ARGIA SARIAK > 2016

Prentsa: Joxerra Senar

Gizartea ekonomiari begira jarri den garaiotan, ekonomia kazetaritza era ulergarrian egitea ezinbestekoa da. “Nafarroako Kutxaren hondamendia, Volkswagenen BEZaren afera edo beste hainbat gertaera modu ulergarrian eta argigarrian azaltzea da iparrorratza”, dio Joxerra Senar Berria egunkariko ekonomia kazetariak. Krisi aurretik ere gaiok modu “erakargarri eta pedagogikoan” lantzen saiatzen ziren eta horrek trebatu eta esperientzia hartzen lagundu die.

Krisiak enpresa eta erakundeen barruko gertaerei begira jarri du, besteak beste, kazetaritza. Ildo horretan CAN: Eta hemen ez da ezer gertatu liburua argitaratu zuen iaz Senarrek. Ikerketa kazetaritza mota horrek “borondate hutsetik haragoko zerbait eskatzen du. Nafarroako Kutxaren kasuan benetan zer gertatu zen jakiteko irrika nuen eta ELAk liburua idazteko proposamena egin zidanean aukera baliatu nuen. Inportantea da babes hori izatea, zure kabuz egitea ez delako batere erraza: zure lanarekin uztartu behar duzu eta denbora astialditik atera”. Hala ere, jendeak ikusmina baduela, “eta euskaraz, apurka” ari direla kazetaritza liburuak ateratzen dio.

Hemen albistearen lotura