Publis agentzia, txapela kentzeko modukoa
Publis publizitate agentzia EITBren irudi korporatiboaren arduraduna da duela hiru urtetik. Denbora tarte horretan hainbat lan egin du euskal komunikazio taldearentzat, baina ziur gehien ezagutzen dena iaz diseinatutako kanpaina dela. Nork ez du barre egin aiton-amonen aurrean, Euskal Herriko txokoren bateko baserri batean, txapela atzekoz aurrera jartzen duen gaztearen iragarkiarekin?
Publis agentziak sortu eta garatu zuen kanpaina hori EITBrentzat, azken honen euskarazko programazioaren irudia indarberritzeko helburuz. «Zabal zabalik» da kanpainaren leloa eta igorri nahi den mezua konplexua izan arren, modu erakargarri eta sinplean ematea lortu dute: euskara bizirik dagoen hizkuntza da eta euskaldunak garai berrietara egokitzeko prestatuak gaude.
«Zabal zabalik» kanpainan lehena, oraina eta geroa uztartzea lortu dute, euskaldunon ohiturak mundu zabaleko testuinguruan kokatuz.
Pedro Esnaola Publis agentziako arduradunak dioenez, «inoiz ez dakizu zer nolako erantzuna izango duen kanpaina batek, baina argi dago jendeak ulertu duela, gustatu zaiola eta gainera barre egin duela eta horixe zen lortu nahi genuena, jendearen arreta».