ARGIA SARIAK > 2014

Prentsa: Maite Asensio Lozano

 Berria egunkarian gizarte gaiak lantzerakoan, aintzat izan ohi du gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Maite Asensiok, genero ikuspegia duen kazetaritza hobea dela sinesten baitu. “Kazetaritzaren funtzioa bada arazoen erroetara joz informatzea, genero ikuspegia txertatzeak azalpen hobeak emateko aukera eskaintzen digu, hainbat gatazkatan sekulako eragina duelako generoak”.

Epaimahaiak ondorengoa nabarmendu du: "gizarte gaiak lantzerakoan sentsibilitate bereziarekin aritzen da eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari garrantzi handia ematen die. Ikuspegi feminista kazetaritza hobea egiteko ezinbesteko tresna dela erakutsi du".

Kazetaritza feminista indartzen doa eta Asensiok “luxutzat” du egunkari generalista batean horrelako gaiak askatasunez jorratu ahal izatea. “Egunkariotan bi joera daude: albisteak oso ikuspegi androzentrikotik ematen ditugu, askotan emakume batengan izango duen ondorioa kontuan hartu gabe, eta bestalde, erreportaje zabalagoak egiten dira gaiak hobeto lantzeko. Krisiarekin, baina, espezializazioa galtzen ari da”.

Horregatik, Berriak egindako apustua aitortzen du: “Saiatzen ari gara genero gaiak txukun lantzen erreportajeetan baina baita eguneroko albisteetan ere, batez ere, genero indarkeriaren ondorioz hilketa bat dagoenean, ikuspegi politikoa ere sartu eta azalduz zergatik hil duen emakume bat gizon batek, botere harremana zegoela, eta abar”.

Aurkezpen bideoa