“Urte askoren ondoren ETB1ek programazio osatua” izatea nabarmendu du Kike Amonarrizek, eta horretan Tribuaren berbak lekua izatearekin “pozik” agertu da, euskararen inguruko jakin-mina asetzen saiatzen baita astero. Lehen saioetan, euskarak munduko hizkuntzen artean duen lekua edo Lapuebla de Labarcako lehen euskaldun zaharra nor den aztertu du modu dinamiko, argi, jostari eta entretenigarrian.
Sorreratik nahi izan zuten publiko guztiengana iritsiko zen programa, horregatik, informazioa emateko adituen esanak eta bizipenak kontatzeko herritarren iritziak konbinatu dituzte. “Tribuak hitz egiten du, ez gara ari diagnosi hotzen inguruan, ez teoriaren inguruan, ari gara hizkuntzaren bizipenari buruz eta uste dut euskarak, zorionez, gure herrian emozio on asko sortzen dituela, indar soziala duela, sekulako atxikipena duela eta tribuaren kezka eta ilusioetako bat dela”, dio Amonarrizek. Euskararen egoera ona ez dela jakin arren,neurri batean, itxaropentsua eta indartsua dela nabarmendu nahi izan dute saioan.
Euskaraz ez ezik, honelako saio batek gaztelaniaz ere lekua izango lukeela uste du Amonarrizek: “Interesgarria litzateke horrelako programa bat erderaz ere egitea baina ezingo luke izan honen itzulpen zuzena”.
"Euskaraz bizitzearen ertz guztiak leuntzen saiatzen da hizkuntz jarrera positiboa sustatuz eta askotan euskarari buruz ezagutzen ez genituen kontuak plazaratzen ditu", aipatu du epaimahaiak saria ematean. "ETBren denboraldi berriko sorpresa politenetako bat izan da".