(Itxaro Bordak, Prentsako sariaren irabazleak, ezin izan zuen ekitaldira agertu, baina saria eman ondorengo bere inpresioak bideoz jarraitu ahal izan zituzten bertara joandakoek)
Literaturaren ingurumarian Itxaro Bordak (Baiona, 1959) egindako lanak ezagunak zaizkigu. Bere langintzaren atal hori prentsan publikatutakoarekin uztartu izan du idazleak betidanik. Betidanik idatzi izan baitu astekari, hilabetekari edota egunkarietan, izan ARGIAn, izan Berrian... Hain zuzen, azken hedabide honetan egunero argitaratzen duen zutabetxoari erreparatu diogu prentsa idatziaren Argia Saria emateko. Bere iritziak luma zorrotzez eskribitzen baititu, erreferentzia originalak eskaintzen ditu, modu askea erabiliz eta hizkuntza birsortuz. Galdetu diogu egunerokotasunak zer ekartzen dion: “Egunero mirakulu bat gertatzen da, plazer bat da. Batzuetan gaiak aurkitzea zaila zait, baina beti ateratzen da zerbait”. Bere esanetan, gaiak aurkitu behar horrek, iritzia azaldu behar horrek, “hurbiltasuna” ematen dio gertakariekin eta halako “permakortasun” bat norberaren bizitzari buruz. Honela esan digu baionarrak: “Lagun batek erraiten zidan, beti horrela idatziz norberaren bizia instrumentalizatzen zela, eta uste dut arrazoi zuela. Hori baikorra da enetzat bederen”.
Harriduraz hartu du saria, berak ez baitu idazten sariak irabazteko “ikusiz zein lekutik idazten dudan, bereziki Iparraldetik” dio Bordak. Hala ere, plaza librean, ARGIA eskertu nahi izan du, bai eta bere zutabea irakurtzen duten euskal herritarrak ere. Hala nola, alaba eta neskalaguna, idazten duenean bere “ezinegona nekez jasaten” dutelako.