ARGIA SARIAK > 2014

Publizitatea: Errigora

 Gure herriko bi oinarri lotu ditu Errigora ekimenak: laborantza eta euskara. Eta horrekin batera, herritar ugariren ilusioa, elkartasuna eta parte hartzeko gogoa.

Antzeko egitasmo bat abiapuntu, ekimenari forma eman eta 2013ko udazkenean egin zuen Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko lehen kanpaina. Errigorako Peru Aranburu eta Xabier Gojenolaren esanetan, produktu-sorta ugari saldu zituzten, herritar askoren laguntzari esker: “Saskien banaketan jende pila inplikatu da, kutxak muntatzen, komunikazio lana egiten; bitarteko urriko ekimena izan arren, jendearen parte-hartzeak eman dio izan duen arrakasta”.

Saldutakoaren diru zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza bultzatzeko izango da, han ez baitago bermatuta euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea. Zentzu horretan, “ekimen honek erakutsi du Euskal Herrian dauden errealitate ezberdinei, kasu honetan Nafarroa hegoaldekoari, herri bezala erantzuteko aukera badagoela”.

"Arrakastatsua izan da kanpaina jende askorengana iritsi da eta ez ditu baliabide garestiak behar izan", adierazi du epaimahaiak.

Aurkezpen bideoa