ARGIA SARIAK > 2002

Komunikazioa saritu da

Eguerdiko ordu biak baino lehenago hasi ziren gonbidatuak hurbiltzen Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxera. Laxaro Azkune Herri Irratiko esatariak heldu eta segituan esan zuen moduan: "Aurtengoak ez du iazkoaren antzik. Iaz sekulako euri jasa bota zuen". Eguraldi eguzkitsua eta haize epelaren laguntzarekin 140tik gora gonbidatuk bazkal aurreko mokadutxoari heldu zion.

Behin bazkaritarako eserita, Joxe Mari Irazusta Komunikazio Biziagoa enpresako lehendakariak ongi etorria eman zien gonbidatuei. Postrea mahaian zela sariak banatzeko ordua iritsi zela ohartarazi ziguten eta Ixabel Bereziartuak Administrazio Kontseiluaren izenean azken hilabeteotan Garako eta Euskaldunon Egunkariako zuzendariek eta Ttipi Ttapako kazetari batek eta Ekaitzak jasandako erasoak gogorarazi zituen eta hainbat komunikabidetako ordezkariek jasandako atentatuak direla-eta elkartasuna adierazi zien.

Ondoren, begiak zabal-zabal egindako 142 gonbidatuak saridunak zein ziren jakiteko prest ziren. Sei sari banatu ziren: Irratia Saria, Pantzo Hirigarayrentzat, Publizitatea Saria BBKrentzat, Telebista Saria Anjel Alkainentzat, Prentsa idatzia Saria Goienkariarentzat, Internet Saria, Zientzia.net-entzat eta Merezimenduzko Saria Bertsozale Elkartearentzat. Sei saridunei Antton Mendizabal eskultoreak egindako sari sinbolikoak eman zitzaizkien. Imanol Lazkanok jaso zuen Bertsozale Elkartearen izenean eskainitako saria eta hunkituta, nola ez, bertso bat abestuz amaitu zuen 2002ko Argia Sarien banaketa. Batzuk oraindik laranjazko izozkia jaten ari zirela eta besteak jada kafea zurrutaka edaten ari zirela, gonbidatu berezi batek mahaitik haserre altxa eta zazpigarren saria banatu gabe geratu zela gogorarazi zigun. Xexilio zen, Aita Iturbe, Athleticeko kapelaua. Gonbidatuen berriketak barre bihurtu ziren hortik aurrera Ramon Irizar Elvi sabel-hiztunaren eskutik.