ARGIA SARIAK > 2003

Irratia: Lauretan Babel

«Lauretan Babel» saioa, egindako bidearen emaitza

Asteartetik ostiralera, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara, edukiz betetako magazina emititzen du Euskadi Irratiak. Susana Mujika, Esther Aizpurua, Nagore Telleria eta Lore Unanuek osatzen dute «Lauretan Babel» saioko ekipoa. Baina horretaz gain, 10-15 kolaboratzaileren laguntza ere badute, «bestela ezinezkoa litzateke horrelako saio bat aurrera ateratzea», dio Estherrek.

Saioa 1999ko urriaren 4an hasi zuten eta harrezkero ez da etenik izan. Horrek ez du esan nahi, ordea, aldaketarik izan ez denik. Alde batetik, lan taldea bera aldatu egin da. Susana eta Nagore hasieratik daude, baina Esther 2000. urtean iritsi zen eta Lore, berriz, 2001ean. Bestalde, edukiei dagokionez saioak garapen bat izan du. Estherrek argitutakoaren arabera, «orain hasieran baino kutsu informatiboagoa du». Baina oraindik badute arantzatxo txiki bat bihotzean kateatua, jendearen parte hartze zuzena eta berehalakoa lortzea, hain zuzen ere. Horregatik saioaren hasieran entzuleekin harremanetan jartzeko jolas txiki bat egiten dute.

Edonola ere, egindako bidearekin gustura daudela diote, egokia izan baita eta jasotako sariek ere hori adierazten dutela diote. Iazko abenduan «Lauretan Babel» saioak Iparragirre saria ere jaso zuen.