ARGIA SARIAK > 2014

Irratia: Eider Olazar Elduaien

 Eguneko berri nagusien ondoren, gaurkotasuna zorroztasunez ezagutzeko aukera dute Info7ko entzuleek goizero Kale Gorrian irratsaioan. Eta horretarako prest izaten da mikrofonoaren bestaldean Eider Olazar, kolaboratzaile sare handi batekin. Hain zuzen ere, hauen ekarpena azpimarratu du Olazarrek, jasotako saria kolektiboa dela adieraztean.

"Gizarte gaiak, gai kulturalak lantzen ditu zorroztasunez, ondo komunikatuz eta mundu guztiaren ahotan dabilenaz gain inor gutxik lehen planora ekartzen dituenei protagonismoa emanez", adierazi du epaimahaiak.

Info7 baliabide ekonomiko mugatua duen hedabidea izaki, ezinbesteko lagun ditu teknologia berriak, eta sare sozialetan “erreferentzialtasuna” hartzen ari dela dio Olazarrek: 7.000 jarraitzaile ditu Twitterren eta 5.000 Facebooken. “Teknologia berrien bidez ahalik eta aukera gehien zabaltzea da gure apustuetako bat”.

Gainera, Kale Gorrian protagonista izan daitezkeen horiengana heltzeko bidea ireki dute sare sozialek: “Bestela zaila izango litzateke jende askorengana heltzea eta ahots ezberdinak biltzea lortzen da”.

Aurkezpen bideoa