Berria egunkaria hurbildu zitzaion Iñigo Aranbarriri Hizlandia izena hartuko zuen atala igandero egingo zuen galdezka. Baietz erantzun zion idazleak gonbitari, jakin gabe atalaren eboluzioa nolakoa izango zen: «Hasi bai, baina lehenengo lau astetan gai denak agortu izan banitu zer?». Ez da hala gertatu eta bere bidea egin du atal berezi honetan. Berezia diogu Aranbarrik esan duen moduan, Espainian ere gutxi lantzen den estiloa delako. El Paísek du Irakurlearen defendatzailea izeneko atala eta beste egunkari gutxi batzuetan lantzen dute antzeko estiloa.
Berria egunkarikoek etxeko adibideak hartu eta lantzeko eskatu zioten eta askotan hala egiten du Aranbarrik. Hizkuntza eta kazetaritzarekin jokatzen du, kontu gramatikalak albo batera utziz. Kazetariok (irratiz, telebistaz, idatziz) aukeratzen ditugun hitzak, titularrak, albisteak egiteko moldeak zergatik hautatzen ditugun aztertzen du edo bederen galdetu. Adibidez, elurtea zela-eta Burgoseko bidean 400 kamioilari eta 500 marokoar geratu omen ziren ez atzera ez aurrera. Zergatik erabili du kazetariak marokoar hitza? Zer dago horren atzean? Zirikatzaile lana egiten du Aranbarrik. Autokritikarako balio omen die Berriako kazetariei eta eztabaidarako bide ematen die Aranbarriren lanak behin baino gehiagotan. Iganderoko Hizlandian noiz arte jarraitzeko asmoa duen galdetu diogu eta hara erantzuna: «Uda arte behintzat jarraitu egin beharko, saria eman didazue eta...».