balioak partekatzen dituzten eragile, herri mugimendu, proiektuen arteko uztarketa. Horren erakusgarri dira jantoki honetako mahaiak, alegia, ARGIA Sarietako gonbidatuen perfila gero eta anitzagoa da: garai batean euskalgintza zegoen ordezkatua, eta egun, hemen elkartzen gara euskalgintza, kultura, feminismo, ingurumena, justizia sozial, politika eta ekonomia sozialeko eragileak. Balio batzuen gainean sintonian gaudenak.

Eta barruko indar eta konfiantzan oinarrituta, nolako harremanak eraiki nahi ditugu juxtu ARGIAren oso bestelako oinarriak, balioak eta egiteko moduak dituzten erakunde eta eragileekin? Ba gardenak eta errespetuzkoak. Desio dugu asmatuko dugula bakoitzak bestea den bezala onartzen, errespetatzen eta baloratzen. Asmatuko dugula harreman sanoak izaten.

Balio eta oinarri ezberdineko jendearen arteko harremanez ari garela, mundua ez dakit, baina Euskal Herria kontsentsura doa. Dena da kontsentsua orain. Akordioa. Ituna. Edonori eskua ematea. Eta Euskal Herriko korronte nagusi horretan izokin bat dirudi, beste behin, ARGIAk. Gizarte eredua, mundu mailako ekonomia... hainbesteko aldaketak jokoan daudenean, badirudi balio nagusia eta helburua akordioa dela, adostasuna. Eta ARGIAn, aldiz, bai egiten dugun kazetaritza lanetan eta bai beste eragileekin ditugun harremanetan, juxtu aldaketen garai honetan gehien baloratzen duguna eztabaida da, dialektika, ereduen konfrontazioa, bestelako gizarte batera garamatzaten praktikak lantzea, gehiengoaren alde ari diren gutxiengoen ahotsak, bakoitza diferente izatea eta bakoitzak izateko eta egiteko modu diferente horri eustea...

Horrela eraiki nahi ditugu harremanak oinarri, balio eta egiteko modu ezberdinak ditugun erakundeen artean: bakoitzak bere helburuak argi adieraziz, garden hitz eginez eta elkarrekiko errespetuz. Asmatu dezagula elkarri jarrera irekiz entzuten, norberaren bidean sortu daitezkeen elkarlan edo akordio aukerak baliatzeko, baina norberak gardenki bere helburuei, bere izaerari, bere oinarri eta egiteko moduei eutsita eta bestearenak gardenki ezagututa. Akordioa? Akordioa abiapuntua da, ez helburua. Gora ezberdin egiten gaituzten ezaugarriak, eta gora ezberdinen arteko harreman askeak!

Aurkezpen bideoa