Hogeita hemezortzi urte daramatzate Xabier Otaegi, Jose Ignazio Ansorena eta Txema Vitoriak pailazoarena egiten. Hasieran Kixki Mixki eta Kaxkamelon eta gero, Txirri Mirri eta Txiribiton izenarekin. Kasualitatez hasi zirela kontatu diote Argiari, euskararen arloan umeei begirako ezer ez zegoelako, “basamortua” baizik. Euskara sustatzea eta bultzatzea zen giltza, eta lortu dute gaur arte zeregin horretan aritzea, haurrak eta ez hain haurrak umorearekin, bihurrikeriekin eta bromekin euskarara ekartzea.
Hain justu, 25 urte pasa dira euskal telebistan lehen aldiz agertu zirenetik, Don don kikilikon saioan, eta duela gutxi ospatu dituzte zilarrezko eztei horiek beren kolaboratzaile ugariren artean. Ez zen nolanahiko pausoa izan 1984 hartan eman zutena, ETB oraindik pixoihala jantzita zuela zebilen, baina hala ere ausartu ziren ordubeteko saioa egitera. Horregatik guztiagatik, merezi dutelako, Argia Sarietako bat hirukote honentzat izan da aurten.