ARGIA SARIAK > 2011

Kronika | Alabastroak urrea balio du euskal komunikazioan

Gure jauregian txanpon ugari ez duzu aurkituko, baina bai urrea balio duten alabastrozko sariak. Gure jauregia txikia da, baina ez du dar-dar egiten trumoiak jotzen duenean. Gurean, kanpoan hotza denean, epeltasuna dakar barruko suak. Ogi goxoa jango duzu gure jauregian, Antton Mendizabal eskultoreak labetik atera berria.

Atxega jauregian izan da aurten Argia Sarien ospakizuna, Usurbilen. Ohikoa den bezala, bazkal aurreko lunch txikian mingaina dantzatzeko aukera izan zuen nahi zuenak; ondoren, mahai borobil dotoreetan eseri, eta otordu goxoaz gozatu zuten gonbidatu guztiek. Denetariko berriketaldiak izan ziren: Tabakoaren Legea, aurreko eguneko greba, egoera politikoa, lehendakariak euskarari buruz esandakoak...

Postre eta kafearen bueltan, Olatz Korta Argiako kideak hasiera eman zion sari banaketari. Ordurako, argazkilariak, irrati esatariak, telebista kamerak, denak prest ziren sekretua bizkor aireratzeko. Aurretik ordea, Xabier Letona zuzendariak euskal hedabide ez publikoek jasaten duten egoeraren analisi zorrotza egin zuen (hitzaldia 41. orrialdean), eta egoera horri elkarrekin erantzungo zutela iragarri. Irakurleak Argiaren zenbaki honen hasieran aurkituko du hedabideok modu bateratuan argitaratutako editoriala, gure iritzia adieraziz.

Eta ondoren, hurrenez hurren, sariak banatu zituzten Argiako lankideek. Ahotsak.com-eko Asier Sarasuak eskerrak eman zizkien erakundeei proiektua finantzatzeagatik, baina batez ere euren ahozko lekukotasuna eskaini duten “3.014 hizlariei, proiektua guztiona delako”. Gaztezulo aldizkariak esan zuen saria garrantzitsua dela aurrera begirako lanean “hauspoa” izango delako: “Iaz hamar urte bete zituen gure aldizkariak, ez zen urte erraza izan, ez gara engainatuko: zailtasun ekonomikoak izan genituen, murrizketak tarteko. Baina nolabait lortu dugu gure helburuak betetzea eta sari honek hamar urteko zikloa borobiltzen du” esan zuen Igone Fernandezek. Nik ere euskaraz publizitate kanpainarengatik jaso du Donostiako Udalak Argia Saria. Bertako ordezkari Ainhoa Beolak eskerrak eman zizkien ekimenean parte hartu duten 14.000 laguni: “Oraindik batzuei gogorarazi behar zaie, 14.000 ez, askoz gehiago garela euskaraz bizi nahi dugunak”. Orain telebista saioko Natxo Escobarrek azaldu zuen txarrak direla hizketan eta horregatik “irudia jarri nahi genion ondo hitz egiten duen jendeari, zerbait esateko duenari”, hori da saioaren funtsa. Bukatzeko, Fermin Etxegoienek, Ekaitz Perfektua irratsaioko gidariak, Gaztea-ko zuzendariak eskertu zituen batez ere: “Irrati komertzialean formula honetan sinetsi dutelako. Ekaitz Perfektua hori baita, musika guztiak batera ordubetean”.

Hala, Aitor Furundarenaren soinuak agurtu zituen 2011ko Argia Sariak, euskal komunikazioaren altxor txikia.

Aurkezpen bideoa